null

Ignacio López-Goñi y Juan Ignacio Pérez Iglesias

COVID-19: egoera honetara nola iritsi garen azaltzeko hamar arrazoi

Mikrobiologiako eta Fisiologiako katedradunak, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/01

Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Ignacio López-Goñi. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Martxoan, apirilean eta maiatzean, Espainia izan zen COVID-19aren kasu eta heriotza gehien izan zituen herrialdeetako bat, biztanle kopuruaren proportzioan. Une honetan, Espainiak du azken bi asteetan Europan erregistratutako infektatuen eta heriotzen kopururik handiena. Ez dago zalantzarik: pandemiaren bigarren olatuan gaude. Egoera oso kezkagarria da.

Azken hilabeteetan bi artikulu argitaratu dira (The Lancet eta The Lancet Publich Health aldizkarietan) Espainiak COVID-19aren krisiari eman dion erantzuna modu independentean ebaluatzeko beharraren inguruan. Zergatik dago Espainia hain egoera txarrean? Zer egin dugu gaizki daturik txarrenak dituzten herrialdeen sailkapenaren buru izateko? Zertan egin dugu huts?

Pandemiak oso zailak dira kontrolatzen; bestela, ez lirateke pandemia izango. Ziurgabetasun maila oso handia izan da, eta, horregatik, ez da erraza izan erabakiak hartzea. Hori dela eta, bizi dugun egoeraren arduradunak egon diren eta dauden arren, ez dugu kritika gordinik egin nahi errudunak bilatzeko; aldiz, zer gertatu den balioetsi nahi dugu, etor daitezkeen olatuetarako prestatzeko, gertatutakoa errepika ez dadin.

1. Lidergorik eza

Krisi uneetan, lidergorik ezinbestekoa da. Liderrek zubi lana egin behar dute, adostasunak lortu eta pertsona eta talde desberdinak integratu, helburu komun baten bila. Malgutasunez jokatu, eta pertsona onenez inguratu behar du liderrak, bere ideologia edozein dela ere, xedea guztion osasuna, segurtasuna eta ongizatea baita. Espainiak ez du lidergo hori izan krisi honetan.

2. Deskoordinazioa

Koordinazio falta nabarmena egon da estatuko gobernuaren eta autonomia erkidegoen artean. Hasieran, erabat zentralizatuta zegoen alarma egoera, eta, gero, «nork bere burua salbatu» behar zuen. Birusentzat ez dago mugarik; beraz, Espainia bezalako estatu deszentralizatu batean, zentzuz bateratu behar dira subsidiariotasun printzipioa eta administrazioen arteko beharrezko koordinazioa (estatua, autonomia erkidegoak eta udalak).

3. Zientziaren rol okerra

Ondo oinarritutako erabakiak hartzeko, eskura dagoen ezagutzarik onena izan behar da. Horregatik, lidergoa eraginkorra izateko, diziplina anitzeko batzorde zientifiko batek erabaki guztien berri eman behar du. Horrek ez du esan nahi elementu zientifikoak bakarrik kontuan hartzen direnik; beste batzuk ere hartu behar dira kontuan.

Baina, azken erantzukizunak erabakia hartzen duen pertsonarena izan behar du, horretarako eskumena duten agintariena, alegia. Hainbat mailatako arduradun politiko askok nahita nahasi dituzte beren erabakien ustezko euskarri zientifikoa eta kontu politikoak eta ekonomikoak. Nahasmen horrek desagertu egin behar du, eta horretarako bermerik onena da erabakien oinarri diren txostenak publikoak izatea eta guztion eskura egotea.

4. Daturik eza

Eskura dagoen ezagutzarik onenak, jakina, unean uneko egoeraren berri ematen duten datuak izatea eskatzen du. Baina, hilabete hauetan, datuen kudeaketa kaotikoa izan da. Metrika, adierazle eta atalase argiak garaiz izan gabe, ezin da horrelako krisi bat gidatu. Eremu horretan ere oso eskasa izan da koordinazioa.

Funtsezkoa da jakitea zenbat pertsona hil diren, sintomak dituzten kasuak, asintomatikoak, emaitza positiboa eman duten PCR proben ehunekoak, beste proba batzuenak, kutsatzeko moduak, aztarnari kopurua, lehen mailako arretako datuak, ospitaleratzeak, larritasuna –adinaren, sexuaren, jatorriaren, mugikortasunaren eta abarren arabera–, eta beste. Eta datu horiek guztiak publikoak izan behar dira, azterketa publikoa datuak ongi erabiltzen direla bermatzeko modurik onena delako.

5. Ika-mika politikoa

Pandemia ez da arazo politikoa, komunitarioa baizik. Baina, hasieratik, elkarren kontrako arma gisa erabili da alderdien arteko borrokan. Eta borroka horren onuradun bakarra birusa izan da. Borroka politikoak polarizazioa bultzatzen du, eta, ondorioz, herritarrek beren taldekoen alde egiten dute, eta uko egiten diote beren jarduketak modu kritikoan ebaluatzeari.

Gainera, nahasmena areagotzen du proposatutako neurrien edo horien balizko alternatiben egokitasunari dagokionez, eta horrek, azkenean, ahuldu egiten du neurrien ardura egozten zaien pertsonen (adituen) sinesgarritasuna, baita arduradun politikoena ere. Egoeraren larritasuna dela eta, oinarri zabaleko estatu itun bat lortu behar da osasunaren, ikerketaren, hezkuntzaren eta ekonomiaren arloetan.

