Eneko Agirre irakasleak Google erakundearen ikerketa sarietako bat lortu du

Orotara 80.000 dolarreko laguntza ekonomikoa jasoko du adimen artifizialari buruzko bere ikerketa gauzatzeko, makinekin Interneten dagoen informazioari buruz hitz egin ahal izateko elkarrizketa sistemak garatzea du xede proiektuak.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/07

Eneko Agirre (argazkiaren eskubialdean) eta azterlanaren lankideak. Nagore Iraola. UPV/EHU

Eneko Agirrek, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Informatika Fakultateko Hizkuntza eta Sistema Informatikoen Saileko irakaslea eta Ixa Taldea ikertalde eta sortu berri den HITZ ikerkuntza zentroko kidea denak, Google erakundeak urtero ematen dituen ikerketa sarietako bat jaso du (Google Faculty Research Awards). Agirre irakasleak Aitor Soroa irakaslea, Arantxa Otegi ikertzailea eta Jon Ander Campos doktoregaia izan ditu lankide bere azterlanean. Google erakundeak hamabi sari eman ditu hizkuntzaren prozesamenduaren arloan. Guztira 158 proposamen saritu ditu Googlek (Adimen Artifizialaren esparruko 18 arloetako 910 hautagairen artean), 40 herrialdetako 320 unibertsitatek bidalita. Eneko Agirre irakasleak 80.000 dolar jasoko ditu ‘Accessing FAQ and CQA sites via dialogue’ ikerketarako; hots, makinekin Interneten dagoen informazioari buruz hitz egin ahal izateko elkarrizketa sistemak garatzeko.

“Gaur egun, bilatzaileen bidez eskuratzen dugu Interneten dagoen informazioa, Google eta Bing bezalakoen bidez, eta aurkitu nahi ditugun dokumentu esanguratsuak ematen dizkigute –dio Eneko Agirre irakasleak. Hori aldatzen ari da, gure ahotsa ulertzen duten laguntzaile birtualen garapenari esker (Siri, Alexa eta Google Assistant, besteak beste). Laguntzaile horiek oso azkar ari dira hedatzen, dela mugikorren bidez, dela Amazon Echo edo Google Home bezalako bozgorailu adimentsuen bidez, eta errotik aldatzen ari dira makinekin komunikatzeko dauzkagun moduak. Hala ere, gaur-gaurkoz gutxi dira elkarrizketaren bidez eskura ditzakegun aplikazioak; neurri batean, makinek ez dutelako hizkuntzaren konplexutasuna ulertzen eta berehala galtzen direlako gure hizkuntzaren anbiguotasunean”.

Saritutako proiektuaren helburua hauxe da: adimen artifizialeko tekniken bidez, Interneten dagoen informazio andana laguntzaile birtual horien bidez eskuratzea. “Informazio hori pertsonarekin ahalik eta modurik naturalenean elkarrizketatuz ematean datza erronka”.  Horretarako, ikertaldeak bi pertsonaren arteko elkarrizketa asko eta asko jasoko ditu, non pertsona batek galderak egingo dituen eta besteak dokumentu zehatz batean datorren informazioan oinarrituz emango dituen erantzunak. Elkarrizketa horiek eredu automatikoak entrenatzeko balioko dute, gai izan daitezen beste edozer gairi buruz naturaltasunez erantzuteko.

Proiektuko elkarrizketa batzuk sukaldaritzari eta elikadurari buruzkoak dira, eta besteak beste honako elkarrizketa hau jasota dago bertan, https://cooking.stackexchange.com foroan dagoen informazioan oinarrituta. (Ikusi atxikitutako irudia)

“Nahiz eta proiektua ingelesez egindako elkarrizketetan oinarrituta egon, beste hizkuntza batzuetan ere jaso nahi ditugu elkarrizketak. Zehazkiago, elkarrizketak euskaraz jaso ahal izateko boluntarioen bila dabil gaur egun Ixa Taldea. Lagundu nahi izanez gero, aski da http://ixa.eus/lagundu webgunean sartu eta izena ematea. Bildutako informazioan oinarrituta, hainbat lan egingo ditugu hizkuntzaren prozesamenduko masterrean http://ixa.eus/master”, azaldu du Eneko Agirre irakasleak.