Emakume Errektoreen I. Goi Bilerak genero ikasketen inguruko jakintza arlo bat sortzea eta gradu berezi bat ezartzea aldarrikatu du

Heziketaren inguruko estereotipoekin amaitzeko lehen eta bigarren hezkuntzetako ikasleengana heltzeak duen garrantzia nabarmendu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/28

Universitat Jaume I erakundeko errektore Eva Alcónek antolatu du Espainiako Unibertsitate Publikoen Emakume Errektoreen I. Goi Bilera. Castellón egindako ekitaldian unibertsitate publikoetako zazpi emakume errektoreek parte hartu zuten: Universitat de Valènciako M. Vicenta Mestre; Universidad de Granadako Pilar Aranda; Universitat Autònoma de Barcelonako Margarita Arboix; Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Nekane Balluerka; Universitat Rovira i Virgiliko M. José Figueras; Universidad de Huelvako M. Antonia Peña eta gonbidatzailea bera.

Unibertsitate publikoetako zazpi emakume errektoreak. Argazkia: UJI.

Eva Alcónek eskerrak eman dizkio UJIko Isonomia Fundazioari, lehen goi bilera hau sustatzeagatik. Eta eskerrak eman dizkie bertaratuei ere, "generoari buruzko unibertsitate politikak elkarrekin aztertzea xede duen garrantzi eta esanahi handiko ekitaldi honetan gurekin egoteagatik”. “Goi bilera honen ondorioek gure unibertsitatetan baina, halaber, erkidego eta nazio mailan eta nazioartean eragin izango dutelakoan gaude”, gehitu du.

Valentziako Generalitateko Unibertsitateetako zuzendari nagusi Josefina Buenok, bere aldetik, honako hau esan zuen: “emakume errektoreen goi bilera hau mugarri bat izango da Espainiako unibertsitateetarako eta gizarte osorako". EUEB-Unibertsitateak erakundeko idazkari nagusi Teresa Lozanoren hitzetan, bestalde, “generoari dagokionez lehentasunezko helburu bat badago, emakumeen aurkako indarkeria mota guztiekin amaitzea da hori”. Jarraian, 2018n hildako 45 emakumeen eta biktima guztien oroimenezko hitzak esan ditu. Lozanok azaldu duenez, egindako ikerketa guztiek erakutsi dute “ikasketa maila erremintarik hoberena dela genero bereizkeriaren aurka eta emakumearen maila akademikoak gora egiten duen heinean, behera egiten duela bikotekidearen aldetik indarkeria pairatu duten emakumeen proportzioak”.

EUEB erakundeko idazkari nagusia bere hitzaldiaz baliatu da La universidad española en cifras izeneko argitalpenaren zenbait datu emateko. Lana datorren abenduan aurkeztuko da eta unibertsitateetan dagoen kristalezko sabaia agerian utzi du, 90ko hamarkadatik aurrera emakumeak nagusi badira ere unibertsitatean, gehiengo horrek ez du islarik errektoreen zein katedradunen kopuruan: “2017-2018 ikasturtean, emakumeak gradutan matrikulatutako ikasle guztien % 55 ziren baina kategoria profesionaletan gora egin ahala, beren presentziak behera egiten du eta, honela, emakumeak katedradunen % 21 baino ez dira eta sisteman sarturiko 84 unibertsitateetatik 15ek baino ez dute emakume errektore bat. Horrek esan nahi du bost emakumetik bat baino ez dela katedradun edo errektore”.

 Goi bileraren ondorioak

UJIko Berdintasunaren arloko errektoreorde Pilar Safontek irakurri ditu goi bileraren ondorioak. Dokumentu horretan oinarrituta, adierazpen luzeago bat idatziko da ondoko egunotan: Castellóko Adierazpena. Safontek azaldu du berdintasun ezarekin bukatu ahal izateko unibertsitateek dituzten erronka nagusiak hiru lerro ezberdinetan kokatzen direla: heziketa; ikerketa; eta lidergoa eta kudeaketa.

Heziketari dagokionez, genero ikasketen jakintza arlo berri baten sorrera eta gradu berezi baten ezarpena defendatu da. Horrez gain, lehen eta bigarren hezkuntzetako ikasleengana iristeko esfortzu bat aldarrikatu da, estereotipoekin bukatu eta gizonak feminizatutako gradutan eta emakumeak maskulinizatutako gradutan izan ditzagun (STEM haustura delakoa). Generoaren arloko heziketa gobernu taldetan areagotzearen aldeko apustua egin da ere, inplikazio handiagoa lortu eta bateratze eta erantzunkidetasun neurriak sustatzea ahalbidetuko duten aliantza ugariago ezartzeko gizonekin.

Ikerketaren arloan, ondokoak aldarrikatu dira: bereizkeria positiboko neurriak ezartzea berezko ikerketa planetan, amatasun eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko epealdiak aurreikustea ikerketa jardueran eta esfortzu berezi bat egitea emakume ikertzaileen izena ikusgarriago egiteko. Azken horretarako, zientzia argitalpenetan izen-deitura osoak jartzea edo emakume ikertzaileen aitortza handitzea (honoris causa, urrezko dominak, etab.) proposatu da.

Lidergoari eta kudeaketari dagokienez, azkenik, ondoko neurriak jarri dira mahai gainean: aurrekontuak genero ikuspegiarekin egitea unibertsitatetan; genero politikak garatzeko aurrekontua handitzea; berdintasunerako unitateen egiturak sendotzea; hizkuntza ez sexistaren eta hizkuntza inklusiboaren erabilera bultzatzea eta normalizatzea; oreka eta parekotasuna bultzatzea unibertsitatearen antolakuntza egitura guztietan; emakumeei zuzenduriko lidergoaren inguruko heziketa programak areagotzea eta zero tolerantziako politika bat ezartzea indarkeria matxisten aurrean.

Goi bilerari amaiera emateko, Eva Alcónek esan du bere nahia dela “ondorio horiek ibilbide orri bat bilakatzea, zeinak berdintasunaren arloan unibertsitateek datozen urteotan gauzatu beharko dituzten ekintzak jasoko dituen”. Azaldu du ere harremanetan jarri dela Europako Emakume Errektoreen Elkartearekin, ondorio horiek nazioartera heda daitezen. Eta, azkenik, goi bilera hau urtero edo bi urtean behin berriz ere deitzeko bere gogoa agertu du.