Usue Pérez López eta Maite Lacuesta Calvo

Zein da nekazaritzaren zeregina antibiotikoekiko erresistentziaren transmisioan?

Landareen Biologia eta Ekologia Saileko irakasleak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/15

Maite Lacuesta Calvo eta Usue Pérez López
Maite Lacuesta Calvo eta Usue Pérez López. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Bakterio patogenoetan antibiotikoekiko erresistentzia handitu izana osasun-arazo larria da egun mundu osoan, antibiotikoen efikazia terapeutikoa txikitzen baitu.

Fenomeno hau antzinatik naturalki gertatu izan den arren, azken hamarkadetan askoz ohikoagoa bihurtu da. Kausa nagusiak dira antimikrobiarren erabilera okerra eta horiek ingurumenean presentzia eta iraunkortasun handiagoa izatea.

Antibiotikoak natura ingurunean hedatzearen arrazoia batez ere medikuntzan eta albaitaritzan erabiltzea da.

Dena den, ez da behar bezala aztertu nekazaritzak elikagaien bitartez antibiotikoak, antibiotikoekiko bakterio erresistenteak eta antibiotikoekiko erresistentzia-geneak transmititzen zer rol jokatzen duen, kate trofikoaren oinarria denez gero. Litekeena da gutxietsita egotea.

 

Nola iristen dira antibiotikoak landa ingurura?

Eremu anglosaxoian, “nekazaritza” terminoak, laboreen ekoizpena ez ezik, abeltzaintza eta akuikultura ere biltzen ditu, eta horiek dira antibiotikoak nekazaritza sistemara sartzeko bide nagusia.

Izan ere, estimazioen arabera, laboreak babesteko erabilitako antibiotikoen kantitatea abere produkzioan erabilitako kantitate osoaren % 0,5 baino gutxiago da. Europa zifra horretatik kanpo dago, debekatuta baitauka antibiotikoak laboreetan aplikatzea.

Dena den, gero eta ohikoagoa da animalia simaurra, hondakin organikoak edo araztegiko lohiak ongarri moduan erabiltzea. Baliteke material horretan antibiotiko kantitatea handia izatea.

Zenbait azterketek frogatu dute animalietan erabilitako antibiotikoen % 30 eta % 90 artean eginkarietan agertzen dela. Horrenbestez, kutsatutako simaurra erabiltzearen ondorioz, baliteke laboreek –are organikoek ere– antibiotikoak edukitzea.

Horrez gain, ureztatzeko hondakin urak erabiltzearen ondorioz, nekazaritzako ekosistemak antibiotiko karga nabarmen eta askotariko baten eraginpean daude behin eta berriz eta denbora luzez.

Landareek agente horiek xurgatzen badituzte, baliteke laboreen ernetzeari eta hazkuntzari eragin diezaieketen ondorio fitotoxikoak agertzea. Gainera, landareen ehunetan metatuz gero, gizakien osasunerako arrisku potentziala izango lirateke, landareak elikadura kateko lehen maila baitira.

Duela bi hamarkada arte arrisku hori ez zen kontuan hartu; horrenbestez, izandako inpaktuari buruzko informazioa mugatua da.

 

Antibiotikoek landareetan duten eragina

Berriki egindako azterlanek frogatu dute antibiotikoek laboreetan duten fitotoxikotasuna hein handi batean landare espeziearen eta antibiotiko motaren araberakoa dela, baita lurzoruko kontzentrazioaren araberakoa ere.

Hala ere, antibiotikoen ikerketa fitotoxiko gehienak in vitro egin dira. Landako azterketak gutxi dira. Hala ere, kontzentrazio handietan ondorio negatiboak nabaritu diren arren, kontzentrazio txikietan efektu estimulatzailea antzeman da.

Antibiotikoek landareen hazkundean duten zuzeneko inpaktuaz gain, zeharka lurzoruaren mikrobiotan aldaketak eragin ditzakete. Horrek lurzoruaren dibertsitateari eta laboretarako onuragarriak diren bakterioen –esaterako N₂ finkatzen dutenei– presentziari eragiten die. Ondorioz, baliteke laborearen errendimenduari ere eragitea.

 

Zer egin aurrerantzean?

Landareek bi modutan jaso ditzakete antibiotikoak:

- Zuzenean Antibiotikoak gaixotasun bakterianoak kontrolatzeko aplikatzen badira.
- Zeharka Medeagarri organikoen, araztegiko lohien edota hondakin uren bitartez.

Ondorioz, baliteke landareen hazkundeak zuzeneko edo zeharkako ondorio negatiboak izatea, lurzoruaren mikroorganismoak aldatuta daudelako. Gainera, baliteke antibiotikoak nahiz erresistentziak transmititzea, elikadura katearen oinarria direnez gero.

Horregatik, ezinbestekoa da monitorizatzea, kuantifikatzea eta minimizatzea laboreetan aplikatzen diren ekarpen edo medeagarri organikoen eta uraren antibiotiko kutsadura maila.

Simaurreko antibiotiko eta azpiproduktu kantitateak gutxitzeko hainbat tratamendu erabili diren arren, hala nola konpostajea eta biochar (landare-ikatza), ez da % 100 deuseztatzea lortu.

Horren arrazoia da prozesuaren efizientzia askotariko faktoreen araberakoa dela (hasierako materiala, lurzoruko mikroorganismoak, tenperatura, denbora, presente dagoen antibiotiko mota…). Horregatik, beste azterlan batzuk eta hobekuntza teknologikoak behar dira medeagarri organikoen bitartez laboreetan aplikatzen diren antibiotiko guztiak desagerrarazi arte.

Aldi berean, beharrezkoa da sakon ikertzea antibiotikoak landareetan nola sartzen diren, nola eraldatzen diren eta/edo landareen organoetan nola metatzen eta irauten duten. Batez ere, animaliak edo gizakiak elikatzeko erabiliko direnenak.

Ikerketa horiekin txikitu egingo litzateke gizakien osasunerako arrisku potentziala. Gainera, garrantzitsua da epe luzeko analisi sistematikoak egitea, ongarritzeko eta ureztatzeko sistemak urtez urte errepikatzen direla aintzat hartuta.

 

Artikulu hau UPV/EHUren udako ikastaroetan emandako hitzaldiaren laburpena da (JRL Environmental Antibiotic Resistence laborategiak antolatu zuen, eta egileak bertako kide dira).