euskaraespañol

Oskar Aguado Cantabrana

Erromatar Inperioa ez zen izan gizonek (antza denez) pentsatzen dutena

Ikasketa Klasikoen Saileko doktorego ondoko ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/30

Irudia
<a href="https://www.freepik.es/foto-gratis/vista-guerreros-masculinos-antiguo-imperio-romano_76740378.htm#page=2&query=imperio%20romano&position=11&from_view=search&track=ais">Freepik-eko irudia</a>

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Egunero pentsatzen dut Erromatar Inperioan. Agian noizbait lortu izango dut horretan ez pentsatzea, baina salbuespena izango zen egun hori. Gainera, ezagutzen ditut emakume asko ere horretan pentsatzen dutenak, ziurrenik nik bezain maiz edo gehiagotan.

Baina esan berri dudan hau ez da alegatu ‘matxirulo’ bat, “emakumeek ere berdin egiten dute…” gaineratzeko. Azalpena sinpleagoa da: Antzinaroko historialaria naizen aldetik, Antzinako Erroman adituak diren emakumezko historialari, klasizista, arkeologo, ikertzaile eta dibulgatzaile ugari ezagutzeko aukera izan dut, eta maila profesionalean gai horretan hausnartzen dugunok ederki asko dakigu Mendebaldeko gizarteetan interes handia sortzen duen aro historikoetako bat dela Erromatar Inperioa.

Erromaren biralitatea TikTok-en

Duela urtebete, Saskia Cort suediar ‘influencerrak’ galdera bat egin zuen Instagramen: “zer jaten dute eta zertan pentsatzen dute gizon heterosexualek?”. Eta ez zuen pentsatu ere egin izango hamabi hilabete geroago galdera hori joera birala eta globala izango zela TikToken.

Saskiaren jarraitzaileetako baten erantzuna ustekabekoa izan zen: “Mutil-lagunari galdetu diot, eta esan dit berak ez duela ezertan pentsatzen, edo, izatekotan, Erromatar Inperioan pentsatzen duela”. Gaiak nolabaiteko tiradizoa izan zuen Suediako sare eta hedabideetan 2022ko irailean, baina, joan den abuztutik aurrera, mundu osoan zabaldu zen.

Orduan, ‘Gaius Flavius’ suediar errekreazionistak bideo bat argitaratu zuen, eta hau irakur zitekeen bertan ingelesez: “Andereak, zuetako askok ez dakizue gizonok zenbatetan pentsatzen dugun Erromatar Inperioan. Galdetu senar, mutil-lagun, aita, anaia eta abarri, eta harrituko zaituzte haien erantzunek!”.

Egunak igaro ahala, gertuko gizonezkoei gaiari buruz galdetu eta makina bat emakumek bideoak argitaratu zituzten TikToken. Haien erantzunak harrigarriak zirenez, #RomanEmpire etiketa uneko joera bihurtu zen.

Albistea The Washington Posten argitaratu zuten, atzera TimeCosmopolitan edo Financial Timesen agertu zen, eta Elon Musk ‘gorenak’ ere onartu zuen egunero pentsatzen duela Erromatar Inperioan. Horrela bada, gaia vox populi izan da iraileko bigarren hamabostaldian.

Sareetan binetareelmeme eta bideo ugari argitaratu dira, gaiaren parodiak eginez edo publizitate erakargarri gisa. Fenomenoa orokortu egin da, eta “hau da nire Erromatar Inperioa” esaldia ohiko eta ezagun bihurtu da, adierazteko gizonek etengabe pentsatzen dutela horretan.

Antzinaroa gaur egun

Pentsa liteke joera frenetiko hori moda hutsal eta iragankor bat besterik ez dela (eta neurri handi batean hala da), baina, aldi berean, laneko material oso interesgarria da genero azterlanak eta Antzinaroaren harrerari buruzko azterlanak egiteko.

Azken horiek ikerketa ildo berri eta berritzaileenetako bat dira Antzinate Zientziak deiturikoen barruan. Gaur egun, ikerketak egiten ditugu iraun duten arrastoak (testuak, aztarna arkeologikoak, etab.) erabiliz iragana ulertu eta interpretatzeko, baina, horrez gain, arreta berezia jartzen hasi gara Erdi Arotik gaur egunera arteko gizarte ‘post-klasikoetan’, jakiteko nola eta zergatik irudikatu, birsortu eta berrasmatu duten Antzinaroa.

Besteak beste, ANIHOANTIMOIMAGINES edo ‘Marginalia Classica’ ikerketa proiektuetan aztertu dute Antzinako Erromaren gure pertzepzioan zer eragin izan duten eta duten pintura historikoak, operak, eleberriak, zinemak eta telebistak, komikiak edo bideojokoek. Gogoeta ariketa horretan dago gaiak eragindako polemika ulertzeko gakoa, eta, zalantzarik gabe, sare sozialen dinamikak aztergai berri bat dira.

