euskaraespañol

Estresa kontrolatzeko teknikak erabiltzen dituzten unibertsitateko ikasleek errendimendu akademiko handiagoa eta antsietate gutxiago dute

UPV/EHUko ikerketa baten arabera, arnasketa sakona, ikuspegi positiboa eta muskulu erlaxazioa konbinatzen dituzten teknikak erabiltzeak lotura du azterketen aurreko antsietatea murriztearekin eta errendimendu akademikoa hobetzearekin

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/27

Irudia

Hainbat ikerketa egin izan dira emozioek ikasgelan duten eraginari buruz, eta, horiei esker, badakigu eskolan sortzen diren arazo askok emozioetan dutela jatorria. Eta horren arrazoia da, batez ere, ez garela gai emozioak behar bezala kudeatzeko. Emozioek hiru osagarri dituzte: pentsamenduari lotutakoa, ekintzarako joera duena eta, azkenik, eta ia erreparatzen ez dioguna, fisiologikoa. Emozio guztiek eragiten dute erreakzio fisiologiko bat. Beldurrak bihotza aktibatzen digu, lotsak izerdia eragiten digu… Fisiologiaren parte horrek emozioaren intentsitatea areagotzen du, eta horrek pentsatzeko gaitasuna blokea dezake eta pertsonarengan kontrol falta eragin.

Alde horretatik, Psikologia Fakultateko irakasle Aitor Aritzeta doktoreak koordinatutako UPV/EHUko ikerlan baten arabera, arnasketa sakona, ikuspegi positiboa eta muskulu erlaxazioa konbinatzen dituzten teknikak erabiltzeak eta horiek biofeedbackaren bitartez monitorizatzeak emozioen erregulazioa hobetzen du eta ikasleen antsietate maila murriztu, eta horrek errendimendu akademikoan laguntzen du. Ikerketaren izena ‘Reducing Anxiety and Improving Academic Performance Through a Biofeedback Relaxation Training Program’ da, eta ‘Applyed Psychophysiology and Biofeedback’ aldizkari zientifikoan argitaratu da.

Aitor Aritzeta irakasleak azaldu duenez, “ikerketaren helburua da unibertsitateko ikasleei aukera ematea azterketen aurreko antsietatea eta estresa kontrolatzen lagunduko dieten teknika errazak ikasteko eta erabiltzeko, emaitza akademikoak hobetu ahal izan ditzaten. Literatura zientifikoak erakutsi du badaudela estresa kontrolatzen eta murrizten laguntzen duten teknikak, baina orain arte ez zen aztertu ea oinarri teknologiko berritzailea duen biofeedback teknika eraginkorra izan zitekeen antsietatea eta estresa murrizteko eta unibertsitate ikasketetan errendimendua hobetzeko.

Biofeedbak-a (atzeraelikadura biologikoa) teknika ezaguna da, baina ikerlan honetan teknologia berritzaile batean oinarrituta erabili da, eta horrek ikasleari momentuan ematen dio bere estres fisiologikoari buruzko informazioa, in situ. “Informazio hori ordenagailu baten bitartez ikus dezakezu, erraz interpretatzeko moduan ematen baitizu zure antsietate eta estres mailei buruzko informazioa. Horrela, atzeraelikadura biologiko bat sor dezakezu, jakiteko nola eragiten duten erabiltzen ari zaren teknikek sentitzen duzun antsietate eta estres fisiologikoaren murrizketan. Gainera, aukera ematen dizu egoera antsiogenoetan zure antsietate eta estres maila hobeto kontrolatzen ikasteko: azterketetan, gatazketan, osasun arazoak dituzunean, familia arazoak dituzunean, ezusteko albisteak jasotzean…”.

Estres fisiologikoa % 42 gutxitzen da eta errendimendu akademikoa 1,4 puntu hobetzen da

Ikerlanean, unibertsitateko 152 ikaslek parte hartu zuten biofeedback programan (batez besteko adina 19 urte izan zen, eta % 74 emakumeak izan ziren), eta antzeko ezaugarriak zituzten 81 ikaslek (batez besteko adina, 19 urte, eta % 71 emakumeak) ohiko prestakuntzarekin jarraitu zuten, programan parte hartu gabe. Programa erlaxazio tekniken bitartez egin zen, eta biofeedback-ean oinarrituta. 12 aste iraun zuen eta aurrez aurreko 5 saio egin ziren. “Emozioak fisiologikoki erregulatzeko prestakuntza hasi baino lehen, ikerketan parte hartu behar zuten pertsonen antsietate maila neurtu genuen. Bi asteren ondoren, arnasketa sakonaren teknika landu genuen; gero ikuspegi positiboa jorratu genuen, eta, azkenik, muskuluen erlaxazioa. Hamabigarren astera iristean, antsietate maila neurtu genuen, arnasketa sakona, ikuspegi positiboa eta muskulu erlaxazioa konbinatuz, eta, ondoren, ikasleek beren ikasketetako azterketak egin zituzten.

Lortutako emaitzen arabera, biofeedbackean oinarrituta erabilitako programak murriztu egiten ditu antsietatearen eta estres fisiologikoaren mailak (% 42 batez beste), eta hobetu egiten du errendimendu akademikoa (10etik 1,4 puntu batez beste). Teknika horiek erabili zituzten ikasleek programan parte hartu ez zutenek baino gaitasun handiagoa erakutsi zuten beren emozioak erregulatzeko”, azpimarratu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Prestakuntza horri esker, ikasleek antsietatea eta estresa modu eraginkorrean hala fisiologikoki nola subjektiboki kontrolatzeko gaitasunak lortzen dituzte. Gainera, antsietatea kontrolatzeko gai direnez, gaitasun handiagoa dute azterketaren edukietan zentratzeko, eta horrek mesede egiten dio errendimendu akademikoari. “Ikasleek eskerrak eman dituzte programa horretan parte hartu ahal izateagatik; izan ere, beren burua hobeto ezagutzen lagundu die, bai eta beren burua bizitzarako eta lan mundurako prestatzen ere”, esan du, amaitzeko, Aitor Aritzeta irakasleak.

Erreferentzia bibliografikoa