euskaraespañol

Olatz González Abrisketa

Jada ez dago emakumezko kirolari profesional gehiago gizonezko kirolari profesional baino Espainian. Zergatik?

Antropologiako irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/09/18

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Zer pentsatuko zenuke esango banizu joan den mendeko 30eko eta 40ko hamarkadetan Espainian kirolari profesional gehienak emakumeak zirela? Eta esaten badizut, gainera, hobekien ordaindutako kirolari profesionaletakoak zirela?

Maiz entzuten da gizonezkoen kirola hobeto ordainduta dagoela diru sarrera handiagoak sortzen dituelako, liberalismoak gizarte dinamikekin eta sexu ordenekin zerikusirik izango ez balu bezala. Gizonezkoek gehiago fakturatzen dutelako gehiago kobratzen dutela esaten denean, ez dira aipatzen hori horrela izatea eragin duten eta eragiten duten arrazoi sozial, historiko eta estrukturalak.

Emakumeek beren gizarte maila bereko gizonek egin dituzten jolas eta kirol gehienak egin dituzte. Emakume grekoek, atletismoa; emakume olmekek, pilota jokoa; emakume aristokrata frantsesek, ‘jeu de paumme’ izeneko kirola; emakume noble ingelesek, tenisa, eta beren herrikide emakume langileek, futbola. Bakoitzak, jakina, bere garaian eta bere lekuan, baina guztiek gorputz bat dutelako eta erabiltzen dakitelako.

Sexu politikako erabaki bakar batek, eta ia beti ezkutuko zein ageriko indarkeriaren mehatxupean, eragiten du emakumeek egin dezaketena eta egiten dakitena alde batera uztea. Kontua da hori gertatzen denean eta agertoki berri bat eratzen duenean, denbora gutxian pentsatzen dugula egoera horrelakoa izan dela antzina-antzinatik. Pierre Bourdieu soziologoak dioen bezala, naturalizazio oro deshistorizazio prozesu bat da.

Erraketa profesional bihurtu zen

1910eko hamarkadan euskal pilota modalitate berri bat inauguratu zen, erraketa, frontenisaren antzekoa, baina larruzko pilota erabilita. Gaur egun Euskal Herria izenez ezagutzen den honetan, emakumeek jokatzen zuten pilotan, haien artean eta gizonen aurka, jokoari buruzko dokumentuak eta erreferentziak ditugunetik, baina erraketa jokoa modalitate profesional bihurtu zen, eta Espainiako probintzietako hiri gehienetan jokatu zen, baita Kubako, Brasilgo eta Mexikoko hirietan ere.

Lehen erraketa frontoi industriala –sarrera txartel, aldibereko apustu eta zegokion zerga ordainketarekin– Madrilen ireki zen 1917an. 16 erraketista profesionalez osatutako taldea zuen. 1929an, 45 zituen. Orduan inauguratu zen Frontón Madrid berria, benetako klub sozial bat, jatetxea, ile apaindegia, aretoak eta terrazak zituena.

Garai hartako pilotaririk onenak, Carmen Lópezek (‘La Bolche’), 2.500 pezeta irabazten zituen hilean, sariengatik lortzen zituen aparteko ordainsari handiak, donariak eta bestelakoak kontuan hartu gabe. Ricardo Zamora atezainak bakarrik gainditu zuen kopuru hori urtebete geroago: Real Madrilek fitxatu zuen 3.000 pezetako soldata ordainduta (garai hartarako sekulako soldata zen).

1936ko lehen hilabeteetan, erraketa jokoa Sevillara, Balearretara, Logroñora, Bilbora, Habanara, São Paulora eta Mexiko Hirira zabaldu zen. Madrilek eta Bartzelonak lau pilotaleku zituzten, eta egunean lau eta sei partida artean eskaintzen zituzten pilotaleku bakoitzean. Ehunka emakume pilotari profesional zeuden pilotaleku horietan kontratatuta. Horiek batez ere Euskal Herrian zeuden eskola espezializatuetatik irteten. Euskal Herrian, erraketa etorkizun handiko ofizio bihurtu zen neskentzat.

