euskaraespañol

Iritsi da antzerkiaren (unea)!

Gipuzkoako Campusean sortu da Unibertsitateko Eszena Arteak (unea) elkartea, antzerkiko zaletasunari erantzuna emateko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/05

Unibertsitateko Eszena Arteak (unea) erakundeko zuzendaritza-batzordea. Argazkia: UPV/EHU

Azken hamar urteotan Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko antzerki faktoriak ibilbide luzea eta emankorra egin du. Halaber, bere fruituak zabaldu ditu Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Pauen eskaini dituen emanaldiei esker. Bere jarduera egonkortu eta zabaldu nahian, EHUkultura programaren barruan gogoeta prozesu bat abiarazi zen 2017. urtean, zeinaren ondorioz aurten urratsak eman diren campusean kultura elkarte bat sortzeko: Unibertsitateko Eszena Arteak (unea).

Besteak beste, (unea)ren helburuak izango dira unibertsitate kideen artean kultura, arte eszeniko eta performatiboen bitartez hedatzea; unibertsitatea eta gizartearen arteko kultura harremanak sortzea; arte eszeniko eta performatiboak hedatu Euskal Herrian, bere kulturaren zabalkundea sustatzeko; kultura elementu inklusibo bezala bultzatzea kultur anitzeko den gizarte batean; elkartekideen artean arte eszeniko eta performatibo arloko prestakuntza eta ikerkuntza sustatzea; halaber, arte guneak errealitatearen azterketa kritikoa eta gizarte eraldaketarako une bezala eraikitzea. 

Gipuzkoako Campuseko Unibertsitate Hedakuntzako zuzendaria den Antonio Casadok azaldu duenez, “(unea)k campusean arte eszeniko eta performatiboen bidezko formazio osagarria, ikerkuntza eta kultur hedakuntza sustatu nahi ditu antzerki sormenaz gain.” Oraingo zuzendaritza-batzordekideak dira Esther Uria, Miren Urquijo, Itziar Urretabizkaia, Olaia Miranda (irakasleak) eta Ainhoa Urizar (ikaslea). Talde eragile hori irailean hasiko da aurkezpenak egiten, ikastegiz ikastegi bazkide gehiago lortzeko.   

Elkartearen izenean, Esther Uria UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleak adierazi du: “(unea)k arteak eta akademia lotzen dituen espazio bat eraiki nahi du, ikuspuntu zabalago eta sakonago batetik abiatuta: artea, zientzia eta hezkuntza eskutik joan daitezkeen ideiatik, gure (unea) bizitzeko, ezagutzeko eta azaltzeko asmoz; horizonte berriak marraztu nahi ditu, antzerkiak nor garen eta nor izan gaitezkeenaren irudikapena adierazten duelakoan. Izan ere, antzerkia gizakiaren berezko osagaia da; aktore gisa, bizitzako harreman-egoeretan parte hartzen dugu. Antzerkiaren estetikak gure errealitatea aztertzeko eta ulertzeko aukera ematen digu eta era berean elkarrekin errealitate berriak eraikitzeko posibilitatea irekitzen digu.”