Eliteko jokalariak eta UPV/EHUko ikasle: Alde on eta txarrak

“Bidaiatzea tokatzen denean, autobusean ikasi behar dugu, ahal duzun moduan. Zaila izaten da, baina egin beharra dago. Bestela, zulora zoaz” dio Enara Ajangiz areto futboleko bigarren maila nazionaleko Bilbo taldeko jokalariak.

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/08

UPV/EHUko eliteko jokalariak. Argazkiak: Real Sociedad eta Bilbo Fútbol Sala.

Emakumezkoen futbola zorioneko dabil denboraldi honetan. Real Sociedadeko jokalariek irabazi berri dute, lehendabizikoz beren historia osoan, Espainiako kopa eta Bilbo FS taldeko neskek igoera lortu dute denboraldi honetan areto futboleko lehenengo mailara, era honetako balentriarik lortu duen lehenengo emakumezkoen taldea, euskal kirolaren baitan. Jokalari hauetako asko UPV/EHUko ikasleak dira.

Hauentzat, eliteko beste edozein kirolarirentzat bezala, bada “UPV/EHUko goi mailako eta errendimendu handiko unibertsitate kirolarientzako tutoretza plana”, bizitza biak bateratzen laguntzeko helburuaz. Nahiz eta beti erraza ez izan. “Ahalegintzen naiz denborak datozen moduan gestionatzen eta bateratzeko moduko erritmoan joan” esan digu Manuela Lareok, Real Sociedadeko lehenengo mailako jokalari eta Donostiako Enpresa Zuzendaritza eta Zuzendaritza graduko 4. ikastaroko ikasle.

Lerro beretik, Leire Baños Real Sociedadeko lehenengo mailako jokalari eta Donostiako Lehenengo Hezkuntzako 3. ikastaroko ikasleak baieztatu digu ezen futbolak “ordu asko osten dizkigu”. “Astean 4-5 egunetan entrenatzen gara, gehi partidak. Egunero, gutxienez, bi ordutako entrenamenduak izaten ditugu. Gainera, goizez unibertsitatera joan behar dugu eta han bertan bazkaldu; nik, behintzat, ez dut astirik izaten etxera joateko. Zubietara 15:30ak aldera iristen gara eta 18:30ak arte ez gara handik ateratzen” kontatu digu Bañosek.

 “Nire fakultatea Gasteizen dago eta ni, bizi eta entrenatu, Donostian. Nekeza da joan-etorrietan ibiltzea” baieztatu du Beatriz Beltránek, Real Sociedadeko lehenengo mailako jokalari eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien graduko 3. ikastaroko ikasle. Hala ere, “egin beharreko ahalegina da, garrantzitsua baita ikasketak izatea kirol karrera amaitu egiten delako” ziurtatzen du Beltranek. Era berean, “ikasturtean zehar ongi eramaten da, goizean eskoletara joaten naizelako eta arratsaldez edo gauez entrenatu ohi garelako; denbora izaten dut egin beharrekoak egiteko. Etsaminen aldietan, ordea, gogorragoa da, entrenatzera joan behar da, ia arratsalde osoa galtzen duzu horretan eta, azken finean, orduak galtzen dituzu” azaldu digu Enara Ajangizek, areto futboleko bigarren mailako Bilbo taldeko jokalari eta Industria Antolakuntzako Ingeniaritzako 3. Ikastaroko ikasle Bilbon.

Babes akademikorako neurriak

Hasteko, eliteko kirolari guztiei unibertsitateetan irakasten den edozein gradutarako plazen ehuneko hiru gordetzen zaie eta plazen ehuneko bosta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien titulua. Bestetik, UPV/EHUk badu eliteko kirolarientzat diseinatutako plan bat, ikasle hauen kirol karrera eta ikasketak arrakasta bermatuaz bateragarri egiteko helburua duena. Honetarako, zenbait erraztasun jartzen da beren esku.

