Arkeologia biomolekularra, gorpuzki antropologikoak ikertzeko alternatiba

UPV/EHUko azterlan batean teknika hori aplikatu dute Goi Erdi Aroko landako gizarteen elikadura ikertzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/25

Maite Iris García Colladok, bere ikerketan, aztergai izan du Boadilla herrixkan bizi ziren biztanleen elikadura; Boadilla, zehazki, Toledoko gaur egungo Illescas udalerriaren kanpoaldean kokatutako nekazari gune bat izan zen, bisigodoen garaikoa (K.o. VI-VIII. mendeak). Analisi biomolekularrari esker, biztanle talde baten dieta berregin daiteke, eta, horrez gain, soilik metodo tradizionalen bidez aztertuz gero potentzial urria izango luketen multzo antropologikoen historia osa daiteke.

Maite Iris García Collado. Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile horren lanaren helburua izan da erakustea arkeologia biomolekularraren teknikak alternatiba erabilgarria izan daitezkeela Goi Erdi Aroko Iberiar penintsulako landa gizarteen askotariko alderdi sozial eta ekonomikoekin lotutako datu berriak lortzeko eta, hala, multzo antropologiko horiei balio historikoa emateko. Horretarako, alde batetik, azterlan antropologiko tradizionala egin zen Boadillan lurperatutako biztanleriaren tamaina eta haien profil demografikoa (adina eta sexua) zehazteko; horrela, ikusi ahal izan zen biztanleria egonkor bat zela eta adin kategoria guztiak zeudela bertan ordezkatuta. Bestetik, ausaz hautaturiko biztanle batzuen karbono-nitrogeno isotopo egonkorrak analizatu ziren. “Teknika horrek premisa bat hartzen du oinarri: jaten ditugun elikagaien konposizio kimikoa gure organismoko ehunen konposizio kimikoan gelditzen da islatuta. Horrenbestez, biztanle talde arkeologiko baten gorpuzki antropologikoen konposizioa aztertuz gero, haien dieta nolakoa zen jakin dezakegu”, azaldu du Maite Iris García Colladok.

Ez dakigu askorik sasoi hartako landako habitatei buruz; izan ere, dauden iturri idatzi urriek ezer gutxi kontatzen digute haiei buruz eta utzi zituzten gorpuzki arkeologikoak urriak dira eta ezkutu samar daude. “Horrelako testuinguruetan ohikoak dira eremu handia hartzen duten hilerriak, ilara irregularrak osatzen dituzten hilobiekin; horietan, pertsona bat edo batzuk ehorzten zituzten bata bestearen ondoren, sarritan askotariko objektuekin batera”, esan du ikertzaileak. Haatik, ez zaio askorik erreparatu hilerri horietako material antropologikoari ‑hau da, herrixka haietan bizi izan zirenen hezurrei eta hortzei‑, zatikatuta eta gaizki kontserbatuta egoten direlako maiz. Horrek oztopoak ekarri ditu biztanleria horien berri izateko, aintzat ematen baitzen haien gorpuzki antropologikoetatik oso informazio urria atera zitekeela. Orain, ikerketa honekin, frogatuta gelditu da analisi biomolekularrari esker biztanle talde baten dieta berregin daitekeela eta, horrez gain, soilik metodo tradizionalen bidez aztertuz gero potentzial urria izango luketen multzo antropologikoen historia osa daitekeela.

Laboreetan oinarritutako dieta

Karbono isotopoak aztertuta, esan daiteke Boadillan lurperatutako biztanleen elikadura neguko laboreetan zegoela oinarrituta; kategoria horren barruan sartzen dira garia, garagarra, zekalea eta oloa. Dena dela, ziklo laburreko laboreek ere pisu handia zuten komunitate haren dietan (kronologia horretan sartzen dira artatxikia eta artatxiki iletsua). “Hori esanguratsua da; izan ere, bai azterlan honek bai aurretik egindako beste batzuek adierazten dute labore txiki horien ekoizpena eta kontsumoa euren ekoizpenaren gainean nolabaiteko autonomia eta kontrola zuten nekazarien bereizgarria izan litekeela. Artatxikiak oso nutritiboak eta ekologikoki eraginkorrak dira, baina tradizionalki ez dira oso preziatuak izan. Horregatik, ez datoz bat goragoko botere batek lantzen diren produktuak kontrolatzen dituen egoerekin, eta zentzu handiagoa dute nekazariek eurek uztak dibertsifikatzeko erabakia har dezaketen egoeretan”, azpimarratu du García Colladok. Nitrogeno isotopoen bidez detektatu ahal izan diren animalia jatorriko elikagaiak (haragia, arrautzak, esnea, esnekiak), bestalde, gutxi eta noizean behin baino ez ziratekeen kontsumituko. Era berean, albo batera utzi ahal izan da arraina kontsumitzeko aukera.

