euskaraespañol

Alejandro Cearreta

Kanadako aintzira bat izango da Antropozenoaren hasiera markatuko duen kokalekua

Paleontologiako katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/07/17

Irudia
<a href="https://www.freepik.es/foto-gratis/disparo-alto-angulo-claro-lago-helado-rodeado-paisaje-montanoso_10400547.htm#query=lago%20canada&position=4&from_view=search&track=ais">Imagen de wirestock</a> en Freepik

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Benetan bizi al gara Antropozenoan, giza jardueraren inpaktu globalak markatutako denbora geologikoan? Eta hala balitz, noiz hasi zen eta Lurreko zein lekuk islatzen du ondoen aro berri horren hasiera?

Galdera horiei erantzun nahi die Antropozenoari buruzko Lantaldeak (AWG, ingelesez). Talde hori Kuaternarioko Estratigrafia Azpibatzordeak sortu zuen 2009an, kontzeptu horren definizioa proposatzeko eta denbora geologikoaren balizko unitate gisa duen potentziala balioesteko.

Gaur egun, AWG bere egitekoa amaitzen ari da, pasa den uztailaren 11n iragarri baitu Kanadako Crawford aintzira hautatu duela Antropozenoaren hasiera definitzeko erreferentziazko sedimentu erregistroa duen leku gisa. Baina, zer du bereziki leku horrek garai geologiko desberdinen arteko banalerro gisa aldarrikatzeko?

Azelerazio Handiaren aztarna

Eratu zenetik, AWGk sedimentu eta arroka berrienetan gordeta dauden ebidentzia fisiko, kimiko eta biologikoak ebaluatu ditu, eta haien izaera eta garrantzia aztertzen joan diren lan zientifiko ugari argitaratu ditu.

Azterlan horiek ondorioztatu dute Antropozenoa esanguratsua dela eskala geologikoan, giza inpaktu berriak oso azkarrak eta nabarmenak izan direlako lurrazalean gertatzen diren prozesuetan. Inpaktu horietako askok aldaketa itzulezinak eragin dituzte, eta horrek gainditu egiten du Holozenoko aldakortasun tarte natural urria –azken fase klimatiko interglaziarra–, duela 11.700 urte hasi zena.

Estratu geologikoetan, AWGk adierazle multzo garrantzitsu bat identifikatu du, bat datorrena XX. mendearen erdialdeko ‘Azelerazio Handia’ izenekoarekin, zeina Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, giza biztanleria, energia kontsumo, industrializazio eta globalizazioaren inoiz ez bezalako gorakadak sustatu baitute. Estratu horien artean, ondokoak nabarmentzen dira:

  • Atmosferan arma termonuklearrekin egindako proben ondoriozko erradioisotopoak (plutonioa, adibidez).
  • Erregai fosilak tenperatura altuetan erretzeak eragindako ikatz partikulak.
  • Mikroplastikoak.
  • Biodibertsitatean aldaketak; besteak beste, espezieak desagertzea, beren banaketa-eremu naturaletik kanpo lekualdatzea eta etxekotutako organismoen hedapen handia.

Zer da ‘urre-koloreko iltze’ bat?

Urte hauetan zehar, AWGren gehiengoak erabaki du Antropozenoa geologikoki erreala dela eta unitate independente gisa formalizatu behar dela, denbora geologikoaren nazioarteko eskalaren barruan. XX. mendearen erdialdean hasi zen (1950eko hamarkadan), geroztik sedimentuetan erregistratutako aldibereko seinaleen eta seinale globalen arabera.

Gainera, AWGk ezarri zuen beharrezkoa dela haren erreferentzia lekua zehaztea denbora muga material baten bidez, estratotipo global (GSSP) izenekoa, edo, hizkera arruntean, ‘urre-koloreko iltzea’. Hori da azken 540 milioi urteetako unitate geologikoak formalizatzeko metodorik onartuena.

Hautatzeko irizpideak

2019az geroztik, lankidetza-proiektu bat garatu da AWGren eta ikerketa laborategi askoren artean, Anthropocene Curriculum izeneko nazioarteko ekimen baten esparruan. Proiektu hori Haus der Kulturen der Welt-ek eta Zientziaren Historiarako Max Planck Institutuak sustatu dute; Alemaniakoak dira biak ala biak.

