euskaraespañol

Itziar Alkorta Calvo eta Carlos Garbisuq

Honela zabaltzen da antibiotikoen aurreko erresistentzia ingurumenean

Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko Irakaslea eta NEIKER-Tecnaliako Natur Baliabideen Kontserbazioa Saileko burua, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/15

Irudia
Itziar Alkorta Calvo eta Carlos Garbisu. Argazkia: Laura López. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Krisi global baten atarian gaude egun, antibiotikoak beren eraginkortasuna galtzen ari baitira, medikuntza modernoak orain arte lortu duen garapenaren zati handi bat arriskuan jarriz ondorioz.

Izan ere, ospitaleko infekzioak sortzen dituzten bakterio patogenoen % 70a baino gehiago erresistenteak dira antibiotiko ugariren aurrean eta, horrek, asko zailtzen du infekzioen tratamendua. Aurreikuspenen arabera, gainera, 2050. urterako 10 milioi gizaki baino gehiago arriskuan egongo dira, urtetik urtera, antibiotikoen aurreko erresistentziaren gorakadari esker; beharrezko konponbideak garaiz aurkitzen ez badira, noski.

Antibiotikoak bakterioak hil edo, bestela, beren hazkundea galarazten duten substantzia kimikoak dira. Bakterioek eta onddoek, zoruan bizi direnak bereziki, substantzia horiek naturalki ekoizten dituzte.

Antibiotikoek rol ekologiko ezberdinak betetzen dituzte naturan. Ekoizten dituzten mikroorganismoek arma kimiko gisa erabiltzen dituzte, beren artean borrokatzeko; bai eta seinaleztapen molekula gisa ere, kimikoki komunikatu eta izaki ezberdinen arteko koordinazioa sustatzeko.

XX. mendeko erdialdetik aurrera, konposatu horiek medikuntzan eta albaitaritzan erabili izan dira ere, infekzio bakterianoak tratatzeko erreminta terapeutiko bezala. Txertoekin batera, gure biziraupenari eta bizi kalitateari ekarpenik handiena egin dieten garapen medikuetako bat dira.

Baina, tamalez, beren eraginkortasunak behera egin du azken hamarkadetan, beren erabilera txarraren eta gehiegizko erabileraren ondorioz. Bi jokabide horiek gora doan larrialdi egoera bat sortu dute eta antibiotikoen aurreko erresistentziako geneak edo ARGak ('antibiotic resistance genes', ingelesez) zabaldu dituzte. Aldi berean, antibiotikoen aurrean erresistenteak diren bakterioak (ARB delakoak) agertu dira ere.

Azpimarratzekoa da mediku edo albaitari batek antibiotiko bat errezetatzen duenean, antibiotiko hori partzialki metabolizatzen dela eta, horrenbestez, emandako antibiotikoaren zatirik handiena gernuaren edo gorozkien bidez kanporatzen dela.

Honela, antibiotikoek eta beren degradazioaren emaitza diren produktuek hiriko hondakin urak arazteko instalazioetan bukatzen dute eta, horietatik, ingurumenera isurtzen dira instalazioetako efluentearen bitartez. Araztegi lokatzak eta animali jatorriko medeagarri organikoak (simaurra edo mindak, adibidez) landa erabilerarako lurretan aplikatzearen ondorioz ere antibiotikoen, ARGen eta ARBen presentziak gora egin du ingurumenean.

 

Ezaugarri igorgarria

Antibiotikoen aurreko erresistentziako geneek antibiotikoen eta bakterioen behinolako bizikidetza ahalbidetu dute, beren presentzian bizirik irauteko aukera emanaz azken horiei. DNA zati hauek oso ezberdinak diren bi bideren bitartez transferi daitezke bakterioen artean:

- Alde batetik, guraso bakterioetatik bakterio alabetara emandako material genetikoaren transferentziaren bitartez. Gene transferentzia bertikala deitzen zaio prozesu horri.

- Bestetik, gene transferentzia horizontala izeneko transferentzia, ahaidetuta ez dauden bi bakterioren artean ematen den material genetikoko transferentzia dena. Eboluzioari dagokionez azken honek duen abantailarik nagusienetako bat da bakterio hartzaileek aurkako giro batean bizirik irauteko geneak lortzen dituztela, erraztasun eta eraginkortasun osoz.

Bakterioen arteko gene transferentzia horizontala hiru mekanismoren artean gerta daiteke ere.

- Eraldatze izeneko prozesuan, bakterioek DNA hartzen dute, zuzenean, inguruan duten ingurumenetik, gene berriak eskuratuz.

- Bakteriofagoek edo fagoek (bakterioak infektatzen dituzten birusak) kromosoma bakterianoaren zatiak -ARGak barne- eraman ditzakete, fase litikoaren barruan bakterio batetik beste batera igarotzen direnean. Transdukzioa deitu zaio fenomeno horri.

- Konjugazioaren bidez, plasmido konjugatibo -ARGak eta beren zabaltzea ahalbidetzen duten geneak barne dituen DNA molekula biribila- bat bakterio batetik bestera transferitzen da, bien arteko ukipen zuzena eskatzen duen prozesu baten bitartez.

Azken kasu honetan bakterio hartzaileak, ARGak barneratzeaz gain, aipatuak hartzen dituen plasmido osoa jasotzen du ere. Honela, ARG horiek beste bakterio batzuetara transferitzeko gaitasuna izango du, antibiotikoen aurreko erresistentzia bakterioen artean aktiboki zabalduz.

 

Maila globaleko arazo bat

Uretan eta zoruetan askatutako antibiotikoek presio selektiboa egiten duten ingurumeneko bakterioengan -ARGak hartzera behartuta daude biririk irauteko-; honela, antibiotikoen aurreko erresistentziako geneen zabaltzea sustatzen dute eta, ondorioz, bakterio erresistenteen ugaltzea. Mikroorganismo horiek, beren aldetik, ARG horiek beste bakterio batzuetara -gizakion bakterio patogenoak barne- transmititzeko gaitasuna dute plasmido konjugatiboen edo beste osagai genetiko mugikor batzuen bitartez.

Horrenbestez, gero eta ugariagoak dira antibiotikoen aurrean erresistenteak diren bakterioengatiko infekzioak edo, are okerrago dena, bakterio multirresistenteengatiko infekzioak (erresistentzia-gene ezberdinak barneratu dituzten bakterio patogenoak).

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatetik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste bi ikerketa zentrorekin batera (Neiker eta BC3 Basque Centre for Climate Change), Joint Research Lab on Environmental Antibiotic Resistance izeneko ekimena abiatu dugu. Bere xedea da gora doan arazo honen kontrako jarduketa-estrategiak ikertzea, aztertzea eta garatzea.

Konponbide bat lortu ahal izateko diziplina anitzeko ikuspegi bat aplikatu beharko dugu, profesional klinikoen eta nekazaritza-abeltzaintza arloko eragileen eta bilakaeran eta ingurumenean adituak direnen inplikazioa bermatuz, besteren artean.

Estrategia terapeutiko ezberdinak konbinatu beharko ditugu, ziurrenik, konponbide eraginkor bat lortzeko: antibiotikoen erabileraren arrazionalizazioa, mikrobioekin akabatzeko gai diren antibiotiko eta molekula berriak bilatzea, birusak erabiltzea antibiotikoen ordez, konjugazioaren inhibitzaileak garatzea eta patogenoekin lehiatzeko gai diren bakterio komunitateak transplantatzea.