euskaraespañol

Bootcamp tailerra: Ideia bat dut... negozio baterako?

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/04/17

Irudia
Gipuzkoako Campuseko hogei bat ikasle gerturatu ziren orain dela gutxi inauguratutako EKINN eraikinera | Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko hogei bat ikasle gerturatu ziren orain dela gutxi inauguratutako EKINN eraikinera, Donostia Sustapenak eta Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak antolatutako Gazteen Ekintzailetza Bootcampean parte hartzeko. Ikasleen ekintzailetza kultura sustatzea zen Bootcamp honen helburua, negozio ideia bat baliozkotzeko tailer baten bidez. 

Aimar Insaustik, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetzako eta Transferentziako zuzendariak, honakoa adierazi zuen: “Hainbat ingurunetako ikasleak erakarri nahi izan ditugu, gai jakin batean sakontzeko. Campuseko ikasle guztiek parte har zezaketen Bootcampean, baina hedapena nahiko modu selektiboan egin dugu. Ingurune egokiak bilatu genituen fakultate edo eskola bakoitzean; esaterako, hezkuntza programak edo unibertsitatea-enpresa-gizartea gelak. Hala, gai baten gaineko ezagutza sakonean oinarrituta, merkatura eramateko moduko aplikazio bat identifikatzen lagundu die ikasleei Bootcampak”. 

Goizean zehar, negozio ideiak baliozkotzeko metodo bat landu zuten parte hartu zuten ikasleek. Balorazioaren ondoren, euren ideiaren aurkezpen eraginkorra egiten ikasi zuten. 

Donostia Sustapeneko ekintzaileei laguntzeko langileek dinamizatu zituzten jarduera horiek guztiak. Gainera, berrikuntzara eta ekintzailetzara bideratutako EKINN eraikin berria ezagutzeko balio izan zien jardunaldiak unibertsitateko ikasle gazteei. Eraikin honek erreferentziazko espazio bat izan nahi du, aukerak sortzeko eta hiriko egitasmo berritzaileak negozio berri bilakatzen laguntzeko. 

Iñigo Olaizolak, Donostia Sustapeneko zuzendari gerenteak, honakoa esan zuen: “Ekintzaileen errealitatea hiritarrei eta, bereziki, gazteei gerturatzea da bisitatu duzuen espazio berri honen helburuetako bat. Zuen ideiak eta egitasmoak enpresa proiektu bilakatzeko behar dituzuen baliabideak eskaini nahi dizkizuegu, zuren bizi proiektua eta proiektu profesionala Donostian garatu ahal izan ditzazuen. Hori dela eta, EKINN espazio hurbila eta irekia da, eta beti izango dituzue ateak irekita”. 

Saioa amaitzeko, partaideek lehen eskutik entzun ahal izan zuten Oihana Gordobilen testigantza. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikasle ohia da, eta LignoBasque startuparen fundatzaileetako bat. EKINN+ startupen azelerazio programaren edizio honetan parte hartzen ari da LignoBasque. UPV/EHUren spin-off horrek hainbat prozesu industrialetako kalitatea ikuskatzeko eta kontrolatzeko sistema eramangarriak garatzen ditu, kostuak nabarmen murriztuz. Oihanak azaldu zuenez, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan doktorego tesia amaitu ondoren, ikuspuntu akademikotik ezagutzen zuen teknologia disruptibo bati irteera komertziala emateko aukera ikusi zuen.