euskaraespañol

2019a, Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtea

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2019/01/16, 19:00 - 00:00

Kokapena

Bidebarrieta Kulturgunea
Bidebarrieta 4. -48005- Bilbao (Bizkaia)

Irudia

Deskribapena

Pascual Román Polo, Zientzia Kimikoetan doktoratua Bilboko Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakasle emeritua, taula periodikoaren nondik norakoak azalduko ditu jardunaldi honetan, sistema hau garatzea proposatu zuten zientzialariak gogora ekarriz eta taula onartu arteko prozesua deskribatuz.

Topaketan, halaber, taula periodikoak gaurdaino izandako bilakaera aztertuko da, baita gure bizitzetako zientzia eta kulturaren ikono honek hartu duen garrantzia eta zientzia eta teknologiari egin dion ekarpena ere. Azkenik, efemeride hau ospatzeko mundu osoan zehar egiten ari diren ekimenetako batzuk aztertuko dira.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2019a Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtea izendatu zuen 2017ko abenduaren 20an, eta ospakizun horren bitartez, kimika eta fisikaren nahitaezko eginkizuna aldarrikatu nahi da, Europar Batasunak garapen iraunkorraren arloan gainditu beharreko erronken inguruko soluzioen garapenean.

Gainera, Nazioarteko Urte honetan, Dmitri Ivanovitx Mendeleiev zientzialari errusiarrak elementu kimikoen taula periodikoa sortu izanaren 150. urteurrena ere ospatuko da. Kimika modernoaren sortzaileetako bat izan zen kimikari ospetsuak 1869an argitaratu zuen planetan dauden konposatuen sailkapen ezagunaren lehenengo bertsioa, zientziaren historiako mugarririk garrantzitsuenetakoa, adituen esanetan.

Hitzaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak hilabetero gaurkotasunezko gai zientifikoak ezagutzera emateko antolatzen duten “Bidebarrieta Zientifikoa” zikloari atxikita dago.

Hitzaldi guztietarako sarrera librea eta doakoa da aforoa bete arte, baina aurretik, gonbidapenak eskuratu behar dira liburutegian bertan, urtarrilaren 11tik aurrera. Gonbidapenak jasotzeko ordutegia 10:00etatik 14:00etara bitartekoa da goizez eta 16:00etatik 20:00etara bitartekoa arratsaldez, astelehenetik ostiralera.

Bertaratzeko aukerarik ez dutenek hitzaldiak streaming bidez ikusi ahal izango dituzte esteka honen bitartez.

Informazio gehiago Zientzia Kaiera blogean