euskaraespañol

Unibertsitate Orientazioko Azoka

UPV/EHUk ikasturte berrirako eskaintza aurkeztuko du larunbat honetan Farmazia Fakultatean

Eskaintzen diren 92 graduetatik, hiru dira gradu bikoitzak eta hiru hezkuntza dualekoak, nazioarteko hogei gradu bikoitz egiteko aukera ere eskainita

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/31

Larunbatean, otsailak 3, 9:00etan hasi eta 14:00ak arteko ordutegian, Arabako campuseko Farmazia Fakultatean (Unibertsitatearen pasealekua, 7. 01006 Vitoria/Gasteiz), Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak 2018ko Unibertsitate Orientazioko Azoka egingo du.

Orientaziorako Azokek aukera ezin hobea eskaintzen diete etorkizuneko ikasleei UPV/EHUren gradu ikasketak gertutik ezagutzeko, hala nola unibertsitatera sartzeko prozedura. Hain zuzen ere, 2018-2019 ikasturtean, Euskal Herriko Unibertsitateak 92 gradu eskainiko ditu hiru campusetan. Horietarik hiru gradu bikoitzak dira, eta hiruren artean bat berrikuntza: Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitza datorren ikasturtean ematen hasiko da Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan. Beste bi gradu bikoitzak hauexek dira: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza eta Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza. Azken horrek 2017an gutxieneko notarik altuena izan zuen UPV/EHUn: 12,882. Halaber, nazioarteko 20 gradu bikoitza egin ahal dira. Nazioarteko gradu bikoitz horietan, bi unibertsitate titulu lortzen ditu ikasleak, bat UPV/EHU emana, eta bestea atzerriko unibertsitateak (https://www.ehu.eus/eus/-/upv-ehuk-nazioarteko-20-gradu-titulazio-bikoitz-eskaintzen-ditu). Beste hiru gradutan (Automobilgintzaren Ingeniaritza, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, eta Prozesu eta Produktuen Berrikuntzaren Ingeniaritza) prestakuntza duala eskaintzen da. Sistema berritzaile horretan ikasleek inguruko enpresetan eskuratzen dituzte hainbat gaitasun.

Unibertsitate Orientaziorako Azoketara interesik duen edonor hurbil daiteke, baina bereziki unibertsitate-aurreko ikasleei, haien gurasoei eta bigarren hezkuntzako irakasleei zuzenduta daude. Bertan UPV/EHUko graduei buruzko informazioa aurkituko dute, eta zentro guztietako irakasleek eta Orientazio Zerbitzuko langileek arreta egin eta zalantzak argitzen lagunduko diete egin behar duten ikasketen aukeraketan, banan-banan zein taldeko informazio saioen bidez.

Halaber, unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazioa emango diete ikasleei unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun -programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere. Nahi izanez gero, Orientaziorako Azokaren egunean bertan, campus bakoitzeko unibertsitate-egoitzak bisitatzeko aukera izango da. Larunbat honetan, Arabako Campuseko Tomás Alfaro Fournier egoitza.

 

Bizkaiko campusean

UPV/EHUren Unibertsitate Orientaziorako Azokak hiru campusetan egiten dira; ondoz ondoko hiru larunbatetan. Gipuzkoako eta Arabako Campuseen ostean, azkena Bizkaiko Campusean izango da, otsailaren 10ean, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Lehendakari Agirre hiribidea, 83. Sarriko, Bilbo) eta Bizkaia Aretoan (Abandoibarra, 3). Azken egoitza horretan osasun arloko ikasketak aurkeztuko dira.

Informazio osoa: www.ehu.eus/eu/web/sou/unibertsitate-orientaziorako-azokak

Unibertsitate orientaziorako azoka hauek, UPV/EHUk urterik urtera sarbiderako programaren barruan burutu ohi dituen jardueren barruan kokatu behar dira, unibertsitate aurreko ikasle guzti-guztiek ikasketa aukeratu baino lehen informaziorik zabalena izan dezaten. UPV/EHUk urtero garatzen du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan kokatuta daude, haren bigarren fasean, hain zuzen. Eta, programari amaiera emateko, Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira, martxoan. Horietan parte hartzeko, otsailaren 19etik 25era bitartean eman beharko da izena, unibertsitateko web gunean: www.ehu.eus/sou/jardunaldi-irekiak.