null

XXXIX. Uda Ikastaroek bizi dugun egoera argitzea dute helburu

Edizio berezia izango da, pandemiak sortutako paradara egokitutako eduki berri eta online formatuekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/21

Argazkia: Andrea Piacquadio (Pexels)

Aurtengo edizioari begira, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak hainbat agertoki aurreikusi eta neurri batzuk hartu ditu, ikastaroen garapena bermatzeko. Alde batetik, ikastaro formatu berriak sortu ditu eta hobetu egin da plataforma birtuala, edozein lekutatik konektatzeko; bestetik, osasun eta segurtasun neurri guztiak aurreikusi ditu, egoerak aukera eman bezain laster ikastaroak aurrez aurre egiteko. 

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorearen iritziz, Uda Ikastaroen edizio hau desafio handi bat izango da: “Bi zentzutan –baieztatu du–; alde batetik, ezohiko egoera batean egingo dugulako, proban jarriko duena egokitzeko gure gaitasuna; bestetik, betebehar akademiko bat delako pandemia global honi buruz gogoeta egitea, eta edizio honen programak horretarako konpromiso argia hartu du, modu serio eta kontsekuentean. Gainera, antolakuntza dinamiko eta malgu bat sortu dugu, pandemiaren bilakaeraren alternatiba guztietara egokitzeko, pertsonen segurtasuna hartuz beti lehentasun nagusi. Ikastaroekin zerikusia duten pertsona, erakunde eta enpresa guztien ahaleginari esker, Uda Ikastaroen aurtengo eskaintza aurreko edizioetako bezain edo are interesgarriagoa izango da”.

Bestalde, Rafael Pardo BBVA Fundazioko zuzendariak, duela 22 urtetik UPV/EHUko Uda Ikastaroen laguntzaile pribatu nagusia den entitateko zuzendariak, honako hau adierazi du: "Krisi globalaren testuinguruan profil aldakorrekoa eta zalantzazkoa, baina sistemikoa dena, sakonean eragiten duena ondasun preziatuenetik, osasunak, bizitza ekonomiko, sozial eta instituzionalaren alderdi ugariei garrantzi handiagoa ematen diena, inoiz baino garrantzitsuagoa da ezagutza fidagarria sortzeko eta zabaltzeko gaitasuna, unibertsitatearen, ikerketa-zentroen eta osasun-sistemaren sare osoaren malgutasuna, asmamena eta konpromisoa, Covid-19tik eratorritako erronka gainditzeko. UPV/EHUko Uda Ikastaroak, bikaintasun- eta profesionaltasun-erreferentzia direnak, gai izan dira beren edukien eskaintzaren zati esanguratsu bat denbora errekorrean birdiseinatzeko, eskaintzeko modu hibridoa, digitala eta presentziala, baita horien garapen-aldia ere, UPV/EHUko Uda Ikastaroen Fundazioaren, komunitate zientifikoaren eta gure erakunde akademikoen bereizgarri den esparru publikoarekiko bokazio berritzailea eta konpromisoa agerian utziz.

Aurtengo edizioa ekainean hasiko da, zuzeneko online ikastaroekin. 2020rako programatutako ikastaroen zuzendariek eta hizlariek ahalegin handia egin dute bere garaian prestatu zituzten aurrez aurreko programak formatu berri hauetara egokitzeko. Beti bezala, ikastaroak eztabaidarako topaleku izango dira, gogoeta egiteko zintzo eta lasai proposatu diren ezin konta ahala gaien inguruan, aurten hiru esparru nagusitan kokatuko direnak: hezkuntza, zahartzea eta iraunkortasuna. Uda Ikastaroen zuzendariak, Itziar Alkortak, azpimarratu du: "Aurtengo Uda Ikastaroen edizioak bizi dugun une berezi honen gainean informazioa zuzenean eta egiaz jasotzeko aukera eskaintzen digu, adituen eskutik gure kezkak eta zalantzak partekatu ahal izango ditugularik. Bizi dugun informazio anabasa honen erdian, argiune lasai bat eskaini nahi dugu."

Gainera, ziklo berezi bat eskainiko zaio COVID-19ari, pandemiaren gakoak eta normaltasun berriaren oinarriak aztertzeko. Hizlariek eta ikasleek Uda Ikastaroen plataforma berriaren eremu birtuala partekatuko dute, bideokonferentzia eta online partaidetza tresnez hornitutakoa. Ikastaro mota hau edizio osoan zehar egingo da, parte hartzeko aukera emateko hainbat arrazoirengatik beren bizilekuetatik mugitu ezin diren pertsonei. 

