euskaraespañol

2018/2019 ikasturtean, UPV/EHUko ikasle berrien % 10,50 Lanbide Heziketatik etorria da

Unibertsitateko 25 graduk goi mailako teknikarien tituluetako 4,5 eta 49 kreditu artean aitortzen dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/07

Ingeniaritza eta Arkitektura eremuko hainbat graduk kredituak ontzat hartzen dizkiete Lanbide Heziketako titulazioei. (Mitxi. UPV/EHU)

2018/19 ikasturtean, Lanbide Heziketa ikasitako 814 ikasle sartu ziren unibertsitatera, hau da: UPV/EHUn graduko ikasketak hasi dituzten ikasle guztien % 10,50. Horrek, aurreko ikasturtearekin alderatuta, % 13,50eko igoera suposatzen du. Era berean, UPV/EHUko ikasle guztiak kontuan hartuta, puntu bat egin du gora LHtik etorritako ikasleen ehunekoak.

Lanbide Heziketako goi mailako titulazioetatik datozen ikasleei, UPV/EHUk kredituak aitortzen dizkie kontuan izanda zein gradutan egiten duten matrikula. Horrela, aitortza horrek aukera ematen du unibertsitatean prestakuntza ibilbideak zehazteko, unibertsitatera etorri aurretik lortutako gaitasunen osagarri.

Hain zuzen ere, joan den astean UPV/EHUk hitzarmena sinatu zuen Hezkuntza Sailarekin, eta horren bidez kredituak aitortuko dira kontuan izanda graduko tituluko eta goi mailako teknikari tituluko gaitasunen egokitasuna, ezagutzak eta ikaskuntzaren emaitzak.

Araceli Garin andreak, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak adierazi bezala, “hitzarmen hau unibertsitateko eta lanbide heziketaren arloko adituek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak urtetan izandako lankidetzaren fruitu da. Titulu familiekin hasi ziren lanean, eta gaur, aitorpen horrek eragina dauka hainbat eta hainbat graduko ikasketetan, ia jakintza arlo guztietakoak. Akordio honek erraztu egiten du goi mailako lanbide heziketako ikasleak unibertsitatera etortzea, oraindik garatu gabe dagoen arren alderantzizko bidea: unibertsitatetik lanbide heziketara joateko bidea”.

Hain zuzen ere, UPV/EHUko 25 gradutan aitortzen dira Euskal Erkidegoan ematen diren goi mailako teknikari tituluetako kredituak, eta, guztira, 32 titulu dira aitorpena dutenak. Kreditu kopurua 4,5 eta 49,5 bitartekoa izan daitekeen arren, titulu askotan aitortzen dira 30 kreditu.