Eliteko kirolari guztiei bana tutore esleitzen zaie bi eskakizun eta betebeharrak bateragarri izan daitezen egin beharreko doitze akademikoak egin ahal izateko. “Nik ez dut zailtasun handirik izan, UPV/EHUren tutoretza programari esker, bide zuzena izan dut etsaminak aldatzeko eta eskoletarako huts egiteak justifikatzeko gestioak egin ahal izateko” aitortu du Lareok.

Izan ere, aukera bada nahitaezko irakaskuntza saioen % 25era arte huts egiteko, justifikazioa tartean delarik, eta etsaminak eta nahitaezko praktikak egiteko egutegia malgutzeko. “Irakasleek, orobat, ez didate ezelako trabarik jartzen, entrenamenduak edo partidak direla eta, eskoletara ezin banaiz agertu" azaldu du Bañosek.

Azkenik, hala nahi dutenek aukera dute ikastaro akademiko bakoitzeko hiruna kreditu aitortzeko. Ajangizek badaki aukera honen berri, baina nahiago izan du hautazko irakasgairik ez baliokidetzea, beroriek egin eta ikastea interesatzen baitzaio gehiago. Hala ere, aitortzen du sistema honekin “gauzak errazago izan daitezkeela". “Hamaika dira unibertsitateak goi mailako kirolariontzat jarritako erraztasunak eta zinez onak” ziurtatu du Beltranek.

Andrazkoen kirolaren zabalkundea

Andrazkoen kirolaren bistaratzea esponentzialki gehitu eta areagotu da eta honen lekuko garbia da emakumezkoen futbola. Azken denboraldi honetan, albiste izan dira gizonezkoen taldeek erabili ohi duten futboleko estadioak, bertan hasi baitira jokatzen emakumezkoen taldeak, jende andana eraman eta estadio itzel horiek ia bete ere bete dituztelarik. Hala ikusi da Anoetan, 21.500 bat ikuslerekin, San Mamesen, 48.121 ikaslerekin eta Wanda Metropolitanoan, orain arteko errekorra, 60.739 pertsonarekin. “Asko hobetu da azken urte hauetan informazio eta zabalkundearen gaia. Zenbait partida estadio handietan jokatzea edo andrazko kirolari asko kirol modalitate askotan lortzen ari diren lorpenak ikusita, gero eta gehiago hitz egiten da prentsan andrazko kirolarion inguruan, orain arte eman ohi ziguten tartetxo txikitik azaletara jauzi eginez” uste du Beltranek.

Beste alde batetik, Erreginaren Kopako finala izan zen, telebistan, andrazkoen futbolean gehien ikusitako norgehiagoka 1.655.000 ikuslerekin, kopa ematen zen bitartean zehar 2.217.000 pertsona konektatuta zegoelarik. <0} “Uste dut futbola une honetan modan dagoela eta, horregatik, egunetik egunera gehiago ateratzen gara egunkari eta telebistetan. Honez gain, oso inportantea izan da maila nazionalean eta tokikoan babesle handi eta txikiak agertu izan direla. Inola era ahaztu gabe ordainpeko eta ordaingabeko telebisten kanalek egin duten apustua jardunaldi bakoitzeko hiru partida transmititzeko” argumentatu du Lareok.

 “Emakumezkoen futbola izaten ari den zabalkundea geure gain ikusten ari gara, orain arte Erreginaren Kopa dela eta, bizi izaten ari garena sinetsi ezina baita. Orain arte inor gutxik ezagutzen gintuen kalean eta, orain, Donostian zehar bazoaz, jendeak badaki nor garen. Guretzat demasa da hori eta oraintxe konturatzen ari gara gai hau erritmo bizi-biziaz ari dela hazten” baieztatu du Bañosek.

Alabaina, urrats on hauek emanda ere, oraindik asko dago egiteko emakumezkoen kirolaren munduan. Esaterako, areto futbola kirol minoritarioa da bai gizonezkoen eta andrazkoen modalitatean. “Ikusezinak gara, orain arte ez da gauza inportanterik gertatu, inork ez gaitu ikusten. Inork ez du interesik gugan edo, egitekotan, liga irabazi eta 1. mailara igo garelako izan da” azal digu Ajangizek.