euskaraespañol

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Darwin, oinak lurrean jarri zizkigun zientzialaria

Fisiologia catedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/13

Juan Ignacio Pérez Iglesias. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Charles Darwin naturista britainiarra 1809ko otsailaren 12an jaio zen. Horregatik ospatzen dugu gaur Darwin Eguna, maisutasunez nabarmentzen baita historian beste zientzialarien artean. Ez zen lehena izan izaki bizidunek eboluzio bat dugula babesten, baina proposatu zuen, Alfred Russel Wallacerekin batera, guztiak arbaso komun beretik gatozela eta eboluzio bat izan dugula, “hautespen naturala” deitutako mekanismo baten bidez.

Biztanleria talde bereko banakoen artean beti dago nolabaiteko aldakortasun genetikoa. Azarean genoman gertatzen diren mutazioak dira horren sorburua. Gainera, sexu ugalketarako organismoetan, hozi-zeluletako genomak “birkonbinatu” egiten dira (espermatozoidea eta obulua, gure espeziean), bateratuz eta banako berri bat sortuz.

Era horretan, espezie berriak ager daitezke, arbaso komun batean oinarrituz, leinu desberdinak bereiziz. Hori gertatzen da genetikaren deribaren eta hautespen naturalaren indarrez.

 

Genetikaren deriba eta hautespen naturala

Genetikaren deriba aleloen (gene beraren aldaeren) maiztasunaren ausazko aldaketa da, biztanleria bateko belaunaldi batetik bestera gertatzen dena. Normalena da alelo arraroenak desagertzea eta ugarienen maiztasuna handitzea. Aldaketa horrek ez dio abantailarik ematen hura gertatzen deneko taldeari. Hautespen naturalak, berriz, abantailak ematen ditu.

Hautespen naturalaren ideiak gaizki-ulertu handietarako modua eman dezake, eta sarritan gertatzen da bertsio herrikoienetan. Ulertu ohi da izaki bizidun desberdinek duten bizi edo heriotzarako gaitasuna dela. Ideia horren arabera, banako sendoenek bakarrik biziraungo lukete gaitasun horretan; ahulenak, berriz, galduko lirateke. “Darwinismo soziala” delakoak, hain zuzen, ideia erratu hori elikatu du.

Ideia hori, baina, ez da zuzena. Izan ere, eraginkortasunerako (fitness, hizkera ebolutiboaz), aldaera genetiko desberdinak dituzten banakoen ugalketa diferentziala da erabakigarria. Ikuspuntu ebolutibotik, banakoen biziraupenak ez du neurria ematen eraginkorki, ondorengoen kopuruak baizik, era horretan aukerak zabaldu egiten baitira ere banakoak ugalketa adinera heltzeko. Egia da banako bat ugaldu baino lehen hiltzen denean ez duela ondorengorik uzten, baina egia da ere luzaro biziraun daitekeela hori inoiz lortu gabe.

Eboluzioaren ikuspuntutik, ondorengo bideragarri eta, ahal dela, emankor gehien dituzten banakoak dira arrakasta handiena dutenak. Gai hori espezialistek eztabaidatzen badute ere, logika bera aplika dakioke ez bakarrik banako bati, baizik eta gene, biztanleria eta espezie bati ere.

Darwinismoak garrantzi handia izan du natur zientzietan. Theodosius Dobzhanski genetista handiak baieztatu zuenez, “biologian ezerk ez du zentzurik eboluzioa kontuan hartuz ez bada”.

Organismoen dibertsitatea, morfologia eta funtzionamendua, baita ekosistemetan betetzen dituzten rolak ere, ezingo lirateke ulertu eboluzioaren teoria alde batera utziko bagenu. Nahigabetzen gaituzten gaitz asko gure iragan ebolutiboaren ondorioa dira. Antibiotikoen bakteria erresistentzia eboluzioaren mekanismoen fruitua da. Minbiziaren biologia ere logika berari lotzen zaio.

 

Koperniko eta Darwin

Hautespen natural bidezko eboluzioaren teoriak ez du garrantzia bakarrik natur zientzietarako, eragin handia izan baitu beste arlo batzuetan ere. Bi aurkikuntza handik garrantzi berezia izan dute zientziaren historian, filosofia inplikazio sakonak izan dituztelako. Lehena Nikolas Kopernikoren munduaren eredu heliozentrikoa izan zen: bertan, Lurrak utzi egin zion unibertsoaren erdigune izateari, eta Eguzki sistemako gainerako planetekin parekatu zen. Bigarrena, berriz, Darwinen eboluzioaren teoria izan zen.

Darwinen teoriaren aurretik, gizakia zen Jainkoaren sorrera lanaren erdigunea eta gailurra. Hartara ikusten genuen guk geure burua, Mendebaldeko herrialde eta kulturetan bederen. Aldiz, izaki bizidun guztiak arbaso komun batetik gatozela adieraztean, Darwinek maila berean jarri gintuen guztiak.

Kopernikok unibertsoaren erdigunetik urrundu gintuen bezala, Darwinek antzeko jokatu zuen gizakiaren eta gainerako izaki bizidunen sorreraren inguruan. Horregatik du eboluzioaren teoriak horrelako garrantzia filosofia eta kulturaren aldetik. Aldaketa erabakigarria ekarri zion munduaren eta gure espeziearen inguruko ikuskerari. Hain aldaketa handia izan zen, non artean batzuek onartu ere egiten ez duten.

 

Darwinismoaren ‘eboluzioa’

Eboluzioaren teoria ez da geldirik egon adierazi zutenetik. Joan den mendeko lehen erdian eboluzioaren teoria sintetikoa deitutakoa ondu zen, Gregor Mendelen herentziari buruzko ideiak eta biztanlerien genetikaren oinarrizko elementuak sartuz. DNAren molekula egitura deskubritzean, mendi erdialdera, herentziaren oinarrizko mekanismoa ulertu ahal izan genuen eta, ondorioz, eboluzioa bera.

Joan den mendearen amaieran eta gure mendean orain arte, eboluzioaren teoria aberasten jarraitzen duten deskubrimendu gehiago egin dira, eta teoria horretan aldaketa nabarmenak eragin ditzakete. Alde batetik, molekula genetikak berrikuntza erabakigarriak ekarri ditu egun herentziaren mekanismoak ulertzen dugun moduetan, tartean direla belaunaldi arteko transmisio epigenetiko era desberdinak eta eboluzioko horien ondorioak. Bestetik, gero eta froga gehiagok uzten dute agerian kulturak hautaketarako presio handiak egin diezazkiokeela gurearen moduko espezie kulturalen eboluzioari.

Laburbilduz, hautespen natural bidezko espezieen eboluzioaren teoria ezin besteko tresna da natura eta bertan guk dugun tokia ulertzeko. Haren eragina itzela izan da. Zantzu guztien arabera, jatorrizko adierazpenari iraganean egin eta egingo zaizkion ekarpenen bidez, teoria honek ezin besteko erreferentzia zientifiko eta kulturala izaten jarraituko du luzaro. Arrazoi horiek guztiak nahikoa eta gehiago dira urtero otsailaren 12an teoria hura adierazi zuenaren jaiotza ospatzeko.

The Conversation