euskaraespañol

‘Baso eskola eta hezkuntza ekosoziala’ jardunaldia

Noiz eta non

2024/05/28, 11:00

Kokapena

Antonio Beristain Areto nagusia - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Asteartean, maiatzak 28an, 11:00ean, UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroan (areto nagusia), Donostian, ‘Baso eskola eta hezkuntza ekosoziala’ jardunaldia hartuko du, hiru ardatz nagusitan egituratuta: batetik, Erresuma Batutik, Bath Spa Universityko irakaslea den Mel McCree irakasleak hitzaldia eskainiko du. Izenburua: ‘Baso-eskola: ikasbideak Erresuma Batuko esperientziatik’. Jarraian, Carlos Gómez Chuliák, FUHEM fundazioaren Hezkuntza Ekosozialeko koordinatzaileak saio berezi bat burutuko du (Ikuspegi ekosozialarekin ikas-egoerak diseinatuz), unitate didaktikoen programaziora bideratua. Azkenik, Gipuzkoako hiru eskoletako (Zaldibiako Lardizabal Eskola, Alkizako Herri Eskola eta Aizarnazabaleko Basakaitz Eskola) zuzendariek bideratu dituzten esperientzien inguruan mahai borobil bat osatuko da. Azken saio hau Maialen Sistiaga Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleak bideratuko du. 

Jon Diaz Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleak dio: “Jardunaldi hau iaz abiatu genuen ikerketaren emaitzetako bat da. Aurreko ikasturtean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak zabaldu zituen dirulaguntzak bideratu du egitasmo hau. Helburu nagusia Aire Zabaleko Hezkuntza Trantsizio Sozio-ekologikorako hezkuntza-agendan aztertzea izan da. Proiektuaren ikerlari nagusia Larraitz Altuna Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea izan da. Halaber, 2023. urteko hezkuntza curriculum berriak eragindako aldaketak bultzatu du azterlan hau, lehenengo aldiz trantsizio sozio-ekologikoaren helburuak curriculumean bildu direlako. Egoera berri honek haur eta ikasleen gaitasunak eta eskubideak arlo honetan garatzeko baldintzak izenpetu ditu. Holako egitasmoak eskola askorentzat berriak izango diren arren badira gure inguruan urte luzez arlo honetan aritu diren eskolak eta horien presentzia eta esperientziak ezagutu eta zabaltzea izan da asmo nagusia. Guk hiru eskolekin izan dugu harremana, Zaldibiako Lardizabal Eskola, Alkizako Herri Eskola eta Aizarnazabaleko Basakaitz Eskola. Beste bi elkarteren laguntza ere jaso dugu, batetik, Kutxa Ekoguneko Koordinatzaile eta arduradunak eta bestetik FUHEM Fundazioaren Hezkuntza arduradunarena”.

Hizlariei buruz

Mel McCree

Haur Hezkuntzako irakasle eta ikertzailea Bath Spa Unibertsitatean (Erresuma Batua). Jolasa, artea, eta ikaskuntza aire zabalean aditua, hogei urteko esperientziarekin. 2014an burutu zuen bere doktore tesia (Baso-eskolako profesionalen esperientzien etnografia bat) Gloucestershireko Unibertsitatean. Egun, bere ikerlerroak dira baso-eremuak hezkuntzaren zerbitzura jartzeko kultura-politikak, haurren ahotsak klima-justiziarako, eta espezieen arteko harremanak naturan oinarritutako jolasaren bidez.

Carlos Gómez Chuliá

Lehen Hezkuntzako irakaslea. Geografian eta Ingurumen Zientzietan gradua. HEGOAko Nazioarteko lankidetza eta garapenean masterra. Ordutik dihardu lantzen Eraldaketa Ekosozialerako Hezkuntza nola integratu curriculumean. Irakasleen aholkularitza eta prestakuntzarako El Aula Revuelta hezkuntza plataforma, eta nazioarteko lankidetzako WILLKA proiektua (Madagaskar) koordinatzen ditu. Willka, Kokoa eta Vendaval eleberriak idatzi ditu. Gaur egun FUHEM Fundazioan Hezkuntza Ekosozialeko Koordinatzailea da.

*Izena-ematea esteka honetan.
*Jardunaldia online jarraitu ahal izango da: https://ehutb.ehu.eus (1 ala 2 kanala).