euskaraespañol

Azukrea eta edulkoratzaileak. Zer jakin behar dut?

UPV/EHUren gida berri batek Europar Batasunean erabiltzen diren azukreak eta edulkoratzaileak jaso ditu, baita horiek osasunean izan ditzaketen eraginak ere

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/04/15

Irudia
ezkerretik eskubira, Iván Gómez López, María Puy Portillo, María Teresa Macarulla, Saioa Gómez Zorita, Iker Gómez García eta Irene Besné Eseverri. | Argazkia: Nuria Gonzalez. UPV/EHU

Nutrizioaren Espainiako Sozietateko kideek, Euskal Herriko Unibertsitateko ‘Nutrizioa eta Obesitatea’ taldeko eta CIBEROBNeko kide direnek, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Biologia Zientzien Fakultateko Rafael Urrialde doktorearekin batera, ‘Azúcar y edulcorantes ¿Qué debo saber?’ (‘Azukrea eta edulkoratzaileak. Zer jakin behar dut?’) izeneko gida argitaratu dute. Liburua UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak editatu du, eta Europar Batasunean elikagaiei erants diezazkiekegun azukreak eta edulkoratzaileak jasotzen ditu, baita horiek guztiek gure osasunean izan ditzaketen eraginak ere. Horrez gain, azukre eta edulkoratzaileei buruz entzun ditugun mitoetako asko azaltzen ditu.

Zapore gozoa, oro har, gehien onartutako zaporeetako bat da, gozoa plazerarekin lotzen dugulako. Eta azukreak, hala nola glukosa, fruktosa edo sakarosa, xede horretarako erabiltzen dira. Horietatik ohikoena, denok ‘azukre’ izendatzen dugun hori, sakarosa da, ‘mahaiko azukre’ gisa ere ezaguna dena. Azukre hori azukre kanaberatik edo azukre erremolatxatik ateratzen da. Horrez gain, egun nahiko ohikoa da mahaiko azukrearen barianteak ere aurkitzea, hala nola panela. Azken hori gehiago edo gutxiago findutako azukre beltza da; eta, beraz, ez da osasungarriagoa. Era berean, tradizionalki gozogarri gisa erabili izan dira eztia eta ziropak (zenbait zuhaitzen izerdiak), azukre kopuru handia eta ur kopuru txikia dituztenak. 

Beste alde batetik, azukre askeen kontsumo handiaren ondorioz sortutako osasun arazoak direla eta, hala nola obesitatea, diabetesa edo gaixotasun kardiobaskularrak, merkatuan azukrea ordezteko alternatibak aurki daitezke: azukrerik gabeko produktuak edo, gutxienez, azukre kopuru txikia dutenak. Horiek horrela, Europar Batasunean 19 edulkoratzaile baimendu daude, eta, eskuarki, horien arteko konbinazioak egiten dira elikagaiak eta edariak gozatzeko. 

Gida honetan, modu erraz baina xehatuan deskribatzen dira edulkoratzaileen ezaugarri nagusiak, eta azukrearekin alderatzen dira; hala, kontsumitzaileak behar duen informazioa izango du azukre bat edo edulkoratzaile bat aukeratzeko orduan. Gainera, gidari esker, zenbaitetan oso argi ez dauden beste alderdi batzuk ere argitu ahal izango ditugu; adibidez, ea edulkoratzaileak egokiak diren obesitatearen pandemiari aurre egiteko edo ea diabetes mellitus daukaten pertsonek edulkoratzaile guztiak har ditzaketen. Beste alde batetik, teorian edulkoratzaileak azukrea baino onuragarriagoak izan daitezkeen arren, energia ekarpen txikiagoa dutelako, ondorio negatiboak ere badituzte, eta ez dira egokiak ez pertsona guztientzat, ez eta adin edo egoera fisiologiko (haurdunaldia edo edoskitzaroa) edo patologiko guztietarako ere. Adibidez, polialkoholek (sorbitola, xilitola edo maltitola) azukreak baino kaloria gutxiago dituzte eta ez dute txantxarrik eragiten, baina kopuru handiak kontsumitzen baditugu, eragin libragarria izan dezakete, baita abdomeneko mina eta beherakoa eragin ere. Edulkoratzaile bat aukeratzeko orduan kontuan izan beharreko beste alderdi bat da guztiak ezin direla sukaldean edozertarako erabili. Sukralosa eta aspartamoa degradatu egiten dira tenperatura handitan, eta konposatu toxikoak sor ditzakete, eta beste edulkoratzaile batzuk ez dira uretan disolbagarriak, eta, beraz, prestakin edo edarietan ez dira disolbatuko. 

Azukre eta edulkoratzaileei buruzko mito eta eztabaidei buruzko zalantza batzuk ere argitzen ditu gidak; adibidez, ea edulkoratzaileek mikrobiota kaltetzen duten edo, aldiz, harentzat onuragarriak izan daitezkeen. Sakarosa eta aspartamoaren kontsumoaren eta minbiziaren arteko harremana ere jorratzen da, baita eritritolaren eta arrisku kardiobaskularraren artekoa ere; izan ere, azken horrek hainbat alarma piztu ditu herritarren artean azken urteetan, eta, askotan, alferrik. 

Azkenik, adierazi beharra dago azalpen guztiak ulerterrazak direla, gida herritarrei zuzenduta baitago. Ebidentzian oinarritutako informazio zientifiko-tekniko zehatza jasotzen du, gidaren amaieran jasota dauden iturri nagusietan bertan ere kontsulta daitekeena. Horren xedea da irakurleek informazio gehiago eskuratu ahal izan dezatela zuzenean iturri nagusietara jota.

Informazio gehigarria 

‘Azukrea eta edulkoratzaileak. Zer jakin behar dut?’ gida Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu du, eta hauek dira haren egileak: María Teresa Macarulla, Rafael Urrialde, Iker Gómez García, Irene Besné Eseverri, Ivan Gomez Lopez, María Puy Portillo eta Saioa Gómez Zorita; horietako batzuk UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko, Karlos III.a Osasun Institutuko Sareko Ikerketa Biomedikorako Zentroko Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologia Ataleko eta Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko kideak dira.