euskaraespañol

Krisialdiaren aurretik zituen zenbakiak berreskuratu ditu industria sektoreak, %23

Euskadi Lan Txostenak zehazten du, baina, enpleguaren sorrera garbia "ahulegia" dela

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/31

Irudia
Sara de la Rica Lan Txostenaren aurkezpenean

Gaur goizean aurkeztu dute, Bilbon, UPV/EHUren 2016ko Euskadi Lan Txostena. Txostenaren zuzendariak, Sara de la Rica irakasleak, azpimarratu du industriaren sektorea ondo ibili dela autonomia erkidegoan: "Krisialdiaren aurretik zegoen enplegu osoaren intzidentzia berreskuratu du: % 23. Sektore horretan, aurten, 23.200 langile gehiago izan dira".

Alabaina, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Ekonomiako katedradunak eta ikertzaileak ohartarazi du joera "positiboa" izan arren enpleguaren sorrera garbia "ahulegia" dela. Hala, 2016. urteak 7.200 okupatu  gehiagorekin bukatu du eta 6.300 langabetu gutxiagorekin, bestalde ez aktiboen kopuruak gora egin du, eta 3.800 dira. Halaber, De la Ricak iraupen luzeko langabeziaz ohartarazi du: dirudienez, arinki gora egin du 2016an, eta 100 langabetik 64 dira luzaroko langabeak.

2016aren amaieran, Euskadin 15 urtetik gorako 1.814.800 pertsona zeuden guztira, aurreko urtean baino zertxobait gehiago (4.700). Kolektibo horrek lan merkatuan duen egoerari dagokionez, ia-ia erdiak (902.100) lanean dabiltza; % 7 (126.200) lanik gabe daude; eta gainerakoak, 786.500 pertsona (% 43), inaktiboak dira. Inaktiboen kolektibo hori ikasleek, erretiratuek eta hainbat arrazoi direla-eta lanik egiten eta bilatzen ez dutenek osatzen dute.

"Landunen kopuru osoa handitzea eta ondorioz langabeak gutxitzea, dudarik gabe, datu positiboa da, baina agerian uzten du enplegua oso motel ari dela lehengoratzen. Zortzi urte krisialdi larrian eman eta ehun mila langabetik gora eragin ondoren, enplegu gorakada arin horrek erakusten du enplegu sorrera irmoago baten alde egin behar dugula. Horretarako, lehenik eta behin, hazkunde handiagoa behar da, eta, bigarrenik, hazkunde horrek balio erantsi handia sortu behar du, kalitatezko enplegua ekarriko duena", azaldu du Sara de la Ricak, txostenaren zuzendariak.

Euskadiko langabezia tasa % 12,27koa da, duela zehazki urtebete baino ehuneko puntu bat gutxiago. Hala, Nafarroarekin, Errioxarekin eta Kantabriarekin batera, % 13tik beherako langabezia tasa duten eskualdeen taldean dago Euskadi. Nafarroak langabezia tasa txikienetarikoa du estatu osotik (% 10), eta, gainera, langabezia tasa gehien gutxitu duen eskualdea da (% 13,5etik % 10era).

Landunak

Landunen kolektiboko emakumeen intzidentzia % 47koa izan da 2016an ere, urtebete lehenago bezalaxe. Krisia hasi zenez geroztik, emakumeen pisua ehuneko lau puntu handitu da, baina badirudi pisu horrek areagotzeari utzi diola azken urtean. Zalantzarik gabe, geldialdi horren arrazoietako bat da leheneratzen hasi berri den enpleguak mesede handiagoa egiten diela gizonei emakumeei baino, lehengoratze ekonomiko horrek gehien mesedetzen dituen enpleguak gehiago direlako "maskulinoak" femeninoak baino.Landunen kolektiboa zahartuz doa oraindik ere, eta, gaur egun, 100 landunetik ia erdiek (48) 44 urtetik gora dituzte. Joera hori krisiaren hasieratik nabaritu da, eta oraindik ere lan ikuspegi kezkagarria uzten du, eta ez Euskadin bakarrik, baita estatu osoan ere; izan ere, 25 urtetik beherako gazterik ia ez dago landunen artean. Hori dela eta, oso garrantzitsua da Euskadin sortzen den enplegu berrian gazteek gaur egungoa baino presentzia handiagoa izatea.

Goi mailako ikasketek enplegua lortzeko bide ematen dute

Euskadiko 100 landunetik 56k goi mailako ikasketak dituzte. Euskadik erabat prestaturiko lan faktorea dauka, eta horrek abantaila konparatibo "garbia" ematen du balio erantsi handiko enplegua sortzearen alde egiteko, gure eskulanaren goi mailako trebakuntzaz baliatuz. Gainera, goi mailako ikasketak dituzten langileen intzidentziak gora egiten du urterik urte, eta, estatu osotik, Euskadik dauka goi mailako ikasketak dituzten langileen intzidentziarik handiena.

