euskaraespañol

Egokituz taldeak jardunaldi batzuk antolatu zituen desgaitasuna duten ikasleentzako arreta-zerbitzuei buruz

Palestina, Grezia, Alemania eta Jordaniako unibertsitateetako ordezkariek parte hartu zuten ekitaldian

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/01/18

Egokituz ikerketa-taldeak, Hegalak Zabalik Fundazioaren laguntzarekin, ‘Details of the organization and the management of the Accessibility Units in Spain’ (Ezgaitasuna aniztasun gisa: ezgaitasuna duten ikasleak goi mailako hezkuntzan sartzea) jardunaldiak antolatu zituen Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean. Europako ‘Edu4All - Disability as Diversity: The Inclusion of Students with Disabilities in Higher Education’ (Ezgaitasuna dibertsitate gisa: ezgaitasunak dituzten ikasleak goi-mailako hezkuntzan sartzea) proiektuaren barruan dago ekitaldi hori, Palestina, Jordania, Grezia eta Alemaniako unibertsitateetako ordezkariak bildu zituen, beren unibertsitateetan Goi-Hezkuntzan Ezgaitasuna duten Pertsonentzako Arreta Zerbitzuen  arloan abian jar ditzaketen esperientziak ezagutzera emateko.

Egun horietan zehar, partaideek hurbilago ezagutu ahal izan zituzten Euskal Herriko Unibertsitatea, ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Arreta Zerbitzuaren funtzionamendua, zerbitzu horrek oinarri duen inklusio-plana eta haren testuingurua osatzen duen Espainiako legeria. Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi zuten ezgaitasuna duten pertsona batzuen esperientziak ezagutzeko aukera ere izan zuten, bai bideoen bidez, baita aurrez aurre ere.

Gainera, ezgaitasuna dituzten ikasleei zerbitzuak eskaintzen dizkieten unibertsitatez kanpoko erakunde batzuek nola lan egiten duten ere jakin ahal izan zuten; esaterako, IBT-CRI (ikusteko urritasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko baliabidetegia) eta Hegalak osasun- eta kirol-zentro inklusiboa.

Proiektuaren helburu nagusia da ezgaitasuna duten ikasleei laguntzeko zerbitzuak sortzea Palestinako eta Jordaniako unibertsitateetan. Hori dela eta, lurralde horietako parte-hartzaileek interes berezia agertu zuten ezgaitasuna duten pertsonei laguntzeko tresnak modu praktikoan ezagutzeko, galdera interesgarriak eginez eta hurrengo prestakuntza-saiorako ate asko irekiz.

Egokituz-Behar Berezietarako Pertsona-Konputagailu Elkarrekintza Laborategia, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Sailean dago eta ezgaitasuna duten pertsonen komunikazio-arazoei aurre egiteko informazioaren teknologia berrien aplikazioa lantzen du. Pertsona horien autonomia pertsonala eta komunikatzeko gaitasuna hobetzea da erronka nagusia, gizarteratzea eta lan munduan integratzea errazago egin daitezen.