Aldezleak bere urteko txostena aurkeztu du UPV/EHUko klaustroan

Dokumentuak 138 gai jasotzen ditu; horietatik 106 kontsultak dira, 31 kexak eta bitartekaritza-eskaera bat, kolektibo ezberdinek planteatutakoak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/20

Iñigo Urrutia Aldezlea. Argazkia: UPV/EHU

Gaur Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Unibertsitateko Klaustroak Bizkaia Aretoan egin duen bileran, Iñigo Urrutia Libarona Aldezleak 2019. urteari dagokion zerbitzuaren urteko txostena aurkeztu du. Aldezle erakundeak unibertsitateko kide guztien eskubideak eta askatasunak babesteko erantzukizuna du, Euskal Herriko Unibertsitateko organo eta zerbitzuen jardueren aurrean. Halaber, kide horien arteko auzietan bitartekaritza egiteko instantzia bat ere bada.

“Euskal Herriko Unibertsitatea osatzen dugun pertsonen kolektibo handiaren eskubideen berma eta arlo horretan etengabe hobetzea oinarrizko faktoreak dira, gure unibertsitate publikoaren garapenerako. Guztion eskubideak bermatzea modu egoki bat da, gizarteari eskaintzen diogun zerbitzua hobetzeko eta bikaintasunaren bilaketarako dugun konpromisoa berritzeko. Sinetsita gaude unibertsitate arloan bikaintasuna bilatzea ingurune hurbilago eta adeitsuago bat sortzen jakitea ere badela, non pertsonen eskubideak errespetatuko baitira”, nabarmendu du Aldezleak bere hitzaldian.

Egiten dituen jarduerak kategoria hauetan banatzen dira: "Kontsultak", "Kexak eta erreklamazioak" eta "Bitartekaritza-kontziliazio prozesuak". Interesdunek egiten dituzte kontsultak, eta beren eskubideen norainokoa edo eskubide horiek nola zaindu behar dituzten eta unibertsitate-organoen eta -zerbitzuen jarduera-eremua ezagutzera zuzentzen dira. Aholkularitza funtzioak dira. Kexak eta erreklamazioak UPV/EHUko pertsonek aurkezten dituzte, edo interes legitimoa dutenek, erakundekoak ez badira, eta beren eskubide edo interes legitimoak kaltetzen direla uste badute, administrazioaren jardunagatik edo jarduerarik ezagatik, edo UPV/EHUko organo, zerbitzu, agintari edo langile akademikoek hartutako erabakiengatik. Zerbitzu horren ondorengo jarduna orientazio eta jarraipenekoa izan daiteke, edo unibertsitate-instantzia eskudunari zuzendutako gomendio bat ekar dezake, dagokion kontraesaneko azterketaren ondoren. Bitartekaritza-kontziliazio prozesuak unibertsitate-komunitateko bi kideren edo gehiagoren arteko gatazka-kasuetan planteatzen dira. Konponbiderako bidea bilatzeko, inplikatutako pertsonen arteko elkarrizketa bidezko akordio bat behar da, eta Aldezleak bi aldeentzat akordio egoki bat ahalbidetzen duen bide gisa jokatzen du.

2019an, 130 pertsona joan dira zerbitzura, eta 138 gai planteatu dituzte guztira (kontsultak, kexak eta bitartekaritza-eskaerak, besteak beste). Metatuta, 2011n Aldezleko zerbitzua martxan jarri zenetik, 960 pertsona igaro dira bertatik (horietako batzuk urte batzuetan bertaratu dira), eta guztira 1.094 kasu planteatu dira.

Aldezlearen buleora joandako 130 pertsonen artetik, 77 emakumeak ziren eta 53, gizonak. Kolektiboaren arabera, ikasleek 59 gai planteatu dituzte; irakasle-ikertzaileek, 48; AZPko langileek, 18; eta unibertsitatekoak ez diren pertsonek, berriz, 13. Neurri apalagoan bada ere, unibertsitatekoak ez diren pertsonen kasuak jasotzen jarraitu dugu (batez ere, sarbideari, matrikulari, izen emateari, plazen deialdiari eta ordezkapen poltsei lotutako gaiak…). Datu horiek aurreko urteetakoekin alderatuta zera azpimarra daiteke: irakasle-ikertzaileek planteatutako gaiak bere horretan geratu dira; ikasleek aurkeztutakoak apur bat igo dira; eta, AZPko langileek planteatutako gai kopuruaren igoera nabarmendu da, aurreko urteko zifrekin alderatuta, 2019an maila gorenera iritsi baita.

Era berean, euskara Aldezlera jotzen duten pertsonen hizkuntza gisa asko hazi dela ikusten da; 2018an% 27,5ek egin zuten hizkuntza horretan, eta 2019an% 42,8k.

Bulegoak unibertsitateko kideak artatu dituen 125 gaietatik, 44 Gipuzkoako Campusetik planteatu dira, 64 Bizkaiko Campusetik eta 17 Arabako Campusetik (esan bezala, 13 gai gehigarriak UPV/EHUtik kanpokoak ziren).

Gaiari dagokionez, ikasleekin zerikusia duten gai nagusiak ebaluazioari, matrikulari, beka eta laguntzei eta irakaskuntzaren kudeaketari buruzko kontsultak dira. Irakasle eta ikertzaileen kasuan, honako hauek izan dira gai ohikoenak: irakaskuntza-esleipena, plazak eta ordezkapen-poltsak, eta aplikazio informatikoen funtzionamendua. AZPri dagokionez, nabarmentzekoak dira plazei, lan-poltsei eta lekualdatze-lehiaketei buruzko gaiak, bai eta lan-baldintzak ere.

Ondorioa

Iñigo Urrutiak, bere txostenean, zera nabarmendu du: “unibertsitatean eskubideen kultura indartzen jarraitu behar dugu; hala unibertsitateko kideek nola administrazioak horiek errespetatuz jardun behar dute, egunez egun pertsona guztien eskubideak errespetatzeko balioak eraiki eta berreraiki daitezen”.

“Ezin gara lasaitu parte hartzea, demokrazia, kultura eskubideak, giza eskubideak, emakumeen eskubideak edo beste kolektibo batzuen eskubideak zabaltzeko zereginean, gure ahaleginean erabat asmatzen ez badugu ere”, jarraitzen du, “Aldezleak adi egon behar du beti unibertsitateko kideen eskubideen urraketen aurrean. Era berean, eskubideak, bereziki unibertsitateko kideen oinarrizko eskubideak, ahalik eta gehien zabaltzeko ahalegina egin behar du. Unibertsitateko kide garen guztiok beharrezkoak gara unibertsitatearen proiektua garatzeko; proiektu bizi bat, geratu ezin dena eta gero eta askotarikoagoa eta pluralagoa den errealitate batera egokitu behar dena. Euskal unibertsitate publikoak unibertsitate zerbitzu publikoa berdintasunez eta askatasunez eskaintzen jarraitu behar du, gizartean betetzen duen zeregin garrantzitsua kontuan hartuta”.

Hauteskundeak

Bestalde, UPV/EHUko Klaustroan hauteskundeak egin dira gaur unibertsitateko organo hauetako postuak betetzeko: Klaustroaren Mahaia; Gobernu Kontseilua; Klaustroaren Estatutu Batzordea; eta Gradu eta Euskara batzordeetan ikasleen ordezkaritza.