euskaraespañol

Euskararen astea Gipuzkoako Campusean

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/30

Irudia
Patxi Zubizarreta Zubizarretak 2023ko Haur eta Gazteen Literatura Sari Nazionala irabazi du | Argazkia: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa, UPV/EHU

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusean hainbat ekimen antolatu ziren astean zehar gauzatzeko. Carlos Santamaria Zentroko auditorioan, ‘Patxi Zubizarreta idazlearekin: konplizitateak saretuz’ hitzaldia garatu zen unibertsitate-komunitatearentzat. Zubizarretak beste sari askoren artean, 2023 urteko Haur eta Gazteen Literatura Sari Nazionala irabazi du. Hitzaldia Amaia Elizalde Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Hizkuntza eta Literaturaren Didaktikako Sailaren irakaslearekin elkarlanean antolatu zen eta izenburuan aipatzen den sarea ehuntzeko, euskal idazle sarituak ipuin baten sorrera argitu, eskemak eta eskuizkribuak erakutsi, idazketaren prozesua azaldu, eta marrazkiekiko lotura nabarmentzen aritu zen. Hori guztia hainbat material erakustearekin lagunduta. 

Halaber, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Areto Nagusian, ‘Irulegi. Bidaia arkeologiko bat baskoien lurraldera’ hitzaldiak garatu ziren. Unibertsitateko kideei zuzenduta egon zen ekimen honetan hizlaria, Irulegiko arkeologo zuzendaria den Mattin Aiestaran izan zen, ekimenaren antolaketan Pedagogia zein Giza Hezkuntza Graduetan ‘Hezkuntza, hizkuntza eta kultura aniztasuna’ ikasgaia jorratzen duten Larraitz Altuna eta Imanol Galeano irakasleek parte hartu zuten. Bestalde, edukiari buruz, Aranzadiko arkeologoak taldean egiten duten lanaren nolakotasuna azaldu zuen, beste disziplina batzuekin lan egitearen garrantzia, aurkikuntzen esangura gaurko kulturaren ulermenerako eta etorkizunak agertzen dituen erronkak azaleratu zituen. Garatu ziren bi hitzaldi hauen zehar, Brontze eta Burdin aroetara bisita dastatzeko aukera luzatu zen, eta baskoien garai hartako komunitatearen bizitza ezaugarrietaz hausnartzekoa. 

Bestetik, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Kimika Fakultateko Euskara Batzordeak ‘Jakinduriek mundue erreko dau’ izenburupean zientzialariak eta bertsolariak batu zituen. Ikusi berria esteka honetan

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira ere, Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan ikusgai dago Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak eta Garabide Elkarteak antolatutako ‘Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen’ izeneko erakusketa. Ikusi berria esteka honetan