null

Gardentasuna falta da hiri-jasangarritasuneko rankingetan

UPV/EHUko artikulu batek ahulezia metodologikoak hauteman ditu hiri-jasangarritasuneko ranking, azterketa konparatibo eta indizeetan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/06

Lucía Sáez Vegas. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU

Hiri-jasangarritasuneko ranking, indize eta sailkapen eta monitorizaziorako antzeko tresnetan, guztira 21ean, erabilitako eta argitaratutako metodologiaren kalitatea eta jardunbide egokiak aztertu dituzte UPV/EHUko ikertzaile batzuek. Ondorioztatu dute tresna horiek ez dituztela kontuan hartzen kausalitate konplexuak, eta ez dutela gardentasun metodologikorik diseinatutako datu-bilketari, haztapenari eta agregazio-prozesuari dagokienez; halaber, partzialak izan ohi dira, sailkapenean gaizki geratzen diren hiriak baztertzen dituzte, eta lehendik dauden estereotipoak indartzen.

“Azken bi hamarkadetan asko hedatu da hiri-jardueren sailkapen- eta neurketa-tresnen erabilera (rankingak, indizeak eta antzekoak), baita askotariko presio berdintzaileei erantzunez halakoak erabiltzen dituzten erakunde publikoak zein pribatuak ere. Tresna horiek guztiak, ustez, erabilgarriak dira tokiko agintaritzek hainbat jarduera-eremutan ezarritako politikak gidatzeko eta ebaluatzeko, eta bereziki emankorrak dira jasangarritasunaren alorrean. Nolanahi ere, tresna horien benetako oinarri metodologikoaren inguruko ezagutza falta da”, azaldu du Lucía Sáez Vegas UPV/EHUko Finantza Ekonomia II Saileko doktoreak.

“Hirietako neurketen eta monitorizazioen kalitatea eta jardunbide egokiak analizatu eta ebaluatzeko helburuarekin, eta alderdi metodologikoei arreta berezia jarriz, hiri-jasangarritasuneko (zentzu oso zabal batean) zenbait ranking, indize eta sailkapen eta monitorizaziorako antzeko zenbait tresna hautatu ditugu (ehunka neurketa-tresnaren artetik, guztira 21), sakon aztertzeko. Horretarako, beste alor batean, unibertsitate-rankingetan, testatutako analisi-metodologia bat egokitu eta aplikatu dugu”, erantsi du Sáez doktoreak.

Alderdi metodologikoen garrantzia

Ikertzaileek lau alderdi nagusi hauek aztertu dituzte ranking, indize eta antzeko tresna guztietan: zer xede duten eta zer helburu-talderentzat egiten diren; diseinuan zer metodologia eta haztapen erabili diren; zer gardentasun duten datu-bilketarekin eta informazio-prozesamenduarekin lotuta; eta, azkenik, emaitzak nola aurkeztu diren. Sáez doktoreak azaldu duenez, “lau alderdi horietatik, lehenari eta azkenari buruzko informazioa da eskuragarrien dagoena, hau da, informazio deskribatzailea. Aztertutako sailkapen guztiek zehazten dute; nolanahi ere, hori ez da gertatzen alderdi metodologikoekin, datu-bilketarekin eta informazioaren prozesamenduarekin lotutako informazio guztia eskuratzen saiatzean; hala, kutxa beltza edo black box delako bat sortzen da, alegia, gailu bat zeinaren emaitzak aztertzen eta zabaltzen baitira zer barne-funtzionamendu duen kontuan izan gabe.

Hala, aztertutako sailkapen guztietan hainbat ahulezia metodologiko daudela egiaztatu dute ikertzaileek. Ikertzaileak adierazi duenez, “halako tresnek joera dute kausalitate konplexuak kontuan ez hartzeko, eta ez dute gardentasunik diseinatutako datu-bilketari, haztapenari eta agregazio-prozesuari dagokienez; halaber, partzialak izateko joera dute, eta, horren ondorioz, joera dute sailkapenean gaizki geratzen diren hiriak baztertzeko eta lehendik dauden estereotipoak indartzeko”.

“Hiriak dimentsio desberdinetan sailkatzeko eta alderatzeko aukera lagungarri izan daiteke, hiriko zenbait alderditan hobekien jarduten diren hiriak identifikatzeko. Hori dela eta, hiri-kudeatzaileek edo erabakitzaile publikoek erabiltzen dituzte tresna horiek batzuetan, nahiz eta oso kontuan izan behar den nola egina dagoen rankinga, edo indizea, eta kontu handiz erabili behar den, batez ere baldin eta alderdi metodologikoei eta emaitzen sendotasunari buruzko nahikoa informazio ematen ez badu. Uste dugu halako tresnak informazio-iturri gisa, edo baita inspirazio-iturri gisa ere, erabili beharko liratekeela gehiago, eta ez horrenbeste ekintzak egiteko bide-orri gisa”, erantsi du.

Gainera, sailkapen horiek jendartearen interesa erakartzen dute, oro har; izan ere, kontzeptu konplexuak neurtzen dituzte, eta oso erraz ulertzeko moduko sailkapen baten bidez aurkezten dira, normalean zenbakizko sailkapen baten bidez. “Gure ikuspegi akademikotik, emaitzak azken sailkapen gisa aurkezteak, alegia, aurkikuntza nagusiak aipatuz baina alderdi metodologikoei kasu gutxi eta batere kasurik ez eginda aurkezteak —azken batean alderdi metodologikoak dira puntuazio edo sailkapen horri eusten diotenak—, agerian uzten dute hiri-jarduera neurtzeko eta monitorizatzeko tresna hauek zenbaterainoko ahulezia duten”, nabarmendu du Sáezek.

Informazio osgarria

Ikerketa UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Lucía Sáez Vegas, Iñaki Heras Saizarbitoria eta Estibaliz Rodríguez Núñez ikertzaileek egin dute (Finantza Ekonomia II eta Enpresen Antolakuntza sailetakoak). Eusko Jaurlaritzako 15/176 ikerketa-talde finkotukoak dira.

Erreferentzia bibliografikoa