euskaraespañol

Liburu aurkezpena: ‘Bertsolarien ahoz: Modernizazio prozesua eta identitate bideak Gipuzkoan, 1830-1936’

Noiz eta non

2018/06/13, 19:30 - 00:00

Kokapena

Gipuzkoa

Deskribapena

Astigarragako Kultur Etxean (Kale Nagusia, 48), ‘Bertsolarien ahoz: Modernizazio prozesua eta identitate bideak Gipuzkoan, 1830-1936’ liburuaren aurkezpena egingo da. Lana Luzia Alberro Goikoetxeak idatzi eta UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu du.

Aurkezpenean egileaz gain Maialen Lujanbio eta Agin Laburu bertsolariak izango dira.

Liburua doktorego tesi baten emaitza da. Hiru helburu nagusi izan ditu egileak hau osatzerakoan: bertsolarien lanek Euskal Herriko historiarako iturri historiko gisa duten balioaz ohartaraztea; XIX. eta XX. mendeko Euskal Herriaren historiarako modernizazio prozesuaren azterketan herri xeheak aldaketa horiek nola bizi izan zituen entzuteari garrantzia ematea, modernizazioaren subjektu hartzaile izateaz gainera, subjektu aktibotzat ere hartuz; eta, azkenik, euskal identitatearen edota euskal identitateen gaia arazo gisa sortu eta gizartean zabaldu zeneko garaira ikuspegi kritikoz hurbiltzea.

Sei dira liburu honetan aurkitzen diren bertsolarien ahotsak: Xenpelar (Errenteria, 1835-1869), Bilintx (Donostia, 1831-1876), Pello Errota (Asteasu, 1840-1919), Pedro Mari Otaño (Zizurkil, 1857-Rosario-Argentina, 1910), Txirrita (Hernani, 1860-Altza, 1936), Jose Mari Lopetegi (Irun, 1875-Arrueta, 1942). “Bertsolarien esanak historiografiarekin alderatu ditugunean ikusi ahal izan dugu modernizazioaren alderdi nagusi guztiei buruz mintzatu zirela bertsolariak: ez agian datuak emanez, ez fenomenoen azterketa sakonak eginez, baina bai horien inguruko bizipen eta esperientziak argiro agertuz. Bertsoak eguneroko bizitza aztertzeko, historia soziala egiteko aparteko iturriak direla ikusi ahal izan dugu”, dio autoreak.