Online eskaintza prestatzeko, laguntza eskatu zaie teknologia digitaletan adituak diren pertsonei, helburua baita informazio, eztabaida eta topaketa espazio bat eskaintzen jarraitzea, inoiz baino garrantzitsuagoa denean gizarte eragile guztien arteko elkarlan eraginkorra (hezkuntza, gizarte erakundeak, instituzioak, profesionalak eta oro har herritarrak), zientzian oinarrituta. Helburu hori betetzeko, eduki bereziak programatu dira irekian, herritar guztiei begira, pandemiaren gakoei buruzko informazioa eman eta haien inguruan eztabaidatzeko. 

Udak aurrera egin ahala, aurrez aurreko ikastaroen ordua helduko da, halako moldez, non aurtengo programaren zatirik handiena irail eta urri amaiera artean egingo baita. Uda Ikastaroek bermatu egingo dute unean-unean osasun neurri guztiak betetzea.

Iraunkortasun Foroa irailean egingo da eta gaurkotasun handiko gaiak aztertuko ditu; besteak beste, pandemiari lotutakoak. 

Aretoei dagokienez, areto berriak prestatu ditugu Uda Ikastaroen betiko egoitzez gain, segurtasun eta osasun neurri egokiak bermatzeko ikastaroetan parte hatuko duten lagun guztientzat. Gainera, aurten, aukera izango da aurrez aurreko ikastaro batzuk zuzenean online egiteko. Horri esker, parte hartzeko aukera izango dute COVID-19a dela eta etorri ezin diren edo ikastaroak online egin nahiago duten pertsonek. 

Pandemiaren desafioei lotuta, ikasleen etengabeko prestakuntza eskaerari erantzuteko, Uda Ikastaroak Fundazioak bikoiztu egin du urtean zehar eskaintzen duen etengabeko online prestakuntza ikastaroen kopurua, eta 80 ikastaro baino gehiago eskainiko ditu formatu horretan. 

Gaur, Uda Ikastaroen programa aurkeztu eta online matrikulazioa zabaltzen da, zeinak, kontuan izanik bizi dugun egoera, mantendu egingo baititu ikastaroaren egunera arte kolektibo jakin batzuentzako ohiko prezio murrizketak. Egoera dela eta, aldaketak egin ahal izango dira programazioan, pandemiaren bilakaeraren arabera. Ikastaro bakoitzari buruzko informazioan, metodologia eta formatua zehazten dira. Informazioa unean-unean eguneratu eta osatuko da, webgunean. 

Iraunkortasunari buruzko 30 ikastaro

Uda Ikastaroen edizio honek hogeita hamar ikastaro inguru eskainiko dizkie iraunkortasunari loturiko gaiei: klima aldaketa, biodibertsitatea, mugikortasun ereduak, erantzukizun ekonomikoa, enpresen gizarte kontabilitatea edo bizigarritasun ereduak. Nolanahi ere, edizio honetan, arreta handiagoa eskatuko digute beste gai batzuek: hala nola gure etxeen eraginkortasun energetikoak, horrenbesteko garrantzia hartu duten leihoek eta balkoiek, hirien diseinu urbanoak edo belaunaldi guztientzako mugikortasun planteamenduek. Gure hiriak eta herriak ez daude pentsatuta XXI. mendeko pandemia bati aurre egiteko, eta, jakina, birplanteatu beharreko gai asko daude. Horretan zeresana dute arkitektura eta hirigintzako adituek, baita psikologiakoek ere, eta gure artean izango ditugu Uda Ikastaroen edizio berezi honetan.

Tokiko produktuaren balioa ekonomia zirkularraren parte gisa, enpresen gizarte erantzukizuna –batez ere bereziki kutsatzaileak direnean– eta haien pixkanakako transformazioa aztertu beharreko beste gai batzuk dira, baita gure konpromisoa ere klima aldaketarekin, lankidetza politikarekin eta 2030 Agendan jasotako Garapen Jasangarrirako Helburuekin. 

Hezkuntzaren erronkak

Nork daki nolakoa izango den etorkizuneko eskola? Hezkuntza arloa eta haren etengabeko eguneratzea UPV/EHUko Uda Ikastaroen bokazio argienetako bat izan dira beti. Gure lana zerbitzu publiko gisa ulertuta, gure ahalegina bikoizten dugu etengabe ikasteko aukerak profesional horien esku egon daitezen. Gaur-gaurkoz, gaitasun digitalak inoiz baino beharrezkoagoak dira. Hezkuntza birtuala inoiz baino errealagoa da.