Zehazki, oihartzun handiko zenbait filmek, ‘Gladiator’ esate baterako, eta ‘Roma’ edo ‘Spartacus’ telesailek Antzinako Erromaren irudi guztiz estereotipatu eta erredukzionista bat zabaldu dute gizartean.

Ekoizpen horietan, gerra da funtsezko elementuetako bat, beti ageri dena, bai eta indarkeriazko ikuskizunak ere, hala nola gladiadoreen borrokak. Ez da kasualitatea hemen deskribatutako joera biralari buruzko albiste asko film horien irudiak erabiliz ilustratu izatea. Legionarioa eta gladiadorea dira bi figura ikonikoenak, eta gaur egungo Erromako merchandising turistikoak eta souvenir dendek berretsi egingo lukete pertzepzio hori. Era berean, enperadoreen neurrigabeko boterea, ustelkeria edo orgiak izango lirateke aro historiko horretako beste topiko nagusietako batzuk.

Uste duguna bezain maskulinoa al zen Erroma?

Polemikari esker, besteak beste Mary BeardPatricia González GutiérrezCasey Haughin-Scasny eta Paloma Martín-Esperanza historialariek azaldu dute zer arrazoi sakon dauden Antzinako Erromaren ideia ‘hipermaskulinizatuaren’ atzean eta iragan hori ‘matxosferako’ espazio seguru gisa irudikatzeko grinaren oinarrian.

Alde batetik, denek uste dute irudi horren eraketan garrantzi handia dutela zenbait bitartekok; zineak, adibidez. Eta bestetik, azpimarratu dute Erromako gizartea nagusiki patriarkala zela, baina, aldi berean, etengabe eboluzionatzen zuela, konplexua eta askotarikoa zela, eta generoaren, sexualitatearen edo botere dinamiken parametroak ez zirela uste izan dena bezain familiarrak eta monolitikoak. Mikel Herran arkeologo eta dibulgatzaileak oso modu zuzen eta ulergarrian laburbildu zuen ideia hori: “ese Imperio romano en el que piensan los ‘bros’ es una versión muy limitada de lo que fue la antigua Roma” (buruan darabilkizuen Erromatar Inperio hori, ‘txo’, Antzinako Erroma benetan izan zenaren bertsio oso mugatua da).

Era berean, aipaturiko historialarien esanetan, ‘harrera kate’ luze baten egungo forma baino ez da irudi prototipiko hori. Hau da, historiako hainbat unetan hondoratuta ditu sustraiak, garai horietako gizarteak Antzinako Erromari begira jarri baitziren inspirazio bila, orduko ustezko handitasuna eta zibilizazio lorpenak imitatzeko asmoz, baina baita garaian garaiko gaitzen aurrekariak aurkitzeko ere.

Beste une garrantzitsu batzuen artean, Errenazimentua, Ilustrazioa, Italiako faxismoa edo ‘Estatu Batuetako Inperioa’ aipatu izan dira, baina, egia esan, Mendebaldeko ia historia osoan begiratu izan zaio Antzinako Erromari ‘orainaren’ ispilu gisa. Baita oraintsuko zenbait testuinguru transzendentaletan ere, hala nola koronabirusaren krisian, 2021eko urtarrileko Kapitolioaren aurkako erasoan edo Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerran.

Harrerari buruzko azterlanetan, funtsezko alderdietako bat da testuinguru soziokultural eta politikoari erreparatzea, une bakoitzean Antzinarora hurbiltzeko modu zehatza azaltzeko. Gaur egungo joerari erreparatzen badiogu, Mendebaldeko gizarteek ikusten dute haien nagusitasuna gainbehera doala mundu globalizatu eta gero eta multipolarrago honetan. Gizarte horietan, borroka feminista transinklusiboak aurrerapen nabarmenak egin ditu azken urteetan, eta erreakzio matxista, berriz, erraietakoa izaten ari da.

Zentzu horretan, ‘gizonen pentsamenduak vs. emakumeen pentsamenduak’ erako eztabaida sexista batek sinplifikatu egingo luke genero gaien askotarikotasuna eta konplexutasuna. Eta hain zuzen ere, hori da girorik aproposena ustezko iragan loriatsu baten ideia nostalgikoari heltzeko, eta Mendebaldearen sehaska gisa ikusteko mundu klasikoa, non gizonak (zuriak eta heterosexualak) alfa arrak ziren eta emakumeek ez zuten zalantzan jartzen gizartean zuten eginkizuna. Herrialde askotan, eskuin muturra maiz ari da iraganaz modu interesatu horretan jabetzen, baina ez dira hori egiten duten bakarrak.

Ez dakigu zein izango den hurrengo ‘polemika handia’, Antzinako Erroma berriro arreta mediatikoaren erdigunean jarriko duena. Baina uste dut ez dudala hutsik egingo bi iragarpen egiten baditut. Lehenik, hau ez dela izango azkena. Eta bigarrenik, hurrengo polemika edozein formatan pizten dela ere, iraganeko errealitate konplexuekin baino zerikusi handiagoa izango duela gure oraingo kezkekin.

The Conversation