Hortik abiatuta, biztanle taldearen barruan dieta bera nola aldatzen zen aztertu dute. “Laboreen kontsumoari dagokionez ez genuen alderik hauteman adin kategoria batetik bestera. Alabaina, ikusi genuen eredu bati jarraitzen ziotela animalia jatorriko proteinak kontsumitzeko orduan”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak. Nitrogeno isotopoen emaitzen arabera, biztanle gazteenek (2 eta 8 urte artekoek) kontsumitzen zuten animalia jatorriko jaki gutxien. 8 eta 14 urte artekoek haragi, arrautza, esneki eta bestelako elikagai eratorri gehiago kontsumitzen zituzten, eta nerabeek (14 urtetik gorakoek), berriz, helduek bezainbeste kontsumitzen zuten. “Horrek esan nahi du produktuak adinaren arabera eskuratzen zituztela eta gazteenek halako produktu oso gutxi lor zitzaketela. Gainera, erakusten digu gutxi gorabehera 14 urtetik aurrera hasten zirela nerabeak heldu gisa tratatzen”, zehaztu du.

Bestalde, ikertu zuten ea alderik dagoen apaingarri pertsonalekin edo eguneroko tresnekin batera lurperatutako pertsonen elikaduraren eta objekturik gabe lurperatutakoen elikaduraren artean. “Sarritan, uste izan da gorpuzkiekin batera jarri ohi ziren objektu horiek norbanakoaren posizio soziala adieraz zezaketela. Hala balitz, ordea, ez zatekeen alde nabarmenik egongo pertsona esanguratsuagoen dietaren eta pertsona ez hain esanguratsuenen artean”, esan du García Colladok, amaitzeko. Gainera, egiaztatu ahal izan zen hilobi berean lurperatutako norbanakoen dietak antzekoak zirela, eta horrek berretsi egiten du hobiok familia talde handien panteoi gisa erabiltzen zirelako hipotesia.

Azkenik, etxeko animalien lagin batzuk aztertu ziren; izan ere, animalia horien elikadura zehaztea baliagarria izan liteke herrixka horretan lantzen zen abeltzaintza karakterizatzeko. “Emaitzarik interesgarriena da estrategia bat edo beste erabiltzen zela espezie bakoitzerako. Behiak, ardiak eta ahuntzak, ziur asko, herrixkatik gertuko lurretan bazkatzen ziren, eta horrek soro landua ongarritzeko modua ematen zuen. Zaldiak, berriz, kokagunetik urrutixeago zeuden larre irekietara bidaltzen zituzten ziurrenik”, azaldu du ikertzaileak.

Informazio gehigarria

Lan hau UPV/EHUko Arkeologia Arloko doktoregoko ikasle Maite Iris García Colladoren doktorego tesiaren parte da, eta UPV/EHUko Ondarea eta Kultur Paisaiak Ikerketa Taldearen eta Italiako Università degli studi della Campania ‘Luigi Vanvitelli unibertsitatearen arteko lankidetzatik sortu da. Azterlana, gainera, jasota dago iturri arkeologikoetatik abiatuta Iberiar penintsulako iraganeko elikadura aztertzeko lanari buruzko zenbaki monografikoan, Archaeological and Anthropological Sciences aldizkarian; Olalla López-Costas (Santiago de Compostelako Unibertsitatea) eta Michelle Alexander (Yorkeko Unibertsitatea) ikertzaileek editatu zuten monografikoa.

Erreferentzia bibliografikoa