euskaraespañol

David, Alba eta Aitor, Osasun Prestakuntza Espezializatuko podiumaren gorenean

Aurtengo deialdian BAME, BAFE eta BAPE probetan nota onenak lortu dituzten gure unibertsitateko ikasleekin hitz egin dugu

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/15

Irudia
David Samitier, Alba García eta Aitor Muñoz

Joan den urtarrilaren 20an Osasun Prestakuntza Espezializatuko plazetako bat lortzeko azterketak egin ziren. 25.504 ikaslek egin zuten azterketa, BAME (Medikuntza), BAEE (Erizaintza), BAPE (Psikologia), BAFE (Farmazia), BABE (Biologia), BAEFE (Erradio Fisika) eta BAKE (Kimika) plazak lortzeko asmoz.

Azterketa azken hilabeteotan prestatzen aritu dira, eta ikasten orduak emateaz gain, nekea pairatu dute. Estatu mailan emaitza onenetakoak lortu dituzten ikasle horietako batzuekin hitz egin dugu: Aitor Muñoz Lamosa (6. postua BAME deialdian), David Samitier Samitier (3. postua BAFE deialdian) eta Alba García Galar (25. postua BAPE deialdian).

Aitor Muñoz Lamosa. Medikuntza

  • Deialdia: BAME
  • Postua: 12.721 lagunetik 6.a
  • Eskainitako plaza kopurua: 8.772

Aitor Muñoz Lamosa

Aitor Muñoz Lamosa Thailandian dago, ikasketak amaitu dituela ospatzen. "20 egun igaroko ditugu Thailandian eta beste 10 egun Balin; hilabete hauetan galdu dugun kolorea berreskuratzea espero dugu”, esan du txantxetan. Aitorrek seigarren postua lortu du BAME proban. “Ez nuen hain ondo egitea espero, azterketa bereziki zaila izan zela iruditu baitzitzaidan; azterketen simulakroetan oso nota ona ateratzen nuen, baina benetako azterketa zailagoa iruditu zitzaidan”, adierazi du.

Beste ikasle askok egin bezala, Aitor udan akademia batera joan zen azterketa prestatzera. Aitorrentzat oso garrantzitsua da “ikastea, aisialdia eta kirola uztartzen dituen” errutina sortzea. “Aste solteren bat edo gonbidatu ninduten ezkontza batengatik izan ezik, itxialdia egin dut hilabete hauetan”.

Seigarren postua lortu duenez, Aitorrek edozein espezialitate aukeratu dezake, Estatuko edozein tokitan; hala ere, oraindik ez dauka oso argi, kirurgiari eta diagnostikoari lotutako espezialitate bat aukeratuko duela badakien arren. “Gogoko ditut barne medikuntza, kardiologia, nefrologia, neurologia eta onkologia; beraz, aukera anitz ditut”. Hori bai, Donostian gelditu nahi du, “bertan daudelako lagunak eta familia”.

Etorkizuneko hautagaiei ez die gezurrik esan nahi. “Ez diet lasai egoteko esango, klixe hutsa delako eta ni neu ere ez nengoelako lasai azterketaren egunean” “Beren ikasteko moduarekin bat datorren akademia aukeratzea” gomendatzen die, baina, batez ere, zorte handia opa die: “karrera bukatu badute, lortu dezakete”.

David Samitier Samitier. Farmazia

  • Deialdia: BAFE
  • Postua: 1.398 lagunetik 3.a
  • Eskainitako plaza kopurua: 340

David Samitier Samitier

David Samitier Samitierrek hirugarren postua lortu du BAFE proban. Azterketa prestatzen hasi zen iazko apirilean, Farmaziako Gradua bukatu aurretik, eta GRALa eta ospitaleko praktikak egiten zituen bitartean. “Akademia batean izena eman nuen eta ikastaroa telematikoki egin dut. Hasieran egunean bi ordu egiten nituen, baina ikasturtea bukatzean, ekainean, etxera bueltatu eta benetan prestatzen hasi nintzen”, azaldu du.