Online hezkuntza geratzeko iritsi da. Haren teknikek, metodo pedagogikoek eta aukera izugarri handiek gure ikastaro asko ukitzen dituzte. Ez dugu albo batera uzten eskola inklusiboa, bizi dugun kulturartekotasuna ulertzen duena, integratzen duena nortasunak desegin gabe, kulturak, sinesmen erlijiosoak eta gizarte eskalak elkartzen dituena; hiri hezitzailea, prestatzen ari garena. 

Eskolak zientzia eta teknologia bokazioak ereiten ditu. Hori da STEAM programaren helburua, UPV/EHUko Uda Ikastaroen erronketako bat. Zientzia, teknologia, ingeniaritza ez dira moda bat, egun hauetan egiaztatzen ari garen moduan. Matematiken eta zientzien konplexutasuna gainditu beharreko oztopoak dira, eta gazteen artean haien inguruko interesa piztea ez da zeregin makala. Teknika pedagogiko berriak erabiliz sortzen ikasteko hainbat proposamen ditugu, hala nola eleberri batean zenbat matematika dagoen jakiteko nahia, zer teknika erabili zituen egunero itsatsita dugun WhastsApp asmatu zuen pertsonak, eta nola funtzionatzen duen guztion ahotan dagoen 3D inprimagailu batek.

Zahartzea eztabaidagai

Azken bi hilabete hauetan adinekoak izatera iristen garenean espero dugun bizimoduari buruz sortutako eztabaida etikoa, soziala eta politikoa ez da gaurdaino eman. Zahartzearen hainbat aldagairen azterketak garrantzi berezia hartu du aurtengo edizioan. Guztiok nahi dugu iritsi bizitzaren etapa horretara, baina duintasunez. Gaur egungo asistentzia eredua zalantzan geratu da. Adostasuna bildu duen alderdi bakanetako bat “eredua birpentsatzearen” beharra izan da; eredu horrek, gure ikastaro proposamenaren adituen arabera, pertsona eta haren eskubideak izan behar ditu ardatz. Haien lotura fisikoak eta emozionalak ahalbidetuko dituen eredu eta espazio fisiko bat, bizkarra emango ez diena, ez haien osasunerako eskubideei, ez haien bizi kalitate eta bizi duinari. Gure ikastaro proposamenen oinarrian errealitate hori ikasten urteak daramatzaten adituen analisi gerontologiko, psikologiko eta arkitektoniko sakon bat dago.

Ongizate gizartearen zutabeak, COVID osteko munduan

Hainbat ikastarok aldarrikatzen dutenez, egoera ekonomiko berria gizarte ongizatea, planetaren osasuna eta antzeko alderdiak ebaluatuko dituzten indize berriek gidatu behar dute. Ideia ez da berria: pandemiak eztanda egin baino hilabete batzuk lehenago, Davosko Foroak onartu zuen produkzio eredu tradizionalak iraganeko kontuak zirela jada. Zer ekonomia espero dugu pandemiaren ondoren? Horixe da, hain zuzen, gure programan interes gehien pizten duen galderetako bat.

Osasun publikoaren baliabideak erdigunean izango ditugu ere. Haren zaintza iraunkorrak edo ikerketak indartuta atera behar dute pandemia honetatik, etorkizun hurbil batean beste batzuk iritsiko direla jakinda. Osasun publikoa gizabanakoen osasuna baino zerbait gehiago da.

Guztia dago jokoan eta ezbaian. Baina egiazko eztabaida bat proposatzen dugu. Bizi dugun errealitatetik ezer ez ikastearen arriskua saihestu nahi dugu. UPV/EHUko Uda Ikastaroek guztioi dagozkigun eta guztioi inporta zaizkigun gaiei buruz zorroztasunez informatzeko eta lasaitasunez eztabaidatzeko aukera ematen digute. 

Eta hori guztia ezinezkoa izango litzateke Uda Ikastaroen erakunde kolaboratzaileek baldintzarik gabe emandako laguntzarik gabe: Donostiako Udalaren Kultura Departamentua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentua, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila, BBVA Fundazioa, Irizar, eta beste kolaboratzaile asko, une zail hauetan gurekin bat egiten dutela erakutsi digutenak. Gure eskerrik beroenak guztiei.

Aurrez aurreko eta zuzeneko online UPV/EHUko Uda Ikastaroetarako matrikula ireki da jada.