euskaraespañol

Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bildumak (BMCC) bere ikerketak erakusten ditu Kardala Akuikultura Eskolan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/12/21

Irudia
Argazkiak: BMCC

Joan den asteartean, hilak 14, Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bildumako (BMCC) bi kide Mutrikuko Kardala Akuikultura Eskolara joan ziren, egiten ari diren jarduerak ikasleei eta langileei erakusteko. Jone Bilbaok eta Esther Blanco Rayonek azken proiektuak eta bildumaren ohiko jarduerak azaldu zituzten, baita planktonaren laginketarekin lotutako alderdiak ere.

Mutrikuko Kardala LHII Akuikultura Eskola Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako ikastetxe publikoa da. Gaur egun, zentroak prestakuntzarako eta laneratzeko eskumenak ditu, akuikulturaren eta elikagaien industrien adarretan, eta espazioak eta instalazioak handitzeko eta finkatzeko prozesuan murgilduta dago. Zentro horretan Akuikulturako goi mailako teknikari ikasketak egin daitezke. Ikasketa horien eskumenak akuikulturako jarduerak planifikatu, antolatu eta gainbegiratzea da, eskura dauden baliabideak koordinatuz, produktu bakoitzean lortu nahi den kalitatea lortzeko eta indarrean dagoen araudia betez.

Gaur egun, akuikulturak arrain eta itsaskiak baino haratago doa, eta gero eta gehiago dira balio erantsi handiko konposatuak lortzeko helburuarekin garatzen diren prozesu bioteknologikoak. Konposatu horiek hainbat industria-sektoretan erabiltzen diren produktu askoren parte dira, hala nola kosmetika, elikadura edo nutrazeutikoa. Sektore horietan, mikroalgen erabilera gorantz doa eta gero eta enpresa gehiago aritzen dira. Mikroalgen erabileraren potentzialtasunak eta hazkunde-itxaropenek interesgarri egiten dituzte ikasleentzat, akuikulturaren sektorean lan-irteera posiblea ikusten baitute.

Ikasleen erantzuna oso positiboa eta aktiboa izan zen, BMCCk abian dituen ikerketa eta proiektuekiko interes handia agertuz, eta bi aldeentzat onuragarriak izan daitezkeen kolaborazioak aztertzea da asmoa.