Azpimarratu du jarraikitasuna oinarrizkoa dela proba prestatzeko; halaber, azterketa egin bitartean lasai zegoen, ondo prestatu zuela bazekielako. “Ordu nahiko gogorrak izan ziren. Atera nintzenean pozik sentitu nintzen egindakoarekin, eta, batez ere, etapa baten amaiera zelako, emaitza gorabehera”.

Atseden hartu du eta ospitaleko etapari gogoz ekin nahi dio, egoitza aukeratzeko denbora falta den arren. “Oraindik ere pare bat hilabete ditut ondo pentsatzeko; ospitaleko farmazia nahiago dut, baina analisi klinikoak egitea ere ez dut alde batera uzten. Ospitaleari dagokionez, batzuk begiratu ditut, hala nola HUiP la Fe Valentzian edo HGUGM Madrilen”.

Davidek esan digu karrerako azken urtean ez zuela oso argi zer aukeratuko zuen: adar klinikora jotzea edo ikerketaren mundura hurbiltzea. “BAFE azterketa prestatzera animatu nintzen ospitaleko farmazia zerbitzuan egin nituelako praktikak, eta bertan ulertu nuen zein zen farmazialariaren egitekoa”. BAFE azterketa prestatu nahi duten ikasleentzako aholku bat jaulki du: “Iraupen lasterketa bat dela jakin behar dute, eta, alderdi emozionalari dagokionez, errusiar mendi baten antzekoa da. Fakultateko azterketa batekin alderatuta, oso bestelakoa da; aurrera egiteko garrantzitsuena motibazioa, diziplina eta erresilientzia izatea da”.

Alba García Galar. Psikologia

  • Deialdia: BAPE
  • Postua: 3.195 lagunetik 25.a
  • Eskainitako plaza kopurua: 247

Alba García Galar

Alba García Galarrek hogeita bosgarren postua lortu du BAPE azterketan. Duela bi urte hasi zen prestatzen. Lehenengo deialdian ezin izan zuen plaza lortu, baina ez zuen amore eman eta bigarren azterketan lortu du: “Egia esan, ez nuen espero. Prestatu bitartean aurten nire urtea izango zelako itxaropena nuen, baina banekien oso zaila dela eta hautagai asko garela eskaintzen duten plaza kopururako”.

Albak azterketa online akademia batean prestatu zuen. “Uste dut beharrezkoa dela ikasteko unea bideratzeko eta planifikatzeko; nolabait bide gogor horretan laguntza izateko”.  Etxean ikasten zuen, baina “simulakroak egiteko liburutegira joaten nintzen, simulakroa azterketaren egoera errealaren antzekoa izan zedin: zarata, jendea edo distrakzioak”.

Psikologoak azpimarratu duenez, “prozesu gogorra da, eta nolabait bizitza sozialetik aldentzea eskatzen du”. Hala ere, esfortzuak balio izan zion "azterketatik lasai eta sentsazio onarekin ateratzeko”. Albak Kanbodiatik erantzun digu, bertan baitago lortutakoa ospatzen eta azterketaren ondoren atseden hartzen, merezi baitu. Adierazi duenez, "ospakizuna eta atsedena azken hilabeteetan askotan izan nituen buruan, azken esprinterako behar nuen motibazioa lortzeko".

Datorren urtean azterketa egingo duten hautagaiei pazientzia izatea gomendatu die: “Iraupen lasterketa bat da, eta geure burua zaintzea ikasten ematen dugun ordu kopurua bezain garrantzitsua da. Ezinbestekoa da nork bere burua kontuan hartzea, babesten zaituen jendea inguruan izatea eta egunero nork bere burua zaintzeko tarte bat hartzea”.

Albaren asmoa etxean geratzea da, Nafarroako Ospitale Publikoan, Iruñean. Hala ere, ez du alde batera uzten “beste aukera batzuei buruzko informazioa jasotzen jarraitzea”.

Hemendik hilabete gutxira Aitorrek, Albak eta Davidek egonaldia zein espezialitate eta lekutan egingo duten aukeratuko dute. Bitartean, merezi duten atsedenaz gozatuko dute. Zorionak hirurei eta azterketa gainditu duten EHUalumni guztiei!