euskaraespañol

Egokitu udako campusak parte hartze arrakastatsua izan du eta, dagoeneko, ateak itxi ditu

Asmoak bete dira eta eskainitako plaza guztiak bete dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/24

EGOkITU (Euskal Gazteen OrientazioraKo Ikastaroa. Talentoa Unibertsitatean) programa Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) garatzen du, Gipuzkoako Ganberarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Ateak itxi ditu, hasierako helburua bete ondoren. Uztailean, bertan, 89 gazte ikaslek parte hartu dute; horrela, eskainitako plaza guztiak bete dira. Udako campus hori aurten jarri da lehendabizi martxan; helburu nagusi du ludikoki hurbiltzea 14 eta 17 urte bitarteko gazteak Unibertsitatearen mundura eta, ondorioz, enpresa mundura bertara. Lehen edizio honetan, hiru zentrok parte hartu dute programan: Informatika Fakultateak, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eta Arkitektura Goi Eskola Teknikoak. Eta, udako proposamen berri horrek izan duen onarpen ona kontuan hartuta eta ikasle parte hartzaileek oso balorazio positiboa egin dutenez, datorren udan eskaintza Gipuzkoako Campuseko beste ezagutza arlo batzuetako beste zentro batzuetara zabaltzea ere aurreikusten da.

Agustin Erkizia UPV/EHUKO Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak Egokitu programak unibertsitate aurreko ikasleen artean izan duen harreraren inguruko oso balorazio positiboa egin du. “Eskaini diren ikastaro gehienetan, plazak izena emateko epea amaitu baino askoz ere lehenago bete ziren. Ziur geunden Udako Campusaren eskaintza unibertsitate aurreko ikasleentzat oso erakargarria zela, baina programa berri honen harrerak asmorik baikorrenak gainditu ditu", esan du Erkiziak.

Campusetik igaro ondoren, gazteak pozik agertu dira egindako jarduerekin, eta, asko ikasteaz gainera, irakasleek proposatutako jarduera bakoitzarekin asko gozatu dutela ere adierazi dute.

“Hau programa estrategikoa da UPV/EHUren Gipuzkoako Campuserako, eta, gainera, helburu oso garrantzitsuak betetzeko diseinatu da. Horrela, bada, funtsezkoa iruditzen zitzaigun unibertsitate aurreko ikasleak unibertsitateko prestakuntzara lehenengoz hurbiltzean ludikoa eta praktikoa izan behar zuela. Ikasleen balorazioak aurrez aurre ezagutu ondoren, lortu dugula uste dut”, esan du campuseko errektoreordeak.

EGOkITU programaren helburu nagusia da unibertsitate aurreko ikasleei hurrengo etapan eskainiko zaien prestakuntza eskaintza eta Gipuzkoako enpresa egitura hurbilagotik eta eraginkortasun gehiagoz ezagutzeko aukera ematea. Horrela, gazteei aukera ematen die jakiteko beren gaitasunak eta talentua ikasketa jakin batzuekin bat datozen zuzenean egiaztatzeko. Udako ekimen horrek izan duen parte hartze handia eta parte hartzaileek erakutsi duten gogobetetasun maila handia direla eta, datozen edizioetan ere ekimenarekin aurrera jarraituko da.