Zahartzaro osasuntsua sustatzeko ariketa-programa bat diseinatu dute

UPV/EHUko AgeingOn taldearen ikerketa baten arabera, jarduera fisikoak adineko pertsonen osasun-egoera eta egoera afektiboa hobetzen du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/12/28

Jarduera fisikoak zahar-egoitzetan dauden adineko pertsonengan duen eragina aztertu du Maider Ugartemendia Yerobi UPV/EHUko Erizaintza II saileko ikertzaileak, eta indarra eta oreka lantzeko osagai-askotariko ariketa-programa bat diseinatu dute.

Maider Ugartemendia Yerobi. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Gizakion bizi-itxaropenak gora egin du azken urteotan eta gora egiten jarraituko duela aurreikusten da. Horrenbestez, “zahartzaro osasuntsua sustatzea ezinbestekoa da, urte horiek ahalik eta bizi-kalitate onenarekin bizi ahal izateko”, adierazi du Maider Ugartemendia ikerketaren egileak.

Espainiako eta EAEko datuen arabera, adineko pertsonen % 3,3 zahar-egoitzetan bizi da eta horrek bizimodu-aldaketa bat eragiten du ezinbestean. Bizimodu-aldaketa horren ondorioetako bat pertsona horiek jarduera fisiko gutxiago egitea izan ohi da kasu askotan, eta hori sahiestu egin beharko litzatekeela uste du UPV/EHUko ikertzaileak. Izan ere, “autonomia-maila aproposa zein funtzio fisiologikoen gaitasuna mantentzeko jarduera fisikoa egitea oso garrantzitsua da. Horiek okerrera egiten duten kasuetan, hauskortasuna azaltzen baita —indarraren, erresistentziaren eta funtzio fisiologikoen beherakadagatik bereizten den kausa askotariko sindromea—“, azaldu du Ugartemendiak. Adituen ustez, hauskortasunaren eragile nagusia sarkopenia da, alegia, muskulu-masaren eta indarraren galera, eta egiaztatu dute, muskuluaren erabilera ezagatik sarkopeniak okerrera egiten duela.

Horregatik, zahar-egoitzetan bizi diren adineko pertsonen osasun-egoera hobetzeko osagai askotariko ariketa-programa bat diseinatu da lan honetan. “Bereziki indarra eta oreka lantzen dituzten ariketez osatutako programa da, nahiz eta erresistentzia ere lantzen den zeharka. Ariketa guztiak neurrira landu dira, alegia, pertsona bakoitzaren gaitasunen arabera egokituak”, aipatu du Maider Ugartemendiak. Azken finean, “lan honen helburua da —dio ikertzaileak— osagai askotariko ariketa-programa batek zahar-egoitzetan dauden adineko pertsonen osasun-egoeran eta egoera afektiboan duen eragina aztertzea”.

Horretarako, Donostiako Zorroaga egoitzako 38 parte-hartzaile bi taldetan banatu dituzte: 19 pertsonek 12 astetako osagai askotariko ariketa-programan parte hartu dute, astean 3 egunetan (interbentzio-taldea); beste 19 pertsonek, berriz, ohiko bizimoduarekin jarraitu dute (kontrol-taldea). “Ikerketan hasieran eta bukaeran parte-hartzaile guztiei egindako zenbait proben bidez bakoitzaren osasun-egoera eta egoera afektiboa neurtu ditugu”, azaldu du Ugartemendiak.

Jarduera fisikoaren onurak

“Ariketa-programak osasun-egoeran izan duen eragina aztertuta, interbentzio-taldean aldaketa esanguratsuak egon dira gorputz-osaeran, kontrol-taldearekin alderatuta. Izan ere, gerriaren eta aldakaren perimetroak nabarmen gutxitu dira”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak. “Perimetro horiek zenbat eta handiagoak  izan, osasun-arazoak izateko arriskua areagotu egin ohi da”, gehitu du. Gainera, “erresonantzia magnetikoen bidez ikusi dugu zenbait muskulutan gantz gutxiago ageri dela ariketa fisikoa egin duten pertsonen kasuan, eta ondorioz muskulu horiek indartsuagoak direla”, dio ikerketaren egileak.

“Beste hobekuntza garrantzitsu bat izan da  —adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak— , ariketa-programa egin dutenen beheko eta goiko gorputz-adarrak indartu egin direla, eta aldi berean, ibilera azkarragoa erakusten dutela”.

Nolanahi ere, ariketa-programarekin hasi baino lehenago ez zuen inork jarduera kementsurik egiten, bai ordea, ikerketa burutu ondoren. Horrenbestez, “hori ere hobekuntza handi bat dela deritzogu, ikerketan diseinatutako ariketa-programan motibazioren bat aurkitu baitute adinekoek,  edo beste era batera esanda, programak berak jarduera fisikoarekiko interesa piztu eta garatu baitu haiengan”, azpimarratu du Maider Ugartemendiak.

Azterketa horien emaitzetatik ateratako ondorioei esker, “ikusi dugu zahar-egoitzetan dauden adineko pertsonek oro har ez dutela ariketa fisikorik egiteko oihutarik; egin ahala, berriz, haien osasun-egoera eta egoera-afektiboa nabarmen hobetzen dela, hobeto sentitu eta jarduera fisikoa egiten jarraitzeko motibazioa pizteraino”, dio Ugartemendiak. 

Informazio osagarria

Ikerketa hau Maider Ugartemendia Yerobi (Donostia, 1975) doktore-tesiaren barnean egin da. Osagai askotariko ariketa-programa batek instituzionalizatutako adineko pertsonen bizi-kalitatean eta hauskortasunean duen eragina da tesiaren izenburua, eta Amaya Irazusta Astiazaran (Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea – Leioako Erizaintza Egoitzako irakaslea) eta Maider Kortaxarena Rubio (Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko Dekanordea)  irakasleek zuzendu dute.

Doktore-tesia AgeingOn ikerketa-taldean egin da. Talde horren helburua da pertsonek zahartzean bizitza osasuntsua eta bizigarria izaten jarrai dezaten ikertzea.