euskaraespañol

‘Euskal Esperientziak Zientzia Zabalkundean 2018’ topaketa abian da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/14

Pedro Miguel Etxenikek eta Agustin Erkiziak topaketari hasera eman diote. Argazkia: DIPC

Zientzia zabalkundean lan egiten duten Euskal Herriko adituek hitzordua dute egunotan Donostiako Carlos Santamaria Zentroan. Izan ere, ‘Euskal Esperientziak Zientzia Zabalkundean 2018’ (EEZZ18) kongresuak Euskal Herrian zientziaren komunikazio eta dibulgazioaren ekosistema aberatsean diharduten 30 erakunde ezberdinetako eragileak bilduko ditu gaur eta bihar bitartean (80 pertsona baino gehiago hurbiltzea espero da). Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroen baitan egiten ari den kongresu hau Donostia International Physics Center-ek (DIPC), Materialen Fisika Zentroak (CFM, CSIC-UPV/EHU zentro mixtoa) eta Kultura Zientifikoko Katedrak (UPV/EHU) antolatu dute.

Kongresuaren helburu nagusia da zientzia zabaltzeko Euskal Herrian egiten diren ekimenen berri ematea. Honetarako, gai honetaz arduratzen diren eragileak elkartu dira. Horrela, zientziaren komunikazio eta dibulgazioan diharduten profesionalak (kazetariak zein erakundeetako dibulgatzaileak), STEM hezkuntza informaleko eragileak, ikertzaileak, ekintzaile zientziazaleak, zientzia irakasle eta ikasleak bi egunez elkartuko dira esperientziak partekatu eta eragileen arteko saretzea bultzatzeko.

Bi eguneko ‘Euskal Esperientziak Zientzia Zabalkundean 2018’ izeneko topaketari hasiera emateko DIPC-ko presidente eta CFM-ko kide eta lehen zuzendari Pedro Miguel Etxenikek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustin Erkiziak hartu dute hitza gaur goizean.

Topaketan parte-hartzaileen aniztasuna bilatu da, gurean egiten diren ekimenen irudi ahalik eta zabalena emateko asmoz. Honela, ‘EEZZ18’-n ordezkatuta egongo dira, besteak beste, unibertsitateak (EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea...), zientzia dibulgazioan esperientzia handia duten erakundeak (Elhuyar Fundazioa, Aranzadi Elkartea…), puntako ikerkuntza zentroak (DIPC, CFM, CIC-Nanogune), museoak (Eureka! Zientzia Museoa, Iruñeako Planetariuma, Bergarako Laboratorium Museoa, BTEK…), kazetariak (Berria, EITB, Gaztezulo…), enpresa pribatuak (Codesyntax), herrietan zientzia dibulgatzeko sortutako ekimenak (Zientziaren Giltzak Erakundea, Lemniskata, Zarautz On Elkartea…), etab.

Topaketa hainbat bloketan antolatuta egongo da. Alde batetik, hizlari adituen eskutik zientzia zabaltzeko ekimen ugari ezagutzeko aukera egongo da. Bestetik, hedabideetako ordezkariekin gizartearen aurrean komunikabideek duten zeregina zein den aztertuko da. Antolatzaileek, gainera, garrantzi handia eman nahi izan diote emakume zientzialarien ikusgaitasuna hobetzeari. Gaur egun, ehunka emakume daude Euskal Herrian puntako ikerkuntza lanak egiten eta, gainera, erreferentzia dira beraien sektoreetan. Bukatzeko, STEM hezkuntza informalak ere garrantzi berezia izango du egunotan. Izan ere, Euskal Herrian zientzia ikasteko egitasmo ugari (hezkuntza formalaz haratago doazenak) garatzen ari dira.

Hitzaldiez gain, zenbait aktibitate ere aurreikusi dira parte-hartzea bultzatzeko:

  • Flash komunikazioak: denbora oso laburrean proiektuak bana-banan aurkeztuko dira. Helburua da denbora gutxian hainbat egitasmo ezagutzea.
  • Poster sesioa: bertaratuko den publiko zabalak bere proiektuak aurkezteko aukera izango du. Honetarako, kongresuetan ohikoa den poster sesio bat antolatuko da.

Halaber, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko Graduondoko ikasleek egin dituzten irudiekin osatutako erakusketa ireki da. Honela, uztailaren13ra arte zabalik egongo den erakusketa honetan, ikasleek egin dituzten ilustrazio zientifikoak ezagutu ahal izango ditu bertaratzen den edonork.