euskaraespañol

Gaurko irudia

Euskampus Bordeaux Eguna, 2022ko edizioan, azaroaren 21ean eta 22an izango da, Bordelen.

Euskal Herriko eta Bordeleko unibertsitateetako errektoretza-taldeak joan den ostiralean bildu ziren Bidarten, aliantza estrategikoaren loturak indartzeko asmoz.

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/09/28

Irudia
UPV/EHUko eta Bordeleko errektoretza taldeetako eta Euskampus Fundazioko kideak, ESTIA Ingeniaritza Eskolan egindako bileran, Bidarten..

Euskal Herriko Unibertsitateko eta Bordeleko Unibertsitateko errektoretza-taldeak aliatu estrategikoak eta mugaz gaindiko Europako lehen campusaren sortzaileak joan den ostiralean bildu ziren Bidarteko ESTIA Ingeniaritza Eskolan, lotura akademikoak indartzeko asmoz, Unibertsitate frantziarraren zuzendaritzan berriki gertatu den aldaketaren ondoren. Bi errektoretza-taldeetako kideek hartu dute parte topaketan, eta Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea eta Dean Lewis Bordeleko Unibertsitateko errektore berria buru izan dira. 

Besteak beste, hurrengo Euskampus Bordeaux Eguna prestatzeko lanen berri eman zen bileran. Azaroaren 21ean eta 22an izango da, Bordelen, 2022an. Euskampus Bordeaux Eguna urteko hitzordu handia da, eta Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusaren esparruanlortutako azken lorpenak eta aurrerapenak aurkezten eta partekatzen ditu. UPV/EHUk Bordeleko Unibertsitatearekin duen Mugaz Gaindiko Campusa nazioarteko lankidetzako eredu bat da, goi-mailako hezkuntzaren ingurune erakargarri eta berritzailea eskaintzen duena, Europan aitzindari den ikerketa kooperatiboko gune bat sortu duena eta berrikuntzarako balio erantsi handiko lurralde-ekosistemak sustatzen dituena, enpresekin, gizarte-erakundeekin, administrazio publikoekin eta herritarrekin batera. Campusak 100.000 ikasle baino gehiago ditu, 10.000 ikertzaile inguru eta 4.500 administrazio eta zerbitzu pertsona baino gehiago. 

Bere ibilbideko hamaika urteetan lortutako lorpenen artean, hauek nabarmentzen dira: punta-puntako arloetan baterako masterrak finkatzea, tutoretza-erregimenean dauden doktorego-tesiak defendatzea (tesi horiek bi herrialdetako unibertsitateen artean egiten dira, eta biek doktore-titulua lortzeko aukera ematen dute) eta ikerketa-lan bateratua, mugaz gaindiko lankidetza-laborategiak sortuz (LTC).