euskaraespañol

María del Puy Portillo, Leixuri Aguirre, Itziar Eseberri eta María Arrizabalaga

Elikagaien etiketak (eta letra txikia) ulertzeko gida azkarra

Farmazia eta Elikagaien Zientzietako Saileko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko ikertzaileak eta CIBEROBN zentroko kideak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/22

Leixuri Aguirre, María del Puy Portillo eta Itziar Eseberri
Leixuri Aguirre, María del Puy Portillo eta Itziar Eseberri. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.
Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Beharbada, zer erosten dugun badakigula pentsatzen dugu. Baina, hala al da? Adibidez, badakigu zukua eta nektarra bereizten? Edo badakigu elikagai batek azukre erantsi gehiegi al duen? Badakigu balioesten elikagai aberastu jakin bat hartu behar al dugun ala ez?

Ziur aski, noizbait iritsi gara etxera ustez “urtzeko gaztaren” poltsa batekin. Eta, etiketa arretaz irakurri dugunean, “gazta” hitza ez dugu inon aurkitu. Xehe-xehe irakurtzeari ekin diogunean, produktuaren izenak –erosi duguna benetan zer den adierazten digunak– hau esaten duela ikusi dugu: “Esne prestakin izpitua, gratinatu eta urtzekoa”.

Eta hori ez al da gazta? Ez. Osagaiak hauek dira: ura, kokozko landare koipea, esnea, patata almidoi eraldatua, gatza, esne proteinak, hartzigarri laktikoak, koloratzailea eta zapore indartzailea. Bada, gaztaren definiziotik oso urrun dago, gaztak esnea, gatzagia eta gatza baititu. Horrenbestez, produktuaren izenari erreparatzea da lehen urratsa, ez diezaguten ziririk sartu eta modu osasungarrian elika gaitezen.

Nektarra eta zukua ez dira gauza bera

Produktuaren izenari loturik, ohiko beste adibide bat dira frutei zukua ateraz egiten diren edariak. Ontzian fruten irudiak ageri diren arren, ez du esan nahi zukua erosten ari garenik. Berez, zukua denean, berariaz adierazi ohi da. Gainerako produktuak nektarrak edo edari freskagarriak izan ohi dira, eta azukrea erantsi ohi zaie.

Zukua fruten zati jangarrietatik ateratzen den produktua da, eta jatorrizko frutaren zukuaren berezko ezaugarriak ditu. Nektarra, ordea, fruten kontzentratu batetik lortzen da; horri ura gehitzen zaio, eta azukrea ere bai normalean. Hartara, azidotasun gutxiagoko edari bat lortzen da, eta, kontsumitzaileek gustukoago badute ere, ez da zukua bezain osasungarria. Bitxia bada ere, nektar izeneko “zuku urtu eta azukredun” horiek garestiagoak izan ohi dira, zukuak baino.

Edari freskagarriei dagokienez, indarrean dagoen araudiak ez du definiziorik ematen; hortaz, industriak nahi duen bezala egin dezake produktua.

Nola interpretatu osagaien zerrenda

Osagaien zerrenda ere kontuan hartu behar dugu; hor amaierako produktuaren osagai guztiak jasotzen dira, kantitate gehienetik gutxienera. Hartara, berehala jakingo dugu produktuari izena ematen dion osagaia zer kantitatetan dagoen, hots, ea kantitate hori benetan nabarmena den. Adibidez, indarrean dagoen araudiak zehazten duenez, produktu bati ezin zaio “abakando eta zigala krema” izena jarri, baldin eta bi osagaien kantitatea minimoa bada. Hau da, batez ere barazkiz eginiko krema bati ezin zaio izen hori jarri kremaren % 11 abakando estraktua eta % 2 baino gutxiago zigala haragia izateagatik.

Gainera, oso baliagarria da elikagai batek azukre asko duen jakiteko. Informazio nutrizionalari begiratuz gero, produktuak zer azukre kantitate duen jakingo dugu. Baina nola jakin dezakegu azukre gehiegi al duen? Noiz da azukrea elikagaiarena eta noiz da azukre erantsia? Horretarako, osagaien zerrendan begiratu dezakegu, eta osagai gisa ageri den ikusi, eta zer posiziotan dagoen. Azukrea “ezkutatuta” dagoen ere ikus dezakegu, hots, ezti, melaza, astigar jarabe edo beste moduren batean.

