euskaraespañol

Agirre Lehendakaria Centerrek giza garapen iraunkorraren euskal ereduaren hamar urteko ibilbidea ospatu du

Ekitaldiaren helburu nagusia euskal gizartearen orainaren eta etorkizunaren erronkei eta aukerei buruz hausnartzea da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/31

Agirre Lehendakaria Center ekitaldiko familia argazkia
Agirre Lehendakaria Center ekitaldiko familia argazkia | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Agirre Lehendakaria Centerrek (ALC) X. urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu zuen, eta bertako eta nazioarteko kolaboratzaileen sarea gonbidatu zuen martxoaren 29an Bilboko Bizkaia Aretoan egin zen sinposio eta ekitaldi publiko batera. Helburu nagusia euskal gizartearen orainaren eta etorkizunaren erronkei eta aukerei buruz hausnartzea izan zen.

Agirre Lehendakaria Center UPV/EHUren eta New Yorkeko Columbia Unibertsitatearen arteko lankidetza-proiektua da. Zentroaren helburua da garapen sozial, ekonomiko eta politikoko harremanak sustatzera bideratutako ikerketa sustatzea, eraldaketa sozioekonomikoaren eta giza garapen iraunkorraren euskal ereduan oinarrituta. Programari Agirre lehendakari izena eman zitzaion, Columbiako Unibertsitatean irakasle izan zelako Estatu Batuetan erbesteratu zenean. ALCk eraldaketa komunitarioko prozesuak bultzatzen ditu, Gizarte Berrikuntzako Plataforma irekien bidez eta kulturan oinarrituta, aldaketaren eragile gisa. Helburu nagusia sistema konplexuen eraldaketari buruz ikasitako ikasgaiak aplikatzea da, euskal gizarteak gaur egun aurrean dituen erronkei aurre egiteko.

Iñigo Urkullu lehendakaria ekitaldian izan zen, eta bertan Giza Garapen Iraunkorraren euskal ereduari balioa eman zion. Izan ere, eredu hori Agirre lehendakariak bultzatu zuen humanismoaren, justizia sozialaren eta giza eskubideen printzipioetan oinarrituta dago. Gaur esan dezakegu Ibarretxe lehendakariak eta bere lantaldeak bultzatutako proiektu hark bere helburuak betetzen dituela. Agirre Lehendakaria Centerrek azken 10 urteetan bultzatutako ikerketen arabera, euskal gizarteak bizi izan duen eraldaketa ezin da ulertu bere dimentsio kulturala gabe.

Ekitaldian mundu akademiko, politiko, sozial eta instituzionaleko tokiko eta nazioarteko ordezkariek parte hartu zuten, eta lau mahai teknikotan banatu ziren, giza garapen iraunkorrerako euskal ereduaren erronkak eta aukerak jorratzeko. Arratsaldean Bizkaia Aretoan egindako ekitaldian izan ziren Juan Jose ́ Ibarretxe lehendakari ohia, Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea.