euskaraespaƱol

Unai Arzubiaga

Familia enpresek ez dute interesik makrodatuetan

Finantza Ekonomiako eta Familia Enpresako irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/28

Unai Arzubiaga
Unai Arzubiaga. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Azken hamarkadan, makrodatuak, big data deiturikoak, enpresek erabakiak hartzeko duten modua errotik aldatzen ari dira. Egiazki, bezeroen, lehiaren eta teknologia berrien eskakizun aldakorrei erantzuteko irtenbide ezin hobea bihurtu dira tresna horiek.

Hala ere, kudeaketan onura handiak ekartzen dituen arren, familia enpresaren esparruan motelago ezartzen ari da big data. Zergatik? Enpresa horiek definitzen eta gainerakoetatik bereizten dituen faktore beragatik: haien ondare sozioemozionalagatik.

Familia enpresen ondare sozioemozionala

Familia batek bere negozioaren jabe izateagatik jasotzen duen ekarpen ez ekonomikoa da ondare sozioemozionala. Familia enpresan erabakiak hartzeko funtsezkoak diren bost alderdiz osatuta dago:

  1. Familiak enpresa kontrolatzea.
  2. Familia identitatea.
  3. Lotura sozial lotesleak.
  4. Atxikimendu emozionala.
  5. Familia loturen berritzea.

Beraz, beste enpresa batzuetan ez bezala, familia enpresen erabakiak ez dira logika ekonomiko hutsean oinarritzen. Are gehiago, familia enpresetan, senideei eta hurbilekoei eskaintzen dieten ondare afektiboaren babesak logika ekonomiko hutsa deusezta dezake.

Ondare sozioemozionala zaintzeko nahiak ez dio beti modu berean eragiten erabaki hartzeari. Enpresan nagusi den alderdi sozioemozionalaren arabera ebaluatzen dute familia enpresek big data-ren ezarpena.

Familiaren kontrola eta eragina

Familiak enpresaren jardunbidearen gaineko kontrola mantendu nahi izateari, askotan, helburu ekonomiko jakin batzuk lortzeari baino garrantzi handiagoa ematen zaio. Ondorioz, familiako kideek enpresaren kudeaketan eragin handia dute eta horrek eragin bikoitza du big data ezartzeko orduan.

Kontrolari eusteko nahiak big data-ri buruzko ezagutza espezifikoak dituzten familiatik kanpoko adituak fitxatzeari uko egitera bultzatzen du enpresa. Enpresa helburu horretarako profesional egokienak izateko aukera gabe uzten du horrek. Gainera, kontrolari eusteko nahiaren eraginez, enpresak big data ezartzeko kanpoko finantzaketa eskuratzeari uko egiten dio, enpresaren kontrola galtzeko beldurragatik.

Bi alderdi horien ondorioz, familiak kontrolari eta eraginari eustea lehenesten duten familia enpresek big data ezartzearekiko jarrera uzkurra dute.

Lotura sozial lotesleak

Enpresak bere familiako kideekin eta familiakoak ez direnekin dituen harreman sozialak dira lotura sozial lotesleak. Oro har, lotura sozialak garatzeari garrantzia emateak big data ezartzea errazten du, bi ikuspegitatik:

  • Familiaren ikuspegitik, familiako belaunaldi desberdinetako kideen arteko elkarreragina handia izateak aukera teknologikoak eskain ditzake. Belaunaldi berriek ikuspegi berritzaileak eskaintzen dituzte, belaunaldi helduagoek ez bezalako prestakuntza eta esperientzia dituzte eta ingurune digitaletan lan egitera ohituago daude. Belaunaldi helduen big data-rekiko hasierako mesfidantza orekatzen laguntzen du horrek guztiak.
  • Enpresarekin loturarik ez duten pertsonekiko interakzioek big data ezartzea sustatu dezakete. Ildo horretan, arloko adituekin eta enpresaren bezeroekin asko hitz egitea eta familiakoak ez diren profesional adituak sartzea lagungarriak izango dira familia enpresak big data-rekiko interes handiagoa izateko.

Familia identitatea

Familiaren eta enpresaren arteko lotura estuek, sarritan, familia enpresak nortasun berezia izatea eragiten dute. Horregatik, familiaren estatus soziala enpresaren nortasunarekin oso lotuta dago. Hala, familiaren ospe ona zaintzeari garrantzi handia ematen dioten familia enpresek big data ezartzeko joera txikiagoa izan ohi dute.

Mota horretako inbertsioek bai ondare ekonomikoa bai familia enpresaren ospea eta estatusa arriskuan jar ditzaketelako izaten dute uzkurtasun hori. Gainera, big data-k arazo legalak eragin ditzake pribatutasunari eta datuen babesari dagokienez, baita arazo etikoak ere, hirugarrenen informazio pertsonala gorde eta erabiltzearekin lotuta.

Arrazoi horiek guztiek enpresaren ospean eta familiako kide izatearen harrotasunean eragina izan dezakete. Hori ikusita, nortasuna eta ospe ona babestea lehenesten duten familiako kudeatzaileek big data ezartzeko joera txikiagoa izango dute.

Atxikimendu emozionala

Familia enpresa, gainera, familiako kideek beren segurtasun, kidetasun eta kohesio beharrak asetzeko lekua da. Lotura emozionalak bereziki indartsuak dira familia enpresetan, familiako kideek beren erakundearekin epe luzeko harreman estua dutelako.

Horren ondorioz, enpresen barruko aktibo ukigarri eta ukiezinekin lotura handiak sortzen dira. Hala, zenbat eta indartsuagoa izan atxikimendu emozionala, orduan eta zailagoa da kudeatzaileentzat berrikuntza teknologikoa bete-betean ezartzea, giza baliabideak eta familia enpresaren jardunbidea birkonfiguratzea eskatzen duelako.

Big data behar bezala ezartzeko arazoak egongo dira, erabakiak hartzen dituzten familiako kideek langile zaharrak rol berrietarako "birziklatzea" hobesten badute, baita langile horiek teknologia berrien konplexutasunari aurre egiteko behar diren trebetasunak eta ezagutza ez izan arren ere.

Beste alde batetik, familia enpresak historikoki izan duen funtzionamenduarekiko atxikimendu emozionala zailtasun gehigarri bat izan daiteke teknologia berriak ezartzeko; big data, kasu. Beraz, atxikimendu emozionala lehenesten duten familiako kudeatzaileek big data ezartzeko joera txikiagoa dute.

Familia loturak berritzea, oinordetza dinastikoaren bidez

Etorkizuneko belaunaldietan erakundea familiaren kontrolpean mantentzea da familia enpresaren ondare sozioemozionalaren beste lehentasunetako bat. Premisa horretan oinarrituz, familiako kideek hartutako erabakien epe luzeko inplikazioei eta inpaktuari lehentasuna emateko joera dute.

Etorkizunarekin konprometituta dauden familia enpresek, berriz, berrikuntza teknologikoetara baliabideak bideratzeko joera handiagoa dute, nahiz eta horiek emaitzak lortzeko denbora luzea eskatu. Big data-ren arloko inbertsioekin horixe gertatzen da; izan ere, errentagarritasun handiena lortzeko, 10 edo 15 urte inguruko epea behar dute.

Beste alde batetik, familia dinastia bat garatuz gero, jabeek enpresaren kontrola hurrengo belaunaldiaren esku uzteari buruzko hausnarketa sakona egin behar dute. Horren ondorioz, enpresak bere inguruneko baldintza aldakorrei aurre egiteko duen gaitasuna hobetzeko pizgarri handia sortzen da.

Hala, big data teknologiak ezartzea ekonomia digitalizatu batean enpresaren etorkizuna bermatzeko belaunaldiz gaindiko inbertsiotzat hartuko dute familiako jabeek.

Familia enpresa eta big data, etorkizuna duen aliantza bat?

Familia enpresek arrakasta lortzeko, aldaketetara egokitzeko gaitasun naturala indartu behar dute. Horrela, epe luzera, beren ondare ekonomikoa eta sozioemozionala zaintzea eta, ahal den neurrian, handitzea lortuko dute.

Horixe egin dute historian zehar eta horixe egingo dute etorkizunean, beharragatik edo konbentzimenduz, big data-ren pareko aldaketa disruptiboen edo etortzear daudenen aurrean. Ildo horretan, big data-ren onura potentzialak urteetan landutako balio errotuen, esperientzia luzearen eta ezagutza metatuaren osagarri gisa erabiltzeko aukera dute familia enpresek.

Informazio kopuru handiak abiadura handian prozesatu ahal izatea lehiatzeko abantaila bat da merkatu gero eta globalago eta dinamikoagoan. Horregatik, aurrez azaldutako ondare sozioemozionalaren kontzeptuan oinarrituta, informazioa ondo kudeatzeak luzaroan irauten lagunduko dio familia enpresari.