euskaraespañol

«Europa ez da bukatuta dagoen proiektua»

Ikasle eta irakasleek europar enbaxadetako ordezkariekin eztabaidatu zituzten EBri eragiten dioten arazo garrantzitsuenak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/10

Irudia

Bizkaia Aretoak hartu zuen asteartean, ekainaren 7an, Europar Batzordeko ordezkari diplomatikoen topaketa. Bertan, Madrilen akreditatutako hogei enbaxadatako ordezkariak, Herbeheretako enbaxadore Matthijs Van Bozel buru zutela, Mikel Antón, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaien zuzendaria, eta UPV/EHU eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak, Iñaki Goirizelaia eta José María Guibert, hurrenez hurren, aipatu unibertsitateetako irakasle eta ikasleekin elkarrizketan aritu ziren. Ikasleak nazioarteko harremanekin, diplomaziarekin eta zuzenbidearekin zerikusia duten gradu eta masterretakoak dira. Ordu bete pasatxo iraun zuen bileran gori dauden Europako gaurkotasun gaiak eztabaidatu zituzten: errefuxiatuen krisia eta ‘Brexit'-a, Europar Batasunetik Britainia Handiaren irtete posiblea.

Antónek azaldu zuenez, Herbeheretako enbaxadore den Matthijs Van Bozel izan zen "unibertsitateekin hartu-emana izateko mahai-ingurua egin nahi izan zuena". Batzarra Lehendakaritzak eta EHUgunek antolatu zuten, UPV/EHU eta gizartearen arteko foroa.

Gaian sartuta, Herbeheretako enbaxadoreak "Europa ez da bukatuta dagoen proiektua eta haize eta ekaitzek mehatxatzen dute" esan zuen. Gazteek "bukatu gabeko proiektua nahi duten edo ez eta bertan inbertituko duten" erabaki behar dutela gehitu zuen. Bere gurasoen belaunaldiak "gerra eta pobrezia garaiak pairatu zituela, baina baita eraikuntzarako garaia bizi izan zuela" gogoratu zuen. "Baliteke Europak txarto funtzionatzea, baina gure gurasoen Europak baino hobeto funtzionatzen du". "Europan gizarte-harmonia eta aberastasunaren banaketa dago, eta baita ingurugiro eta klimarenganako interesa ere", baieztatu zuen, "eta sistema hori jasangarria da". Europan zelan inbertitu edo ondo inbertitzen den zelan jakin daitekeen hausnartu zuen eta "gardenak izatea" proposatu zuen, "Europak beste herrialde batzuekin negoziatu ahal izateko".

Igor Filibi UPV/EHUko ikertzailea eta EHUguneko kolaboratzailea izan zen eztabaida gidatu zuena. Hitza hartzen lehena Ongi etorri errefuxiatuak – Bizkaia plataformako kide eta EHUguneko kolaboratzaile bat izan zen. "Ez dago aurrerapausorik beste herrialdeekin solidario izateko", uste zuen. Nazioarteko harremanetako ikasleek, aldiz, Europako ordezkariei Turkiaren inguruan galdetu zieten, "batez ere azken atentatuaren ostean, Turkia estatu segurua dela  esaten duen kalifikazioarekin ados zaudete?"; eta Europako kide izateko baldintzak betetzearen inguruan hausnartu zuten. Atzerritarren inguruko eta asilo legeek egoera berdintsuetan dauden pertsona ezberdinei zelako tratua ematen dieten ere komentatu zuten.

Herbeheretako enbaxadore Van Bozelek auzi hauek erantzun zituen "Turkia inguruko naufragio eta heriotzekin bukatu beharra dagoela" esanez. "Horren ostean, pertsona horiek zelan banatu pentsatu behar da, baina ez dago adostasunik herrialdeen artean. Batzuek errefuxiatu asko hartu dituzte, baina beste batzuek oso gutxi". Turkiari dagokionez, honek Europako kide izan nahi duela azaldu zuen, baina bere praktika oso desberdina dela. Interbentzioari amaiera eman zion esanez Europako barne-arazoekin bukatzeko "esfortzua egin behar dela".

Orduan, zuzenbideko irakasle batek hartu zuen hitza "bakarrik garela solidario, solidario ez izateko laguntzen gaituztenekin" adierazteko. Vladimir Gráczek, Eslovakiako enbaxadoreak, bere herrialdeak "solidario ez izatearen bidegabeko ospea" dutela adierazi zuen, eta "errefuxiatuekin, gizarteratu nahi ez dutenean, arazo bat dagoela" gaineratu zuen.

Topaketan errefuxiatuek Europako aniztasunari ekarpena egiten diotela komentatu zen, eta Europak dibertsitatearen defentsaren inguruan duen diskurtsoa ez duela sinesten hausnartu zuten. Eslovakiar enbaxadoreak bere txanda bukatu zuen esanez "europar krisia inoiz ez dela orain bezala bizi izan, eta adostutako konponbidea bilatu behar dela".

‘Brexit'-ari dagokionez, mahai gainean jarri zen Britainia Handiak Europan duen estatus berezia, eta pribilegioak noiz arte emango dizkioten galdetu zen. "Aurrekari izan liteke Polonia edo Hungaria bezalako kasuentzat?". Cyrille Rogeau Frantziar Errepublikako enbaxadako ministro kontseilariak azaldu zuen "Britainia Handiaren irteerak gure herrialde guztientzat erronka suposatzen duela eta berriz ere pentsatu eta taxutu beharko litzatekeela".

 

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.