Industriak ia-ia berreskuratu du 2007ko enpleguan zuen intzidentzia. "Hori albiste bikaina da, dudarik gabe. Jakina, ez du esan nahi Euskadik krisialdiaren aurretik industrian zuen enplegatu kopuru berbera duenik (gainera, gutxi gorabehera 28.000 landun gutxiago ditu sektore horretan), baina garbi dago enplegua leheneratzen ari dela eta industriak garrantzi handia duela horretan. Ez alferrik, azken urte honetan, industriak enplegu osoan duen intzidentzia % 20,8tik % 23,2ra igaro da (ehuneko bi puntu baino gehiago); hortaz, sektore horretan 23.200 landun gehiago izan dira. Hori oso berri ona da, industriak sortzen duen balio erantsi handiagatik eta prestakuntza handiagoko enplegua eskatzen duelako, goi mailako ikasketak dituzten langileek enplegu osoan duten intzidentziaren gorakadak erakusten duenez. Industria lehengoratzeko ahaleginak igartzen dira Euskadin, eta horrek bultzada ematen du industria sektorearen alde egiten jarraitzeko, gure hazkundea eragiteko", zehaztu du.

Bestalde, Euskadiko soldatapekoen behin-behineko enpleguen tasa zertxobait murriztu da, eta, gaur egun, 100 soldatapekotik 23k dute aldi baterako kontratua. "Berri ona da, era berean, behin-behineko enpleguen tasak handitzeari utzi eta pixka bat behera egiten hastea, eta beherakada hori finkatuz joatea enpleguak aurrera egiten duen neurrian", azaldu du. Eskualdeen araberako konparazioa eginez gero, ikus daiteke Euskadiko behin-behineko enpleguen tasa Errioxakoaren antzekoa dela (hegoaldeko eskualdeetakoa baino askoz txikiagoa) baina, esaterako, Kataluniakoa (% 21) eta bereziki Madrilgoa baino handiagoa dela (Madrilgo tasak % 20tik beherakoak dira).

Euskadiko lanaldi partzialaren intzidentzia ere pixkanaka behera egiten ari da. Gaur-gaurkoz, 100 kontratutik 17 eta 18 artean lanaldi partzialekoak dira. Lanaldi mota horren intzidentzia nabarmen areagotu da krisia hasi zenetik, eta, lana lehengoratuz doan heinean, ikusten da apustu handiagoa egiten dela lanaldi osoaren alde. Hori datu ona da, lanaldi partzial gehienak nahi gabekoak direlako Espainian. Nolanahi ere, estatu osoarekin alderatuta, Euskadi da lanaldi partzialaren tasa handienetakoa duten eskualdeetako bat.

Langabeak

Emakumeek intzidentzia zertxobait handiagoa dute langabeen kolektiboan gizonek baino. Gaur egun ez dago alde handirik, baina litekeena da aldeok areagotzea. Enplegua lehengoratuz doan heinean, eta enplegu "maskulinoak" (industria) izanik mesedetuenak, emakume langabeek zailagoa dute lana topatzea. "Garrantzitsua litzateke industrian emakume gehiago egotearen alde egitea. Lanbide Heziketan emakume gehiago sartzeko ekintza positiboak, esaterako, urrats garrantzitsua lirateke bide horretan aurrera egiteko", esan du.

Azterlanak berresten duenez, azken urte honetan 44 urtetik gorakoak zertxobait ugaritu dira langabeen artean, eta horrek gainerako adin taldeen beherakada ekarri du, gazteena batik bat. Gaur egun, 100 langabetik 38 44 urtetik gorakoak dira; 50, berriz, 25 eta 44 urte bitartekoak; eta 12, azkenik, 25 urtetik beherakoak. "Langabeen artean nagusiak gehiago izateak agerian uzten du egiturazko langabeziaren arazo larria; izan ere, kasu askotan, adin nagusiagoak zerikusia du hezkuntza maila apalarekin edota luzaroko langabeziarekin. Politika aktibo espezifikoei heldu behar zaie kolektibo horren alde egiteko", ohartarazi du.

Azkenik, luzaroko langabeziaren intzidentzia pixka bat handitu da: 100 langabetik 64k urtebetetik gora daramate lanik gabe. Hau da, ehuneko puntu bat areagotu da intzidentzia, eta horrek esan nahi du, nahiz eta gorakada txikia izan, ez goazela bide onetik. Euskadiko egoera beste eskualdeetakoarekin konparatuta, ikus daiteke luzaroko langabeziaren intzidentzia handiena duten eskualdeen taldean gaudela, Errioxarekin eta Asturiasekin batera. Bada, premiazkoa da kolektibo horren orientazio integralari eta prestakuntzari begirako neurriak martxan jartzea, joera horri buelta ematea lortzeko.

Informazio guztia: http://www.informelaboraleuskadi.org