Albert Fert Nobel sariduna hasi da lanean Euskal Herriko Unibertsitatean

UPV/EHUren Materialen Fisika Sailean integratu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/31

Albert Fert, Nekane Balluerka eta Pedro Miguel Etxenike. Argazkia: UPV/EHU

Albert Fert ikertzaileak Fisikako Nobel saria irabazi zuen 2007an, eta orain Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta irakasle gisa hasi berri da. Albiste paregabe hori gaur goizean jakinarazi da, prentsaurreko batean. Bertan izan dira, fisikari frantsesaz gain, Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorea, eta Pedro Miguel Etxenike, Donostia International Physics Centerreko presidentea eta euskal unibertsitate publikoko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna. Fert irakaslea Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko Materialen Fisika Saileko ikertzaile agurgarri gisa arituko da.

Albert Fert, fisikari frantsesa eta 2007ko Fisikako Nobel sariaren irabazlea, magnetorresistentzia erraldoiaren aurkitzaileetako bat da. Efektu fisiko horrek goitik behera aldatu zuen disko gogorren teknologia, horien edukiera nabarmen areagotzeko aukera emanez. Orain arte, Université Paris-Sud unibertsitateko (Orsay) irakasle emeritua eta CNRSren (Centre National de la Recherche Scientifique) eta Thales Group-en arteko baterako laborategi bateko (unité mixte de recherche) zuzendari zientifikoa zen.

Kontratazio honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak bere ikerketa lana indartu nahi du, eta Albert Fertek eta UPV/EHUko Magnetismo Taldeak lehendik zuten lankidetza sendotu. Horrez gain, unibertsitateak aldi berean fase magnetiko eta topologikoak dituzten material berriei buruzko azterketak sendotu nahi ditu, hainbat alderdiri dagokienez.

Bestetik, Albert Fertek Donostia International Physics Centerrean (DIPC) ere kolaboratuko du. DIPC fisikako eta antzeko diziplinetako bikaintasun ikerketa egiten duen zentro bat da. Propietate magnetikoei eta materialen topologiari eskainitako ikerketa ildoak ditu, eta dimentsio biko materialen esparruan ere lan egiten du. Hain zuzen, azken esparru horrek lotura zuzena du Ferten jarduerarekin. Bestetik, zientzialari frantsesak CIC nanoGUNErekin ere kolaboratzen du, maila esperimentalean. DIPC zentroaren patronoetako bat da UPV/EHU, eta, Tecnaliarekin batera, UPV/EHUk zuzendutako Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campuseko kide da. Eusko Jaurlaritzak bikaintasun zentro izendatu du DIPC, bere BERC (Basque Excellence Research Centers) programaren barruan. Albert Fertek bat egin du DIPCrekin, UPV/EHUren eta DIPCen arteko atxikitze hitzarmen baten bidez.

Ikerketa lan horiez gain, Fert irakaslea UPV/EHUra etortzeak beste aukera asko zabaltzen ditu; besteak beste, langileak (doktoratu aurrekoak eta ikertzaileak) trukatzeko aukera egongo da bere UMR-Thales Palaiseau taldearekin, doktoregoko ikasleek eta UPV/EHUren Magnetismo Taldeko ikertzaileek egingo duten egonaldien bidez.

Albert Fert hasi da proiektu batzuk disenaitzen Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako hainbat ikerketa talderekin, baita Donostia International Physics Center-eko eta de CIC nanoGUNEko talde batzuekin. “Etorkizun handiko proiektuak dira, gogoberotzen nautenak, zeren eta materialen fisika kuantikoaren arloko abangoardian emaitza zirraragarriak lortuko baititugu. Halaber, uste dut proiektu hauek ere ate berriak irekiko dizkigutela Euskal Herriko eta Frantziako ikerketa zentroen arteko lankidetza bultzatzeko”, adierazi du Fertek.

Nekane Balluerka errektorearen hitzetan, “Albert Fert Fisikako Nobel sariduna Euskal Herriko Unibertsitatearen klaustroko kide izatea aukera paregabea da gure ikerketa ildoak sendotzeko, bereziki magnetismoaren arloan, eta lehendik emaitza bikainak lortzen ari ziren gure unibertsitateko ikertzaileei are gehiago irakasteko. Alabaina, UPV/EHUn egingo duen lanak balio sinbolikoa ere badu, horrek esan nahi baitu prestigio izugarriko ikertzaile batek gure unibertsitatearen aldeko apustu pertsonala egin duela. Hori azpimarratzekoa da, are gehiago kontuan hartzen badugu Nobel saridun bat izatea ez dela batere ohikoa Espainiako unibertsitateetan”.

Pedro Miguel Etxenikek ere gustura dagoela adierazi du, eta hau azpimarratu nahi izan du: “gustura gaude Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera Albert Fert goi mailako ikertzailea ekartzea lortu dugulako. Horrek agerian jartzen du gure inguruan egiten den zientziaren bikaintasuna, gure unibertsitatea ikerketaren buru dela. Albert Fert DIPC zentroaren lagun ona da, eta gurekin lankidetzan aritu da azken urteotan, hala ikerketan nola zientziaren inguruan antolatu diren komunikazio-jardueretan”.