6. Pedagogia eta gardentasun eza

Biztanleek neurri jakin batzuk har ditzaten, batez ere askatasunak mugatzea edo kostu handia badakarte, funtsezkoa da neurri horiek zergatik hartzen diren ulertzea. Eta, horretarako, argi eta garbi azaldu behar dira, batetik, oinarri zientifikoa, eta, bestetik, babestu nahi diren ondasunak.

Prentsaurreko zabalak maiz eman diren arren, azalpenak nahasiak izan dira, eta, behin baino gehiagotan, egia esaten ari ez zirela pentsatzeko bide eman dute. Batez ere, une desberdinetan emandako mezuen artean kontraesanak sortu direlako. Ez dezagun ahaztu egiak konfiantza ematen duela eta aurrera jarraitzen laguntzen duela. Komunikazioak jendearen beldurrak eta kezkak hartu behar ditu kontuan, emozio horiei erantzun ahal izateko. Bestela, infodemia sustatzen da, eta gezurrak eta negazionismoak elikatzen dira hortik.

7. Deskonfinamendu azkarra

Konfinamenduak ondorio suntsitzaileak izan zituen, ez bakarrik ekonomian, baita biztanleriaren aldartean eta osasun mentalean ere. Biziaz gain, bizibidea ere salbatu behar zen. Hala ere, deskonfinamendu prozesua oso azkarra izan zen. Uda hurbil zegoenez, aisialdia, oporrak eta turismoa lehenetsi ziren, eta ez ziren neurri egokiak hartu (mugak eta berrogeialdiak kontrolatzea, adibidez).

Murrizketak kendu aurretik, baldintza hauek bete behar ziren: osasungintza sistema sendo eta seguru bat ziurtatzea, diagnostiko sistema eraginkorrak izatea eta horietako asko ezarrita egotea, eta agerraldiak detektatzeko, arakatzeko eta isolatzeko sistema eraginkor bat izatea.

8. Erantzun motela eta irmotasunik eza

Agerraldiak gertatu diren bakoitzean edo COVID-19aren intzidentziaren hazkunde arriskutsua egiaztatu den bakoitzean, berandu erreakzionatu dugu, eta, gainera, herabetasunez. Atzerapenaren arrazoia, ziurrenik, ehun ekonomikoari kalte ez egiteko nahia izan da, baina, paradoxikoki, jarduteko modu horrek egoera ekonomikoa bera larriagotu du.

Bestalde, burokrazia eta arau esparrua direla eta, dagoeneko beranduegi jarriko ziren neurrien aplikazioa ere berandu egin da. Beharrezkoak diren tresna juridikoak eta administratiboak gaitu behar dira premiazko erabakiak hartzeko, interes komunaren mesedetan.

9. Osasungintza sistema ahula

2008ko krisiaren osteko murrizketek osasungintza sistema ahuldu zuten. Alarma egoeran, ospitaletako oheak eta ZIUak ziren erdigunea. Baina laguntzako langileen gabeziak nabarmenak izan dira. Ezinbestekoa da, beraz, osasun langileen plantillak indartzea. Orain, erdigunean jarri behar ditugu osasun publikoa eta lehen mailako arreta, eta arlo horietan lan egin, ospitaleratu behar diren pertsonen kopurua murrizteko.

Arreta berezia jarri beharko litzateke, baita ere, pediatria eta geriatria zerbitzuetan. Horrek guztiak langile gehiago kontratatzeko eta lanean ahalik eta lasterren hasteko beharra dakar. Muga jo duen osasungintza sistema batek COVID-19tik askoz haratago doazen ondorioak ditu: atzerapenak egotea beste diagnostiko eta tratamendu batzuetan, haurren txertaketa egutegiak aldatzea eta, ondorioz, osasuna eta bizitzak galtzea.

10. Aztarnari eza

Diagnostiko, arakatze eta isolamendu sistema eskasa izan da, eta oraindik ere eskasa da, zalantzarik gabe. Biztanle kopuruaren proportzioan, Europako beste herrialde batzuek baino askoz ere aztarnari gutxiago izan ditugu. Asmo gaiztokoa eta kontrolatzeko zaila den arrisku bati egin behar diogu aurre: birus berri bat da –herritarrek ez dute immunitaterik aldez aurretik–, oso erraz transmititzen da arnasbideetatik, sintomak agertu aurretik transmiti daiteke eta sintomarik ez duten pertsonek ere transmiti dezakete. Ezin da pandemia kontrolatu birusa non dagoen jakin gabe. Baldintza horietan, diagnostikoa egitea, infektatuak detektatzea, kontaktuak arakatzea eta egon daitezkeen agerraldiak isolatzea funtsezkoa da pandemia hedatzea ekiditeko.

Hala ere, axolagabekeriaz jokatu da behar genuen diagnostikoak egiteko eta arakatzeko lantaldeak prestatzeko orduan. Autonomia erkidego batzuek boluntarioak eskatu dituzte lan hori egiteko, eta beste batzuek armadara jo dute. «Radar COVID» aplikazioak lagun zezakeen, baina berandu iritsi da; gainera, oraindik ez dago erabat ezarrita estatu osoan.

Norabidea zuzentzeko garaiz

Esandako ezerk ez die erantzukizun izpirik kendu nahi gizabanakoei. Baina norberaren jokabideak –gaitzespena merezi badute ere– nekez arautu daitezke erabaki administratiboen bidez. Espainian 2020ko udan gertatu dena izugarrizko porrot kolektiboa izan da. Garaiz gabiltza norabidea zuzendu, eta kurba berriro apaltzeko, ekonomiari eta gizarteari dagokionez gure gain hartu ezin ditugun kostuak izan gabe. Guztion esku dago, baina, bereziki, erantzukizun politikoa dutenen esku.

The Conversation