Euskaldunek XVI. mendeko esklaboen salerosketan izan zuten parte hartzea

UPV/EHUko tesi batek Sevillako euskal komunitatearen jarduera eta merkataritza indianoan izan zuen parte hartzea aztertzen ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/21

Javier Ortiz Arza
Javier Ortiz Arza Sevillan.

Javier Ortiz Arzak defendatutako tesiak, ‘La comunidad vasca de Sevilla y la trata de esclavos (s. XVI)’ izenekoak, esklabotzaren zenbait alderdi ditu aztergai: praktika hori ohikoa zen eta estandarizatuta zegoen XVI. mendean Sevillan bizi ziren euskal emigratzaileen artean, hala merkataritzaren esparruan nola esparru pribatuan.

Betidanik, euskaldunek mugikortasun historiko handia eta izaera ekintzailea izan dituzte bereizgarri, eta beti egon izan dira Aro Modernoko leku eta une garrantzitsuenetan. Indietan, Flandrian eta Italian izan ziren, eta baita XVI. mendearen hasieran Atlantikora eta Amerikara zabaldu zen Sevilla hartan ere.

Javier Ortizen doktorego tesiaren helburu nagusietako bat izan da erakustea zer-nolako eragina zuen euskal komunitate emigratzaileak XVI. mendeko Sevillan eta bertan egiten zen merkataritza indianoan, hori guztia esklaboen salerosketa ardatz hartuta. Hain zuzen, Sevillako esklaboen salerosketa Atlantikoan diru gehien eman zuena izan zen, eta gutxien ezagutu zena (gaur egun ere ez da oso ezaguna). “Sevillako agiritegietan, batez ere Indietako Agiritegi Nagusian eta Probintziako Agiritegi Historikoan, jasota dagoen dokumentazioa xehetasunez aztertu ondoren, egiaztatu da, hain zuzen, euskaldunek erantzun ziotela Indietako Ibiliaren eta esklaboen itsasoko merkataritzaren eskari nagusietako batzuei; izan ere, euskaldunak tradizioz arituak ziren negozioetan, itsasoan, ontzigintzan eta administrazioan, eta esperientzia zuten arlo horietan”, adierazi du ikertzaileak.

Tesian, euskaldunek salerosketaren barruan gauzatu zituzten funtzio nagusiak aztertzen ditu, bai onuradun eta lizentzia esklabisten banatzaile gisa bai –nagusiki– esklaboen zamaketari eta garraiatzaile gisa. Jarduera horiek lagungarriak izan ziren euskaldunek ekonomikoki eta sozialki gora egiteko Sevillako gizarte sarean, eta euskal figura batzuek garrantzi historiko handia hartzea ekarri zuten; esaterako, nabarmentzekoa da Pedro de Morga bankari bizkaitarra.

“Azken batean, baiezta dezakegu euskal komunitatearen jarduera tradizionalak (merkataritza, finantzak, nabigazioa) ondo egokitzen zirela salerosketaren beharretara, profesional gaituak eta diziplina horietan esperientzia zutenak behar baitziren. Horri guztiari esker, komunitatea ondo moldatu zen; hain zuzen, beren ohiturak eta bereizgarri zituzten enpleguak alde batera utzi gabe, ez zuten zalantzarik egin Sevillako beste merkantzia, negozio esparru eta jardunbide ekonomiko batzuk aztertzeko orduan, mundu atlantikoa eta merkataritza amerikarra barne”, esan du, laburbilduz, Javier Ortizek.

Horrez gain, ikerketa honek zeinbat proposamen metodologiko egiten ditu XVI. mendean Gaztelan egiten zen esklaboen salerosketa aztertzeko, eta bide berri bat zabaltzen du etorkizunean lan gehiago egiteko euskal-sevillar komunitate horren inguruan, zeinak aztarna handia utzi baitzuen Aro Modernoaren historian funtsezkoa izan zen leku horren egitura sozial, ekonomiko eta espiritualean.

 

Informazio gehigarria

Javier Ortiz Arzak (Bilbo, 1982) Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia Saileko “Europa eta Mundu Atlantikoa: boterea, kultura eta gizartea” programaren barruan defendatu du bere tesia. Hasiera batean, Rosario Porres Marijuán irakaslea (UPV/EHU) izan zuen zuzendari, eta hori erretiratu ondoren, José Ramón Díaz de Durana Ortiz de Urbina (UPV/EHU) eta Manuel Francisco Fernández Chaves (Sevillako Unibertsitatea) irakasleak.