Frankismoak emakume kirolarien etorkizuna zapuztu zuen

Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, erregimen frankistak kirola estatu arazo bihurtu zuen, Kirol Ordezkaritza Nazionalak zuzenduta. 1943an, Espainiako Pilota Federazioaren estatistika batek 1.432 pilotari profesional erregistratu zituen, eta horietatik erdiak baino gehiago emakumeak ziren, zehazki 734. Orduan, Espainiako Pilota Federazioak bi erabaki hartu zituen. Erabakiok ezinbestekoak dira erraketaren modalitatearekin zer gertatu zen ulertzeko, eta kirolaren egungo egoera ulertzeko ere lagungarriak dira.

1944ko otsailean, Kirol Ordezkaritza Nazionalak pilota jokoari «Pelota Nacional» izena jartzea erabaki zuen «Pelota Vasca» izenaren ordez. Erregimenak pilota kirol nazional bihurtu nahi izan zuen, Espainiako lurraldean jaio zen nazioarteko presentzia zuen bakarra baitzen. Horretarako, Espainiako herri guztietan frontoiak eraikitzea eta hezkuntza programetan sartzea sustatu zuen; hori bai, gizonentzako programetan bakarrik. Pilotaren ikuspegi nazional berri horretan, emakumeak, garai hartan maila profesionalean gehiengoa ziren arren, sobran zeuden.

Hilabete batzuk geroago, 1944ko uztailean, Kirol Ordezkaritza Nazionalaren Aldizkari Ofizialak «Prohibición del profesionalismo en el juego de pelota a raqueta» izeneko xedapen bat argitaratu zuen. Horren bidez, erraketa eskolen itxiera ezarri zen, «andereño erraketistei» federazio lizentziak ematea debekatu zen eta bi urteko epea jarri zen modalitate horretako frontoiak birmoldatzeko. Garai hartan, aurretik aipatutako hirietan ez ezik, Tenerifen, Las Palmasen, Kordoban, Valentzian, Vigon, Salamancan eta beste hiri batzuetan ere bazegoen erraketa joko profesionala.

Enpresen presioen eta erraketatik bizi ziren familien kopuru handiaren ondorioz, frontoiek Estatuari ordaintzen zizkioten zerga handiak ahaztu gabe, Espainiako Pilota Federazioak mugarik gabe luzatu zuen itxiera epea. Erraketa profesionalki jokatzen jarraitu zen, 1980ra arte, baina industria ehuna suntsituta geratu zen. Eskolarik gabe eta taldeak zahartuta –profesionalki debutatzeko debekua ez zen kendu 1958ra arte–, ez zen berriztatzerik izan, eta neska gazteek, ordurako, ez zuten imajinatu ere egiten irteera profesional gisa kirolean jardun zezaketenik.

Nazionalismoa eta kirol modernoa

Horren antzeko prozesuak gertatu dira munduaren zati handi batean nazioaren aintza, besteak beste, kirol lorpenen bidez neurtu denean. Bigarren Mundu Gerrak eta geroagoko feminitatearen mistikak XIX. mendearen amaieran nazionalismoaren eta kirol modernoaren arteko mendekotasun estuarekin hasitako maskulinizazio prozesu bat burutu zuten.

Mendekotasun horrek erabat markatu du kirolean bi sexuek duten aukera desberdintasuna, presentzia, aintzatespena eta ordainsaria ulertzeko eta onartzeko dugun modua. Liberalismoa, bakarrik autorregulatzen den merkatua aldarrikatzen duena, ez da existitzen hori ahalbidetzen duten Estatuko esparruetatik kanpo. Kirolean genero berdintasuna lortzeko, agertoki berriak (beti aurrekari historikoak izan ohi dituztenak) irudikatzeko aukera emango diguten politikak ezarri behar dira.

The Conversation