euskaraespañol

Arabako Esperientzia Gelak: graduazioa eta urteurrena

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/30

Irudia
Graduazio-ekitaldiaren unea. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

20 urte bete dira Arabako Esperientzia Gelak abian jarri zirenetik baina ospakizun hori eta azken urteetako promozioen graduazio ekitaldiak atzeratu egin behar izan dira, pandemiaren ondorioz. Nolabaiteko normaltasunera itzultzearekin batera Arabako Esperientzia Geletako XVI., XVII. eta XVIII. promozioen graduazio ekitaldia egin ahal izan da Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko Letren Fakultateko Areto Nagusian, bai eta 20. urteurrena ospatzekoa ere.

Ekitaldiko burua Manoli Igartua Olaechea andrea izan zen, Arabako Campuseko errektoreordea, eta bertan egon ziren Ana del Val Sancho andrea, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua; Jon Urresti García jauna, Vital Fundazioko presidentea; eta Jesús Ollora Olarte jauna, ACAEXA‑AEIKE elkarteko presidentea (Esperientzia Geletako ikasle eta ikasle ohien kultur elkartea). Ekitaldia Aritz Ruiz Gonzalez jaunak aurkeztu zuen, Arabako Esperientzia Geletako zuzendariak.

Giza Zientzietako tituluko diplomak eman ondoren XVI., XVII. eta XVIII. promozioei, omenaldia egin zitzaien bi hamarkada hauetan proiektua aurrera eramaten lagundu duten pertsona eta erakundeei.

Horrela, esker ona adierazi zitzaien emandako laguntzagatik Arabako Foru Diputazioari, Vital Fundazioari eta ACAEXA‑AEIKE elkarteari, bai eta lehendabiziko urratsak egin eta erakunde horietako zuzendari izan diren pertsonei: Antonio Rivera Blanco jauna, Arabako Campuseko errektoreorde ohia eta Esperientzia Gelen proiektuaren bultzatzailea; María Juncal Durand Alegría andrea, zuzendari akademikoa 2001. urtetik 2011. urtera; Luis Garagalza Arrizabalaga jauna, zuzendari akademikoa 2011. urtetik 2041. urtera; Puy Fernández Osés andrea, zuzendari akademikoa 2014. urtetik 2021. urtera; eta Arantza Juarros Ostolaza andrea, Esperientzia Geletako administratzailea, zeinak administrazio eta zerbitzuetako langileen izenean jaso zuen saria.

Ospakizunez betetako eguna amaitzeko, luncha izan zuten Letren Fakultateko patioan omenduek, agintariek, tituludun berriek eta beren senideek.

Arabako Esperientzia Gelen 20. urteurrenaren bideoa.