euskaraespañol

Euskadin da TREC espedizioaren laborategi mugikor aurreratua

Europako puntako espedizio zientifiko horrek euskal kostaldeko itsas biodibertsitatea aztertuko du UPV/EHUren laguntzarekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/09/15

Irudia
Plentziako Itsas Estazioaren (PiE-UPV/EHU) parean arituko da lanean Biologia Molekularreko Europako Laborategiaren (EMBL) laborategi mugikor aurreratua. | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Joan den apirilean hasi zen Europako TREC (Traversing European Ecosystems) espedizio zientifiko puntakoa, helburu gisa harturik Europako kostaldeko biodibertsitatea eta ekosistemak zehatz-mehatz ezagutzea. Espedizioaren bitartez, informazioa bildu nahi da organismoek beren artean eta ingurumenarekin interakzioan zer-nola jarduten duten jakiteko. Horretarako, eskala molekularra baliatuko da Europa kontinenteko kostaldeetako fluktuazio ekosistemikoetan. Orotara 46 geldialdi egingo ditu 22 herrialdetan, eta haietatik zortzi baino ez dituzte aukeratu laginketa intentsiboko eta dibulgazio zientifikoko gune gisa. Plentzia-Bilbo izango da horietako bat.

Hori horrela, Euskadin da dagoeneko TREC espedizioaren lehenbiziko fasea: urriaren 11ra bitartean, Plentziako Itsas Estazioaren (PiE-UPV/EHU) parean arituko da lanean Biologia Molekularreko Europako Laborategiaren (EMBL) laborategi mugikor aurreratua. Gurpil gaineko laborategi sofistikatu bat da, zeinak abangoardiako teknologia eramaten baitu zuzenean lan-eremura. Laginak bildu bezain pronto, ikertzaileen esku ipintzen ditu, laginon prestaketa aurreratua egin ahal izateko, eta, jarraian, analisi mikroskopikoari heltzeko. TREC espedizioak Suedian eginiko egonaldian baliatu zen lehenbizikoz laborategi hori, eta handik Gorliz-Plentziara ekarri dute. Azken belaunaldiko mikroskopia aurreratuko ekipamenduak ditu, eta bi Nobel sarirekin aintzatetsitako metodologiak baliatzen ditu.

Biologia Molekularreko Europako Laborategiak koordinatzen du TREC espedizioa, eta eginkizun horretan laguntzaile ditu Tara Oceans Fundazioa —zeina ozeanoak ikertzen jarduten baita— eta Europako EMBRC-ERIC ikerketa-azpiegitura —azken horretako kide da Plentziako Itsas Estazioa—. Estazio horixe da, hain justu, espedizio honetan lankidetza-lanetan diharduen ikerketa-zentroa.

TREC espedizioak tokian-tokian eginiko goi-mailako ikerketa eta ozeanoen esplorazioa uztartzen ditu. Laborategi mugikor aurreratuari Tara ikerketa zientifikoko belaontzia gehituko zaio urriaren hasieran. Ontzi horrek gure kostaldetik hurbil samar dauden habitat ozeanikoak arakatuko ditu, eta, eginkizun horretarako, ur-laginak bilduko ditu. Lehorrean beste ekipo bat ere arituko da, hura ere Biologia Molekularreko Europako Laborategiarena, eta, ingurumen-laginak ez ezik (ura, sedimentua, aerosolak), itsasoaren eta lurraren arteko mugan hautatutako eredu-organismoak ere bilduko ditu. «Horrenbestez, hiru gainegitura zientifikoz ari gara: laborategi mugikor aurreratua, kostaldeko laginketa-zerbitzuak eta Tara goleta. Eta hirurek bisitatuko dute PiE-UPV/EHU itsas ikerketako azpiegitura”, azaldu du Ibon Cancio PiE-UPV/EHUko ikertzaileak.

TREC espedizioari buruz

TREC espedizioa 2023ko apirilean abiatu zen Roscoffen (Frantzia). Aurtengo urtea Atlantikoari eta Baltikoari eskainiko dio, eta 2024an amaituko da esplorazio-bidaia paneuroparra, Mediterraneo aldean. Guztira 46 tokitan geratuko da, 22 herrialdetan. Geldialdi horietan guztietan egingo dira kostaldeko eta itsaso zabaleko laginketak, baina haietatik zortzi tokitan baino ez da geratuko laborategi mugikor aurreratua. Zortzi geldialdiotan, laginketa intentsiboak egingo dira ikertzaileentzat, baita dibulgazio zientifikoko jarduerak ere. «Plentzia-Bilbo aukeratu dute zortzi “supergune” horien artean, PiE-UPV/EHU estazioari esker. Izan ere, Plentziako Itsas Estazioak urteak daramatza itsasoko biodibertsitatearen behaketa molekular eta morfologikoan lanean, baita Europako beste erakunde batzuekin lankidetzan ere, Itsas Baliabide Biologikoen Europako Zentroaren (EMBRC) bidez. Era berean, Plentziako badia arakatzeari ekin dio berriki One-Health ekimenak. Behaketa-lanetan emandako urteen poderioz eta zientziaren bikaintasunari esker erakarri dugu TREC espedizioa gure kostaldera», adierazi du Ibon Canciok.

TREC espedizioak gene-sekuentziazioko eta mikroskopia aurreratuko metodologiak baliatuko ditu analisietan, eta, horri esker, aurrekaririk gabeko informazioa lortuko da, datuak molekulen, zelulen eta ekosistemen esparruan lotuko baitira. «Arreta berezia ipiniko zaio konposatu bioaktiboak detektatzeari, bai eta laginetan bildutako habitaten karakterizazio fisiko-kimikoari ere. Bizitzaren deskribapen integratu horri esker, Europako kostaldeko ekosistemen lehen errolda lortu ahal izango da, eta diagnostiko goiztiarreko tresnak eta soluzioak garatu ahal izango dira, etorkizunak ekar litzakeen aldaketetara egokitzeko», gaineratu du.

Dimentsio zientifiko eta esploratzaile horretaz gainera, TREC espedizioak herritarrak inplikatu nahi ditu ibilbide osoan, planetaren osasunari lotutako ingurumen-arazoen gainean kontzientzia pizteko, eta bertatik bertara erakutsi nahi du biologiak gure gizarteen erronka globalei aurre egiteko duen indarra. Partaidetza publikoko jarduerek jokoetan oinarritutako tailerrak, stand bat, hitzaldi zientifikoak, bai eta bisita gidatuak ere, laborategi mugikorrera, PiE-UPV/EHUra eta Tara ontzira (urriaren 11tik 18ra, Bilbon amarratuta dagoenean, laginketak egin ondoren).

Urriaren 11 izango da Euskadira egingo duen bisita/espedizio horren une gorena, egun horretan elkartuko baitira Bilbon espedizioko hiru osagai zientifikoak: laborategi mugikorra, laginketa-ekipoak eta Tara ontzia. Tara Bilboko Itsasmuseum parean atrakatzen dutenean, harrera publikoa egingo zaio, eta lehorrean hilabetez lanean jardun duen osagaiari agur esateko baliatuko da aukera hori.