Sexu identitatea bat ez datorrenean espero denarekin

UPV/EHUren ikerlan batek agerian jarri du zenbateko garrantzia duen trantsizioak adingabe transexualen garapen psikosozialean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/18

Argazkia: Sharon McCutcheon. Pexels

Transexualitatea da pertsona batek bere sexua sentitzeko modua, alegia, bere sexu identitateaz duen pertzepzioa, bat ez etortzea jaiotzean bere genitalen arabera esleitu zitzaion sexuarekin. Alabaina, transexualitatearen definizio horren atzean hainbat errealitate eta ñabardura daude. Adituek diotenez, 2 urte dituenetik haurra gai izan daiteke zein sexurekin identifikatzen den adierazteko hizkuntzaren bidez, eta bere burua neska edo mutiko gisa aitortzeko. Neska, mutiko eta gazte transexualen kasuan, adierazten dutena entzuten badugu, trantsizio prozesu bat has dezakete, beren sexuaren arabera bizi daitezen. Hala ere, bere sexu identitatea ez bada onartzen eta horretan ez bazaio lagun egiten, identitatearen garapenean kalte larriak izan ditzake, eta jazarpen, indarkeria, diskriminazio eta bazterkeria egoerak ere nozi ditzake, baita gizarteko eta eskolako estigma ere.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde batek azterketa global baten lehen zatiaren datuak ezagutarazi ditu. Azterketa horren helburua da trantsizioa burutu duten adingabeen errealitatea deskribatzea, trantsizioaren aurreko eta ondorengo egoerak aztertuta, familia eta gizarte laguntzaren, egoera sozioemozionalaren, identitatearen eta gorputzaren ikuspegietatik, azken batean, trantsizio horri aurre egiteko erak diseinatu, eta trantsizioak garapen psikosozialean duen eragina ikertzeko.

Ikerlanaren lehen zatian, ikertzaileek 335 parte hartzaileren laguntza izan dute: 57 nerabe, batez beste 14 urtekoak, 20 neska eta 37 mutil; 229 guraso (% 71, amak), 3 eta 18 urte arteko seme-alabak dituztenak, eta 49 eskola tutore (emakumeak % 80).

Ikerlanean egiaztatu dute amak babes handiagoa eskaintzen duela trantsizioaren aurretik eta ondoren, eta aitak, babes txikiagoa. Aitak, gainera, semearen edo alabaren identitatea modu esplizituan ukatu ohi du. Hala ere, datuen arabera, trantsizioa burututa, familiaren babes handiagoa sumatzen dute, eta ez daude hain haserre aitarekin. Aldi berean, lagunen aldetik babes handiagoa sentitzen dute, eta iseka gutxiago egiten diete. Eskolan ere babes handiagoa sentitzen dute kideen aldetik, eta eskola jazarpena gutxitu egiten da; gainera, irakasleek erantzun irmoagoa ematen dute horrelako egoeretan.

Bestalde, trantsizioa burututa, adingabeak ez dira hain lur jota sentitzen eta beren buruaz seguruago daude, batik bat, neskak. Ikerlanean nabarmendu dute behin trantsizioa osatuta behera egiten duela beren burua lesionatzen edo beren buruaz beste egiten ahalegintzen diren adingabeen kopuruak. Baita depresioaren sintomek ere, hala nola antsietateak eta uzkurtasunak. UPV/EHUko ikertzaileen iritzian, horrek guztiak agerian uzten du trantsizio prozesua burutzeak zer-nolako garrantzia duen; beren buruaz seguruago daude eta autoestimu handiagoa dute. Halaber, gehiago askatzen dira sentitzen duten sexuari dagozkion jarduerak egiteko, eta gizartean beren sexuari esleitzen zaion arropa erabiltzeko joera handiagoa dute. Bestalde, trantsizioa burututa, gurasoek kezka eta beldur gutxiago dute seme-alaben etorkizunari buruz, eta haiek adierazitako identitatearekin ikusten dituzte, eta ez jaiotzean esleitu zitzaienarekin.

Informazio gehigarria

«La importancia del tránsito en el desarrollo psicosocial de las personas transexuales. Mirada y visión de menores, familia y escuela» ikerlanean, ikertzaile hauek ari dira lanean: Aitor Martxueta, Estibaliz Cepa, Juanito Etxeberria, Aingeru Mayor eta José Joaquín Pizarro, guztiak ere Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak. Ikerlanean lagundu duten elkarteak: Naizen (lehen, Chrysallis Euskal Herria), Chrysallis, Daniela fundazioa, Arelas, Transhuellas eta TTCórdoba.