null

Sendoa Ballesteros Peña

PMR 7-7 kanala: Jostailuzko walkie-talkie batek bizitza salba diezaguke

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle elkartua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/12

Sendoa Ballesteros Peña
Sendoa Ballesteros Peña. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Errege gauean familiako txikientzako PMR walkie-talkieak agertuko ziren, akaso, Gabonetako zuhaitz askoren azpian.

Agian ez da izango aurtengo opari izarretako bat; baina gehien espero diren opari horien osagarri izan daiteke jostailu hau. Edonola ere, produktu horren erabilgarritasuna olgetatik eta haur jolasetik harago doa, zalantzarik gabe.

Izan ere, ondo erabilita, ataka larri batetik baino gehiagotatik irteten lagun diezaguke.

Mendi txango arrunt bat...

Demagun igande arrunt bat dela, eta mendian, bakarrik, korrika egitera joatea erabaki duzula. Trail running direlakoak boladan daude eta serio entrenatzen hasia zara.

Maldan behera zindoazela, zoru malkartsua izaki, harri batekin estropezu egin duzu, eta aldapan behera erori zara biraka. Azkenik, gelditzea lortu duzunean, altxatzen saiatu zara, baina, hara, ezin.

Min izugarria duzu, eta ez zara altxatzeko gai; eta zer esanik ez ibiltzeko. Orkatila hautsita izango duzu beharbada. Gerriko poltsatik telefono mugikorra atera duzu 112ra deitu eta laguntza eskatzeko, baina... ez dago seinalerik.

Aurrez aurre dagoen tontorrean mendizale talde bat ikusi duzu. Oihu egin duzu etsita, baina ez zaituzte entzuten. Haizea kontra daukazu, gainera. Une horretan ohartu zara laguntza eskatzea lortzen ez baduzu, ez dela erreskaterik egongo. Orkatilako lesioa arazorik txikiena izango da gauez, hipotermiak bertan akaba zaitzake eta.

Larunbat bazkalosteko film baten trailerra izan liteke azaldutakoa, baina, zoritxarrez, horrelako egoerak gertatu egiten dira gure inguruan. Natura inguruneko jarduerek turismo edo kirol arloek erakarrita akaso, mendiko istripuen intzidentziak gora egin du nabarmen azkenaldian. Are gehiago, erkidego batzuetan osasun publikoko arazotzat dute hainbat adituk.

Mendian istripu bat izanez gero, erabakigarria da larrialdi zerbitzuei ahalik eta azkarren helaraztea laguntza eskaera eta alerta goiztiarra. Izan ere, horrek baldintzatuko ditu ezbeharraren eboluzioa eta hura ebazteko aukerak.

Hala eta guztiz ere, hiri testuinguruetatik kanpoko larrialdietako arreta benetako erronka bat da erreskate taldeentzat, besteak beste ingurunearen orografiaren ondoriozko irisgarritasun eta komunikazio zailtasunak direla kausa.

Telefono mugikorra

Ukaezina da telefono mugikorra dela komunikatzeko baliabiderik eraginkorrena. Izan ere, ahozko komunikazioa ahalbidetzeaz gainera, mota guztietako eduki digitalak trukatzeko eta aplikazioak erabiltzeko erabil dezakegu.

Larrialdirik egonez gero, gainera, 112 zerbitzuarekin berehala harremanetan jartzeko aukera ematen digu, baita SIM txartelik, saldorik eta estaldurarik gabe edota blokeatuta badago ere.

Telefonoek ondo baino hobeto funtzionatzen dute hiri inguruetan, GSM antenak egoten direlako. Baina errendimendua ez da batere ziurra izaten hiritik kanpo dauden urrutiko lekuetan.

Irratia

Telefonia mugikorra sortu baino lehen, irratia erabili ohi zuten mendizaleek edota mendi klubetako kideek. Horri esker, taldeak beren artean komunika zitezkeen, bai eta horiek mendi aterpeekin ere.

Irrati gailu analogikoak gai dira soinua airean zehar transmititzeko, erradiazio elektromagnetiko gisa (irrati uhinak). Igortzen diren seinaleen hedapen eta irismena oztopo fisikoen presentziak eta atmosferak berak baldintzatzen dituzte neurri handi batean.

Hala, telefonia mugikorraren kasuan ez bezala, irratien errendimendua mugatua izaten da hirietan (eraikinez josiak daude eta horiek uhinak xurgatzen dituzte). Baina, hori bai, oso-oso erabilgarria da ingurune zabaletan; mendian, kasu.

Izan ere, PMR (Personal Mobile Radio) walkie-talkie bat erabiliz, zuzenean komunika daitezke kanal eta azpitonu bera erabiltzen duten pertsonak, nahiz eta elkarrengandik hainbat kilometrotara egon. Potentzia txikiko irrati sistema bat da, erabilera librekoa, eta bertsio analogikoak 16 kanal ditu, eta kanal bakoitzeko 38 azpitonu.

Horrelako gailuen irismen teorikoa hamar kilometro baino gutxiagokoa dela kalkulatu dute fabrikatzaileek. Baina, aldeko baldintzak gertatzen badira, oztoporik gabeko ingurune zabal batean distantzia handiagoak ere lor daitezke.

Oro har, PMR batekin, ikus dezakegunarekin komunikatzeko gai izango gara. Hau da, tontor baten gainean dauden beste pertsona batzuekin harremanetan jarri ahal izango genuke, baldin eta begi bistan baditugu eta haiek ere PMR walkie-talkie bat badute kanal eta azpitonu berean sintonizatua.

PMR 7-7 kanalaren ekimena

2015az geroztik, «PMR 7-7 kanala» («Canal 7-7 PMR») izeneko ekimena sustatu da Espainian eta Frantzia hegoaldean. Ekimenaren bitartez, PMR gailuen 7. kanala - 7. azpitonua erabiltzea proposatzen da, natura ingurunean egiten diren jardueretan komunikatzeko erreferentziazko kanal gisa.

Hori sintonizatuta, beste mendizale edo talde batzuekin harremanetan jarri ahalko ginateke, edota laguntza eskatzeko deia egin edo jaso ahal izango genuke erraz.

Telefonia mugikorraren osagarri gisa (edo uneren batean izan dezakeen eraginkortasun ezaren aurrean), PMR irratiak kanal eta azpitonu horretan erabiltzeak erraztu egin dezake txangoa egiten ari diren kideen arteko koordinazioa. Gainera, hurbil dauden eta laguntza, informazioa edota sorospena behar edo eman dezaketen beste talde batzuekin komunikatzeko aukera errazten du.

Era berean, erreskate zerbitzuekin zuzenean komunikatzeko bidea ere izan liteke, ezbeharra gertatu den lekura hurbiltzen ari direnean harremanetan egoteko.

Horrelako gailuak merkatuan eskuratzea erraza eta merkea denez, olgeta helburuetarako erraz zabaldu ziren jendartean. Hala eta guztiz ere, garrantzitsua da mendira egiten diren irteera guztietan segurtasun elementu gisa erabiltzeko ohitura bultzatzea.

Zenbat eta PMR gailu gehiagok izan 7. kanala - 7. azpitonua sinkronizatuta, orduan eta errazago bermatu ahal izango da ezbeharrak gertatzen direnean laguntza garaiz jasoko dela. Baita ezbeharraren kokapena ohiko larrialdi zerbitzuen jardute eremutik urrun badago ere.

The Conversation