euskaraespañol

G-9a kezkatuta dago ikerketako langileen kontratazioan egon diren lege aldaketengatik

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/11

Irudia
G-9ko Ikerketa Sektoriala | Argazkia: UIB

G-9ak adierazi du kezkatuta dagoela unibertsitateko kudeaketan eta, zehazki, ikerketa eremuko lan kontratazioaren arloan eragin negatiboa duten arau aldaketa etengabe eta neurriz kanpokoengatik.

Ikerketa Sektoriala kezkatuta agertu da berriki egindako lege aldaketek ikertzaileen kontratazioan izan duten eraginagatik; izan ere, kontratazio mota hori lotuta egon ohi da Europako, estatuko eta autonomia erkidegoko proiektuen behin-behinekotasunarekin eta aldizkakotasunarekin, eta horrek kaleratze kolektiboak eta funts horien kontura kontratatutako ikertzaileen kudeaketa konplexuagoak ekar ditzake. Hori dela eta, G-9ko unibertsitateek ikertzaileak erakartzeko eta atxikitzeko tresnak argiago zehazteko eskatzen dute, legeak ez zehaztearen ondoriozko segurtasun juridikorik eza saihesteko. 

Bestalde, ikerketa karreraren etapa goiztiarretan egin berri diren lan aintzatespenen ebaluazio positiboa egiten du Sektorialak. Hala ere, zuzkidura nahikorik ez duten etengabeko deialdiek unibertsitate autonomian dituzten ondorioez ohartarazi du; izan ere, deialdi horiek behar bezala gauzatzeko unibertsitateak funts propioak erabiltzera behartuta daude, eta horrek kalte egiten dio zientzia, ikerketa eta berrikuntza politika propioak hedatzeko behar duten autonomiari. Horregatik, erakunde finantzatzaileei eskatzen die unibertsitateak beren gain hartzen ari diren kostu planifikatu gabeak konpentsatzeko, bai eta etorkizuneko deialdietan kontratua amaitzearekin lotutako kalte-ordainei aurre egiteko beharrezko aurrekontu zuzkidurak aintzat hartzeko ere.

Azkenik, Zientziaren Legea aldatzeari dagokionez, G-9ko unibertsitateek uste dute galdu egin dela enpresa ingurune ekonomikoarekin elkarlanean ikertzeko eta transferentziarako kanpo finantzaketa erakartzea ahalbidetuko duen jarduera esparru bat sortzeko aukera. Ildo horretan, taldeak espero du Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak beharrezko mekanismoak ezartzea egoera horri buelta emateko eta gure unibertsitateetan sortutako ezagutzaren transferentzia eraginkorra egiteko beharrezko tresnak eskaintzeko.

Unibertsitateetako G-9 Taldea

Unibertsitateetako G-9 Taldea (G-9) unibertsitateek osatutako elkartea da, eta beren autonomia erkidegoan  unibertsitate publiko bakarrak diren erakundeek osatzen dute: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Universitat de les Illes Balears, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea. Elkartearen helburua da taldeko unibertsitate erakundeen arteko harremanak indartzea, besteak beste, unibertsitate komunitatearen irakaskuntza eta ikerketa jardueretan lankidetza sustatzeko.