Egia da ezin dugula hainbeste ordu igaro dendan edo supermerkatuan etiketak goitik behera irakurtzen zer produktu erosiko dugun erabakitzeko. Hala ere, beharrezkoa iruditzen zaigu gutxienez funtsezko alderdi batzuei erreparatzen ikastea. Modu horretan baino ez dugu erosiko benetan nahi eta behar duguna.

Nutrizio adierazpenak

¿Sabemos lo que compramos? Guía práctica para entender el etiquetado de los alimentos’ argitalpenean adierazten dugunez, garrantzitsua da nutrizio adierazpenak edo propietate osasungarrien adierazpenak zer diren eta nola interpretatu behar diren ulertzea. Borondatezko adierazpenak dira –aurrekoak ez bezala, haiek derrigorrezkoak baitira–, eta produktu jakin bat kontsumitzeak izan ditzakeen onurak adierazten dituzte.

Adibidez, nutrizio adierazpenek “zuntz iturria”, “azukre erantsirik gabea” eta antzeko esaldiak jasotzen dituzte; propietate osasungarrien adierazpenek, ordea, “kolesterol maila erregulatzen laguntzen du” eta antzekoak izaten dituzte.

Adierazpen horiek Europa mailan araututa dauden arren, beti ziurtatu behar dugu itxuraz adierazten duten hori benetan adierazten dutela; gainera, “letra txikia irakurri” behar da, hau da, ontzian agertzen den guztiari ondo begiratu. Zalantzak izanez gero, produktua komertzializatzen duen enpresaren web orrira jo dezakegu, bai eta pertsona kualifikatuengana ere, hala nola dietista eta nutrizionistengana.

Halako adierazpenak jasotzen dituzten elikagaiak kontsumitu aurretik, zenbait konturen inguruan hausnartu behar dugu. Benetan hartu behar al dut mantenugai jakin bat kantitate handiagoan? Edo kantitate nahikoa hartzen al dut elikaduraren bidez? Lagunduko al dit patologia jakin bat izateko arriskua gutxitzen? Eta erantzuna baiezkoa bada, galdera orain hauxe da: benetan behar al dut?

Engainagarriak al dira kolesterola murrizten dutela dioten produktuak?

Merkatuan asko eta asko dira odoleko kolesterola erregulatzen laguntzen dutela dioten produktuak. Eraginkorrak badira ere –fitoesterolak/fitoestanolak dituztelako–, kontuan hartu behar da ez dela miraririk gertatuko dosi bat hartzeagatik. Hainbat aste behar dira ondorioak ikusteko. Gainera, produktuok kontsumituta, odoleko kolesterola ez da % 15 edo % 20 baino gehiago gutxitzen. Arrakasta lortzeko, jakina denez, produktuok hartzearekin batera elikadura eta bizi estilo osasungarriak izan behar ditugu.

Produktuon jarduera mekanismoak, hain zuzen, dietaren bidez irentsitako kolesterolaren xurgapena eragozten du. Beraz, kolesterolaren aurkako efektu horiek kolesterol ugari duten otordu oparoekin batera kontsumituta baino ez ditugu ikusiko. Gure gizartean, eguerdiko otorduak izan ohi dira oparoenak.

Hiperkolesterolemia murrizten duten beste produktu batzuek azido oleikoa dute. Zenbait azterlan zientifikok baieztatu dutenez, gantz-azido horrek odoleko kolesterolaren kontzentrazioak erregulatzen ditu. Hala ere, produktu mota horiek erabili beharra daukagun planteatu behar dugu. Gure gizartean, oliba olio ugari kontsumitzen dugu; beraz, dietaren bidez erraz gaindituko dugu aipatu dugun efektu onuragarria lortzeko behar den kantitatea egunean.

Horiek adibide batzuk baino ez dira, elikagaien etiketak ulertzea eta elikagaien marketinaren aurrean kritikoak izatea zein garrantzitsua den ikusteko. Modu horretan baino ez dugu lortuko mahaira eramango ditugun produktuak askatasunez eta jakinaren gainean hautatzea.

The Conversation