Hasiera batean, GSSP hori har lezaketen hainbat sekzio geologikoren hamabi proposamen zehatz jaso ziren, bost kontinentetan eta zortzi ingurune geologikotan kokatuta. Horiek guztiak 2023an argitaratu dituzte, Anthropocene Review aldizkari zientifikoaren ale tematiko berezi baten barruan. Lan horiek izan dira informazio iturri nagusia boto eskubidea duten AWGko kideek hautaketa prozesuan zehar proposamenak egin zitzaten.

Hasierako azterketa egin ondoren, leku horietako batzuk ez ziren GSSPa izatea lortzeko egokitzat jo, eta, beraz, azkenean, AWGk xehetasunez aztertu zituen erreferentziazko bederatzi sekzio. Hautagai egokiek sedimentu geruza finak zituzten, eta geruza horiek urtez urte azter zitezkeen. Hala, haien adina berretsi zitekeen sedimentu erregistro osoa bermatzen zuten elementu erradioaktiboen presentziari esker.

GSSP bati buruzko erabakiak hartzeko ezarritako prozedura estratigrafikoak estandarizatuta daude jada geografian, eta komunak dira edozein denbora geologiko definitzeko. Hala, ‘urre-koloreko iltze’ batek beharrezko ditu lehen begiratuan ikus daitekeen markatzaile fisiko bat eta, gutxienez, seinale adierazle bat (adibidez, aldaketa geokimiko bat), adin bereko sedimentu eta arroketan, eta planeta osoan dagoena.

Proposamen horiek aurkeztu zituzten talde gehienek plutonioa identifikatu zuten adierazle nagusi gisa, eta Antropozenoaren hasiera elementu erradioaktibo horren seinalea areagotu zenean kokatzea proposatu zuten.

Eta irabazlea da...

AWGren eta talde proposatzaileen arteko hasierako eztabaida, sekzio bakoitzaren indargune eta ahuleziei buruzkoa, 2022ko urrian hasi zen, eta lehen bozketa formala abendura arte luzatu zen. Bozketa horretan, GSSPa kokatzeko ondoen baloratutako hiru hautagaiak hautatu ziren.

Lortutako emaitzen arabera, sekzio geologiko esanguratsuenak Beppu badian (Japonian), Sihailongwan aintziran (Txinan) eta Crawford aintziran (Kanadan) zeuden. Plutonio-seinalearen izaerari buruzko azterketa zehatza eta bozketa berri baten ondoren, finalista geratu ziren Txina eta Kanadako aintzirak.

Azkenean, Crawford aintzirak botoen % 61 lortu zuen, eta, beraz, Antropozeno garaiaren GGPSaren kokagune izateko proposatuko den leku gisa aukeratu zuten.

Ontario probintzian dago aintzira hori. Jatorriz, Ameriketako herri indigenek noizbehinka okupatzen zutela eta ondoren europarrek kolonizatu zutela frogatzeko ikertu zuten. Azterketa geologiko berriak urteko geruzetan gordetako adierazleen kopurua handitu du (aintzira-varvak). Adierazle horien osagai dira kaltzita zurbila (udan metatua) eta xafla organiko ilunen (neguan metatuak) alternantzia.

GSSParen markagailu bisual gisa proposatzen den geruza 15,6 cm-ko sakoneran dago, 1950eko udan metatutako kaltzita-xafla baten oinarrian, eta ordutik aurrera plutonioa azkar areagotu zelako hautatu zen. Era berean, seinale hori bat dator partikula karbonazeoen gorakadarekin eta ekosistemaren aldaketa esanguratsu batekin. Aldaketa hori identifikatu da zumar polenaren gainbeherarekin eta diatomea espezieen birkokapenarekin (alga zelulabakarren multzo bat).

Agur Holozenoari

Oso garrantzitsua da giza jarduera eta Antropozenoa ez nahastea, azken kontzeptu horrek ez baitu barne hartzen hasierako giza aztarna (eskualdekoa zena, eta denboran zehar areagotuz joan zena); Antropozenoa aurretik aipatutako Azelerazio Handiaren inpaktu izugarriari emandako erantzun planetarioaren gisa definitzen da.

Antropozenoa denbora geologikoaren zati bat da, eta, iraupen laburra izan arren, formalizazio posible batek mesede egingo dio, zientzia guztietan eta beste diziplina akademiko batzuetan duen esanahia eta erabilera zehaztasunez zehazteko. Horrela, Lurraren historiako garai egonkor samarra izan den Holozenoaren amaieratzat hartuko da.

The Conversation