euskaraespañol

Eraikuntza-materialen isolamendu akustikoa hobetu dute

UPV/EHUko ikerketa batean egiaztatu dute industria-hondakinak eraikuntzarako hormigoi eta igeltsuetan sartzeak badituela abantailak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/10

Eraikuntza-materialen isolamendu akustikoa hobetu dute
Alberto Esteban UPV/EHUko Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia saileko ikertzailea

Lagin txikiak erabiliz eraikuntzako materialen prestazio akustikoak neurtzeko metodo bat garatu du Alberto Esteban González ikertzaileak, eta haren bidez, kostuak eta baliabideak merkatzen dira.

Eraikuntzaren sektoreak oso eragin handia du ingurumenean. Gainera, zehazki, hormigoia egiteko lehengai askotxo behar izaten da; gaur egun, harrobietatik lortzen da lehengaia, eta horrek inpaktu handia eragiten du. Bestalde, altzairugintza oso garrantzitsua da EAEko ekonomian; hondakin-kantitate handiak sortzen ditu, eta, askotan, zabortegietan amaitzen dute hondakinok. Hori dela eta, “azken joeren arabera, material horiek ez dira hondakintzat hartu behar; lehengai gisa erabili behar dira, beste produktu batzuk lortzeko”, adierazi du Alberto Esteban UPV/EHUko Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia saileko ikertzaileak (gaur egun, Eraiker-Gikesan ari da lanean).

“Ikerketa honen helburua da eraikuntzarako materialen isolamendu akustikoaren ezagutzan laguntzea eta isolamendua bera hobetzea, industria-hondakinak erabiliz, altzairugintzako zepak bereziki”, azaldu du Alberto Estebanek.

Horretarako, “lehenbizi, metodo berri bat garatu dugu material desberdinetako lagin txikietan isolamendu akustikoa neurtzeko”, dio UPV/EHUko ikertzaileak. Gaur egun, “10 m2-ko edo azalera handiagoko prototipoak erabiliz egiten dira isolamendu-saiakuntzak, eta horrek asko mugatzen du probak egiteko aukera, bai material-bolumen hori ekoizteko zailtasunagatik bai horrek eragiten duen kostu ekonomikoagatik”, erantsi du Estebanek. Ikerlan honetan garatutako transmisio akustikoko eskalako ganberek asko sinpletzen eta merkatzen dituzte mota horretako saiakuntzak; laborategietako emaitzekin alderatzeko moduko emaitzak lortzen dira, baina tamaina txikiko probetak erabiliz.

Eskalan egindako laborategia

Eskalan egindako laborategia martxan jarri eta baliozkotu ondoren, harrobiko agregakin naturalen ordez siderurgiako agregakinak eta bestelako industria-agregakin batzuk dituzten hormigoien prestazio akustikoak ebaluatu dira. Halaber, igeltsuak eta eskaiolak partzialki ordeztuz siderurgiako agregakinak dituzten igeltsuen prestazio akustikoak ebaluatu dira. 

“Hala lortutako emaitzek agerian utzi dute arku elektrikoko zepetatik datozen agregakinak erabiliz hormigoietan, dentsitate handiagoa izanik ere, hobekuntza garbirik ez dela lortzen naturalekin alderatuta, baina, bestalde, lortzen dira zaratatik babesteko gaur egungo eta etorkizuneko araudien arabera eraikuntzan erabiltzeko moduko nahikoa prestazio akustiko”, azaldu du Alberto Estebanek.

Igeltsuen kasuan, UPV/EHUko ikertzaileak nabarmendu duenez, “zepak sartzeak oso eragin positiboa du, batez ere maiztasun txikietan, hau da, behe-soinuetan, eta etorkizun handiko lan-ildo bat ireki du, hain zuzen ere, igeltsu-sistemen alderdirik ahulenetako bat hobetu baitu”.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Alberto Esteban Gonzálezen (Palma Mallorcakoa, 1974) doktore-tesiaren barnean egin da. Doktore-tesiaren izenburua Estudio de las prestaciones acústicas de materiales de construcción que incorporen subproductos industriales da, eta UPV/EHUko Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia saileko José Tomas San José Lomberak eta Eraiker - Gikesako Milagros Losañez Gonzálezek zuzendu dute. Altzairugintzako azpiproduktuak sartuz eraikuntzako material eta produktuen balio jasangarria maximizatzeko Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak duen BlueCons izeneko ikerketa-proiektuaren barnean egin du tesia.  Horretarako, Burgosko Unibertsitateko Ingeniaritza Zibileko sailarekin eta ERAIKER/GIKESArekin lankidetzan aritu dira, eta azken horretan egin dute ikerketaren atal esperimentala.