null

Annick Laruelle

Botorako eskubidea EBn: Guztiok berdinak, baina batzuk besteak baino berdinagoak

Ekonomia Analisiaren Oinarriak I irakasgaiko Ikerbasque irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/22

Annick Laruelle. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

EUROSTATen azken datuen arabera, Europar Batasuneko 13,3 milioi herritar beste estatu kide batean bizi dira. 1992an, Maastrichteko Tratatuak botoa emateko eskubidea bermatu zien udal hauteskunde eta Europako hauteskundeetan, baina ez eskualde eta estatuko hauteskundeetan, ordea.

Halaber, Europar Batasunean bizi diren 21,8 milioi pertsona EBtik kanpoko herrialdeetatik datoz. Zer herrialdetan bizi diren, udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea dute edo ez. Salbuespenak salbuespen, ezin dute gainerako hauteskundeetan botorik eman.

Migratzaileen (immigratzaileak eta emigratzaileak) hauteskunde eskubideak ebaluatzeko, bi arau printzipio nagusi erabil daitezke: igualitarismoa eta utilitarismoa.

Igualitarismoak berdinkideak berdin tratatzea du helburu.

Utilitarismoa gizarterako balorazio globala egiten saiatzen da, onurak batuz eta kostuak kenduz.

Igualitarismoarekin:

  • Herritarren eta migratzaileen arteko berdintasunak justifikatzen du sufragio unibertsala.
  • Herrialde batean bizileku iraunkorra duten heldu guztiak berdin daude legeei lotuta. Erabaki kolektiboek heldu guztiei eragiten badiete, berdinak dira, eta justifikatu egiten da egoiliar guztien sufragioa.
  • Erresuma Batuan bizi diren immigratzaile irlandarrek eta Irlandan bizi diren immigratzaile britainiarrek sufragio eskubide berak dituzte. Igualitarismoak justifikatzen ditu elkarrekikotasun hitzarmen horiek.

Utilitarismoarekin:

  • Emigratzaileen botoak jatorrizko gizartearekiko loturei eusten die. Alabaina, historikoki emigratzaile ugari izan dituen herrialde batek beldurra izan dezake kanpoko botoak ez ote duen gehiegizko garrantzia izango. Hauteskundeak kanpoan antolatzeak badu kosturik.
  • Irlandarrek botoa emateko eskubidea galtzen dute emigratu eta 18 hilabeteren buruan. Indar armatuetako kideek eta diplomazialariek ez, ordea. Ikuspegi utilitaristak justifikatzen du eskubide hori, estaturako betetzen dituzten eginkizunak direla eta.
  • Immigratzaileek botoa emateko aukera dutenean, horien integrazioa sustatzen da, eta immigratzaileak hartzen dituen gizarteak ere onura jasotzen du: kultur aniztasun handiagoa. Baliteke historikoki immigratzaile ugari jaso izan dituen herrialde batean kezka sentitzea beharbada nortasuna neurri batean galduko dutela pentsatzeagatik.

Grezierazko demoak hauteskundeetan botoa emateko eskubidea duen populazioa definitzen du. Herritarrek –hots, nazio lurralde bateko nazionalitatea duten eta bertan bizi diren helduek– osatzen dute demoa. Emigratzaile eta immigratzaile helduei dagokienez, baliteke demoaren parte izatea edo ez. Lau mota bereizten dira:

  • Demo insular deritzona herritarrek bakarrik osatzen dute. Ez immigratzaileek, ezta emigratzaileek ere, ez dute sufragiorako eskubiderik.
  • Demo nazional izenekoa nazionalitatea duten helduek osatzen dute. Emigratzaileek botoa emateko eskubidea dute, baina immigratzaileek ez, ordea.
  • Demo postnazional deritzona egoiliar helduek osatzen dute. Immigratzaileek sufragiorako eskubidea dute, baina emigratzaileek galdu egiten dute.
  • Demo unibertsal izenekoa, azkenik, herritarrek, emigratzaileek eta immigratzaileek osatuta dago.

Udal hauteskundeak

Europar Batasuneko 12 herrialdetako (Belgika, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Hungaria, Irlanda, Lituania, Luxenburgo, Herbehereak eta Suedia) udal hauteskundeen demoa postnazionala da: immigratzaileek botoa eman dezakete baina emigratzaileek ez.

Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan herritar europarrek baino ez dute boto eskubidea.

Espainiak eta Portugalek elkarrekikotasun hitzarmenak eginak dituzten herrialdeetako immigratzaileei ere ematen diete eskubide hori. Emigratzen dutenean, Europako herritar guztiek galtzen dute jatorrizko herrialdeko udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea.

Eskualde hauteskundeak

Eskualde hauteskundeen demoa demo insularraren eta demo nazionalaren artean dabil. Emigratzaileen egoera oso askotarikoa da, eta ez da ezinbestean uniformea herrialde beraren barruan. Austrian, 3 probintziatako emigratzaileek 10 urtean bozka dezakete, baina horrelako eskubiderik ez dago gainerako probintzietan. Atzerritarrek ezin dute botorik eman.

Hauteskunde nazionalak

Hauteskunde nazionalen demoa gehienbat nazionala da. Atzerritarrek ezin dute botorik eman. Hona hemen salbuespen bat: Irlandako hauteskunde orokorretan bozka dezakete britainiarrek.

2015ean erreferendum bat egin zuten Luxenburgon, hamar urtean baino gehiagoan bertan bizi izandako atzerritarrek botoa emateko eskubideari buruzkoa. Bost parte-hartzaile bakoitzeko ia lauk ezezkoa eman zioten proposamenari.

Europar Batasuneko herrialde gehienek atxikitzen dute herritik kanpo bizi diren herritarren boto eskubidea, baina salbuespen batzuk ere badaude. Irlandarrek galdu egiten dute botoa emateko eskubidea emigratzen dutenean. Alemaniarrek eta suediarrek galdu egiten dute herrialdetik kanpo urte batzuk eman ondoren.

Askotarikoak dira atzerritik bozkatzeko baldintzak. Estoniarrek elektronikoki eman dezakete botoa, baina greziarrak Greziara itzuli behar dira bozkatu ahal izateko.

Europako hauteskundeak

Europako herritar guztiek dute eskubidea Europako hauteskundeetan botoa emateko.

Beste estatu kide batean bizi diren europarrek aukera dute bizi diren herrialdeko hauteskunde erroldan edo jatorrizko herrialdekoan sartzeko.

Europar Batasunetik kanpo bizi direnek enbaxada edo kontsuletxe batean bozka dezakete, herrialde hauetako nazionalitatekoek izan ezik: Bulgaria, Zipre, Danimarka, Grezia eta Italia.

Guztiok berdinak ote?

Sufragio eskubideari dagokionez, George Orwellen Animal Farm (Abereen etxaldea) lanaren 10 aginduetako azkenak indarrean dago oraindik: «Animalia guztiak berdinak dira, baina zenbait animalia beste batzuk baino berdinagoak dira».