euskaraespañol

Bulkada berri bat Gasteizko Erdi Aroko historia sustatzeko

UPV/EHUko argitalpen zerbitzuak Arabako hiriburuko 1428ko udal akten liburua argitaratu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/07/18

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen zerbitzuak ‘Libros de Cámara del Concejo. Actas municipales de Vitoria (1428)’, argitaratu berri du, Erdi Aroko Gasteizko historia sustatzeko helburuarekin sortutako obra.

UPV/EHUn Historian, Paleografian eta Diplomatikan, Arkeologian eta Filologian adituak diren espezialistek osatutako ikertalde baten lan eta ahalegin kolektiboaren emaitza da liburua. "Duela urte batzuk, gure ikertaldeak 1428 eta 1500 urteen arteko Gasteizko Udal Aktak transkribatu, editatu eta aztertzeko egitasmoari ekin zion. Gaur hasi gara haiek argitaratzen, komunitate akademikoari eta gure herrikideei zuzenduta, Behe Erdi Aroko Gasteizko gizartearen azterketa bultzatzeko helburuarekin; iturri argitaragabeetatik berreskuratutako historia da, topikorik gabea, zorroztasun zientifikotik eta historia konparatutik landuta", diote ikertzaileek. Gasteizko historiarako funtsezko dokumentazioa da hori. Erdi Aroko hiri ertaina da Gasteiz, 5.000 biztanle inguru dituena XV. mendearen amaieran; nekazaritza eskualde baten kokatuta egonik, Euskal Herriko kostako lurraldeen bihitegia da.

Liburuki hau ‘Libro de Cámara del Concejo de Vitoria’-ko 1428ko aktez arduratzen da. Urte horri dagozkion testuekin batera, hiru azterlan datoz. Lehendabiziko biek, azken aurkikuntza arkeologiko eta dokumentaletatik abiatuta, Gasteizko ‘hinterland’-aren mugak zehazten dituzte; defentsa sistema eta bide sarea aztertzen dituzte eta Gasteizko Mendi Garaietako espazioa ikertzen dute, funtsezko paisaia produktiboa baita hura hiriaren bilakaera historikoan, bertan bazkatzen baitziren aziendak, eta zura, egurra, ikatza, teilak, harria edo elurra lortzen baitzuten biztanleek, eta handik zetorkien edaten zuten ura, gailu hidraulikoak mugiarazten zituena edo baratzeak ureztatzeko ere erabiltzen zutena. Hirugarrenean, ikuspegi diplomatiko eta historikotik, Aktetan datorren informazioa ulergarriagoa eta erabilgarriagoa egiteko moduari heltzen zaio.

Ikerketek behar den zorroztasun zientifikoa eta dibulgazioa uztartzen dituzte, ahalik eta publiko zabalenera iritsi ahal izateko, hiria bisitatu eta haren historia ezagutu nahi dutenak ere aitzat hartuz. “Gasteizen aktiboetako bat bere historia da, eta haren ezagutzak eragin erabakigarria du bere irudian, hiri markan”, azpimarratu dute.

Informazio gehigarria

Liburua José Antonio Munita Loinaz, Agurtzane Paz Moro, Ismael García Gómez, José Rodríguez Fernández, Ana Galdós Monfort eta José Ramón Díaz de Durana Ortiz de Urbina (koordinatzailea) idazleek idatzi dute, eta Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen zerbitzuaren ‘Inéditos de Historia’ bildumakoa da liburua.

Erdi Aroko eta Aro Modernoko dokumentu historikoak ezagutarazten dituzten monografiak argitaratzen ditu bildumak, diskurtso historiko orokorrarekin lotuta eztabaida historiografikoari ekarpen berritzaile eta garrantzitsua eginez.

'Los libros de Cámara del concejo. Actas Municipales de Vitoria (1428)'-ren aurkezpena - YouTube