euskaraespañol

2024rako 531 milioi euroko aurrekontuaren aurreproiektua aurkeztu da Gobernu Kontseiluan

Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZEL) 2023ko Lan Eskaintza Publikoa onartu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/12/15

Irudia

UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak gaur egin duen bileran, errektore taldeak aurkeztu ditu euskal unibertsitate publikoaren 2024ko ekitaldirako aurrekontu aurreproiektuaren zifra nagusiak: guztira, 531,03 M€. Iazko ekitaldian, UPV/EHUk 494,54 M€-ko aurrekontua izan zuen. Beraz, aurkeztu den aurreproiektuaren arabera, % 7,38 handituko da aurrekontua aurreko ekitaldiarekin alderatuz gero. Dokumentua Gobernu Kontseiluan aurkeztu ondoren, organo horretako kideek zuzenketak aurkeztu ahal izango dituzte, otsailaren 1etik 11ra bitartean.   Gero, dokumentua berriro aurkeztuko da otsailaren 22ko Gobernu Kontseiluan, onar dezan. Onartzen bada, UPV/EHUren Gizarte Kontseiluari helaraziko zaio, behin betiko onespena eman diezaion.  

TEKAZELen 2023ko Lan Eskaintza Publikoa 

Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZEL, lehengo AZP) 2023ko Lan Eskaintza Publikoa ere onartu da gaurko Gobernu Kontseiluan. Onartu den eskaintzak 44 plaza ditu guztira, horietatik 19 funtzionarioenak, eskala guztietan, eta 25 lan kontratuko langileenak, hainbat kategoriatan eta espezialitatetan. 

Gobernu Kontseiluaren bileran jakinarazi da ere azaroan oposizio faseko probak egin zirela 116 plaza betetzeko, lehiaketa-oposizio bidez, hamahiru TEKAZEL eskalatan. Hautapen prozesu hori kokatzen da UPV/EHUk kolektibo horri begira inoiz egin duen Lan Eskaintza Publikorik handienean (Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzean onartua). Aintzat harturik prozesu guztiak, 26.000 eskaera baino gehiago onartu dira. Aurkeztutako pertsonen ehunekoa % 61,90ekoa izan da, eta aurkeztutako pertsonen % 75ek baino gehiagok gutxieneko puntuazioa lortu dute lan poltsetan sartzeko.  

2024an, guztira eskaini diren 1.148 plazak betetzeko prozesu guztiak amaituko dira (barne promozioa, ohikoa eta egonkortzeko ezohikoa), helburua izanik % 8tik behera jaistea behin-behinekotasuna 2024ko abenduaren 31rako.   

“Lan eskaintza publiko hau oso garrantzitsua da langileak kudeatzeko euskal unibertsitate publikoa garatzen ari den politikaren barruan –adierazi du Eva Ferreira errektoreak–, horrek langileen behinbehinekotasuna nabarmen murriztea eta enplegua egonkortzea dakarrelako. Arlo honetan, gure langile politikaren helburu nagusietako bat da diseinatzea karrera profesional sendoak, egonkorrak eta denboran zehar hobetzeko aukerak izango dituztenak. Eta lan eskaintza publiko berri honetako probak egitea, gure erakundean TEKAZEL langileentzat egin den handiena, borondate argi horren froga da.”