euskaraespañol

Errendimendu handiko gariek lurzoruaren nitrifikazioa inhibitzeko gaitasuna izatea lortu dute

UPV/EHU kolaboratzen ari den nazioarteko ikerketak PNAS aldizkari ospetsuak ematen duen Cozzarelli saria jaso du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/04/04

Argazkia: Asier Larrea, Begoña Gonzalez-Moro eta Carmen Gonzalez-Murua. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Munduko elikadurari eusten dion laboreetako bat garia da. 250 milioi hektarea inguru erabiltzen dira zereal hori landatzeko, eta azken lau urteotan hazi egin da labore horren eskaria eta ekoizpena. Gaur egun pentsaezina da ongarririk aplikatu gabe –batez ere nitrogenatuak– kalitatezko aleko ekoizpen handiak lortzea. Horren froga da gariak munduan ekoizten diren ongarri nitrogenatuen bostena kontsumitzen duela.

Nitrogenoa forma amoniakalean edo nitrikoan aplikatzen zaio laboreari, baina ematen den amonio eta nitrato guztia ez dute laboreek xurgatzen. Alde batetik, amonioa berehala bihurtzen da nitrato, lurzoruaren nitrifikazio prozesuaren ondorioz, eta nitratoa uretan oso disolbagarria denez, lurpeko uretara eta ibaietara iristen da, eta eutrofizazioa eragin dezake (uraren kalitatea galtzea, nutriente gehiegi egoteagatik; ondorioz, organismo ugari hazten dira eta oxigenoa agortzen dute). Bestalde, nitrogenoaren zati bat oxido nitroso moduan isuri daiteke atmosferara. Oxido nitrosoa berotegi efektuko gas bat da, CO2-a baino askoz indartsuagoa.

Hau da, alde batetik, biztanleriaren etengabeko hazkundea dela eta, nekazaritza oso produktibo bat lortzeko beharra dugu, eta horretarako, ezinbestean, ongarriak behar dira, baina, bestetik, ezinbestekoa da nekazaritzak ingurumenean eragiten dituen ondorio kaltegarriak arintzea.

Ongarriak hartzeko modua optimizatzea da bideetako bat. Horretarako, hainbat teknika erabili dira, landareak nitrogenoa modu eraginkorragoan erabil dezan: adibidez, poliki askatzen diren ongarriak erabiltzea edo sintesi kimikoko inhibitzaileak erabiltzea, lurrean amonioa nitrato bihurtzeko prozesua moteltzeko. Beste berriago bat hau da: Landare espezie batzuek lurrean amoniotik nitratorako oxidazioa inhibitzen duten molekulak sustraietan sortzeko eta jariatzeko duten gaitasuna aztertzea. Horrela, nitrogenoa lurrean denbora gehiagoz mantentzea lortzen da, eta landareek modu eraginkorragoan har dezakete. Arazoa da nitrifikazioaren inhibitzaile biologikoak sortzen dituzten espezie horietako asko (BNI, ingeleseko siglen arabera) ez direla oso emankorrak agronomiaren aldetik.

Euskal Herriko Unibertsitateko, CIMMYTeko (Mexikoko Artoaren eta Gariaren Hobekuntzarako Nazioarteko Zentroa), JIRCASeko (Japan International Research Center for Agricultural Sciences) eta Nihon Unibertsitateko (Japonia) ikertaldeek elkarlanean egindako azterlan honetan, beste urrats bat egin zuten; izan ere, Leymus racemosus basa espeziean BNI askatzeko gaitasun handia ematen duen segmentu kromosomikoa karakterizatu baitzuten. Espezie hori gariarekin ahaidetua dago ebolutiboki, eta, hainbat “elite” garirekin –errendimendu handiko gariak, hektareako 10.000 kg ekoizteko gai direnak– egindako gurutzaketen bidez, BNI molekulak askatzeko gaitasuna gaur egungo aldaera horietara transferitzea lortu zuten. “Prozesuak, aldi berean, gari gehiago ekoizteko aukera ematen du, bai eta berotegi efektuko gasen emisioak eta ur kontinentalen kutsadura, nitratoaren lixibiazioak eragindakoa, murrizteko ere”, azaldu du Carmen González Murua Landareen Fisiologiako katedradunak, UPV/EHUko NUMAPS taldeko ikertzaile nagusiak. Bera izan da ikerketan parte hartu duenetako bat.

Cozzarelli saria

Emaitza garrantzitsu horien ondorioz, artikuluak Cozzarelli sari ospetsua jaso du, Biologia Aplikatua, Nekazaritza eta Ingurumen Zientziak kategorian. Proceedings of the National Academy of Sciencesen (PNAS) argitalpen kontseiluak urtero ematen du saria; hain zuzen ere, bikaintasun zientifikoagatik eta originaltasunagatik nabarmentzen diren lanei ematen die.

Cozzarelli saria sei artikulu zientifikori ematen zaie urtero, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalak ordezkatzen duen diziplina zientifiko bakoitzeko bat. Oraingoan, sei artikulu irabazleak iaz PNAS aldizkarian argitaratutako 3.500 ikerketa artikulu baino gehiagoren artean aukeratu ziren. 2021eko saridunak Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalak datorren maiatzean egingo duen urteroko bileran aintzatetsiko dituzte.

Erreferentzia bibliografikoa