euskaraespañol

Ikasleen eskubideak izan dira ardatz UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak ikasturte honetan egin duen azken bileran

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/07/20

UPV/EHUko Gobernu Kontseilua
Gazteak Gipuzkoako Campuseko zelaian ikasten | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak ikasturte honetarako egin duen azken bilkuran, unibertsitateko ikaslearekin eta ikasleen eskubideak zabaltzearekin lotutako zenbait xedapen onartu dira.

Horrela, Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, Bizikidetza Arautegia onartu du UPV/EHUn elkarren arteko ulermena eta bizikidetza baketsua bultzatzeko eta balio demokratikoekiko, oinarrizko eskubideekiko eta askatasun publikoekiko errespetua sustatzeko.

Arautegi honek alderdi hauek sustatu nahi ditu: aniztasunarekiko errespetua eta tolerantzia, berdintasuna, inklusioa eta kolektibo babesgabeen aldeko ekintza positiborako neurriak hartzea; adierazpen askatasuna, biltzeko eta elkartzeko eskubidea, irakaskuntzarako askatasuna eta katedra askatasuna; edozein indarkeria, diskriminazio edo jazarpen oro ezabatzea, arrazoia edozein delarik: sexua edo beste edozein ezaugarri edo inguruabar pertsonal zein sozial; hizkuntza eskubideen errespetua; bizikidetza baketsua eta eraikitzailea; gardentasuna eta zuzentasuna jarduera akademikoaren garapenean; unibertsitatearen ondasun eta baliabideen erabilera eta kontserbazioa; espazio komunen errespetua, baita espazio digitalena ere; unibertsitatearen izena eta ikurrak UPV/EHUk ezarritako protokoloen arabera erabiltzea.

Arautegi hau ezarriko zaie UPV/EHUko kide guztiei, unibertsitatetik kanpokoak diren eta bertan zerbitzuak ematen dituzten enpresetako kideei eta campusetan jarduerak egiten dituzten guztiei. Arautegi honetan oinarrizko arauak daude zehaztuta, gero arau zehatzagoen bidez garatuko direnak ekitaldi akademiko eta kulturaletarako, hauteskundeetarako eta unibertsitatearen ondasun eta baliabideen erabilerarako.

Arautegi honetako gai garrantzitsu bat da Bizikidetza Batzordea sortzen dela, unibertsitateko talde guztietako ordezkariekin osatua. Batzordearen funtsezko eginkizuna da bitartekaritzaz arduratzea ikasleen diziplina prozeduretan (Unibertsitate Bizikidetzari buruzko Estatuko Legearen edo UPV/EHUko Ikasleen Falta eta Zehapenei buruzko Arautegiaren babesean hasitako prozeduretan) eta, ahal den heinean, zehapenen ordez akordioak edo bestelako neurriak ezartzea erabaki dezake.

Eva Ferreira errektorearen iritziz, "arautegi hau onartuta, gure unibertsitateak apustua egiten du entzuten jakitearen, elkarrizketaren, bizikidetza eraikitzailearen eta bitartekaritzaren bidez gatazkak modu baketsuan konpontzearen alde, eta zigortzea helburu duten zehapenen ordez heziketara bideratuak hobesten ditugu. Era berean, genero berdintasunaren eta aniztasunarekiko errespetuaren aldeko konpromisoa indartzen da”.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak

Bestalde, Gobernu Kontseiluak aldaketa garrantzitsu bat onartu du Hezkuntza premia bereziak dituzten UPV/EHUko ikasleei aukera berdintasuna bermatzeko Arautegian, zehazki, haren ezarpen eremua zabaltzeko. Arautegia 2015az geroztik dago indarrean, UPV/EHUn 2003an hasita egon arren arloko horretako ekintzak bultzatzen, eta, hain zuzen ere, 2003an sortu zen Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua, ikasle horiei bidea emanez unibertsitatean ikasteko eta bertako bizitzako alderdi guztietan parte hartzeko.

Aldaketa horren bidez, euskal unibertsitate publikoak zabaldu egiten du neurri horien ezarpen eremu subjektiboa: hala, orain, premia bereziak izanik berezko tituluetan matrikulatuta dauden ikasleei ere aitortzen zaie arreta izateko eta ikasleei laguntzeko baliabideak erabiltzeko eskubidea, orain arte eskubide hori zuten bakarrak graduko ikasketa ofizialetan, masterretan eta doktoregoan matrikulatutako ikasleak, mugikortasun programetako ikasleak eta unibertsitatera sartzeko proban matrikulatutako ikasleak baitziren. Bestalde, arreta sistemak berak iraun ahal izan dezan, titulazio bakar batean emango zaie arreta ikasketa ziklo bakoitzeko (gradua, masterra eta, ikasten jarraituz gero, doktoregoa). Horrela, bermatuta egongo da behar duten ikasle guztiek laguntza espezializatua izatea Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketen arloan egingo duten ibilbide osoan.

Eva Ferreira errektoreak adierazi du: “Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen aldaketak aurrerapauso handia dakar hezkuntza inklusiboa, bidezkoa eta kalitatezkoa ezartzearen arloan, eta, gainera, bermeak dituenez arreta sistemak berak iraun dezan, Euskal Herriko Unibertsitatea, aurrerantzean ere, erreferente izango da hezkuntza premia bereziak dituzten unibertsitateko ikasle guztien aukera berdintasun benetakoa eta eraginkorra babesten.”