euskaraespañol

Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrenean memoria-ariketa: GERNIKA(K)/GUERNICA(S)

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/04/26

Irudia
Ezkerretik eskumara: Izaro Arroita, Pio Perez, Amaia Elizalde, Miren Ibarluzea, Mari Jose Olaziregi, Ana Gandara, Mikel Ayerbe, Nagore Fernandez, Ainhoa Urzelai eta Ismael Manterola | Argazkia: Ikor Kotx

Euskal Herriko Unibertsitateko Memoria Historikoa Iberiar Literaturetan (MHLI) ikertaldearen jardunaren baitan, aurtengo ekaineko Nazioarteko Kongresuan Gernikako bonbardaketaren errepresentazio kulturalak eta Picassoren koadroaren eguneratze eta fenomeno transmedialak aztertuko dituzte, eta hiru erakusketa prestatu. 

"87a ez da ospakizunetarako zenbaki borobil bat, baina zehatz-mehatz, 1937ko apirilaren 26ko Gernikako Bonbardaketatik iragan diren urteak direla-eta, gogoratzeko modukoa da aurtengo urtemuga ere, oroitzea, akorduaren transmisioa eta memoria bizirik mantentzea baitira ahanzturaren zulo sakonari aurre egiteko moduak", diote antolatzaileek. "UPV/EHUko komunitateak 'Bakea, Justizia eta Instituzio sendoak' 16. Garapen Iraunkorraren Helburuarekin duen konpromisoarekin bat, gertakari historikoa ez ezik, gogorazi nahi genuke baita hari buruzko ikerketa eta hedapen-lanetan ari den Memoria Historikoa Iberiar Literaturetan ikertaldearen lana".

'Gernika(k): trauma historiko baten errepresentazioak, transmedialitatea eta birsemantizazioa' du izena (PID2021-125952NB-I00, MCIU 2022-2025) (2022-2026) Mari Jose Olaziregi buru duen ikertaldearen proiektu nagusiak, zeinaren helburua den aztertzea, batetik, Gernikaren bonbardaketaren errepresentazio garaikidea, eta bestetik, Picassoren Guernica artelan ezagunak bultzatu dituen birsemantizazioak eta prozedura transmedialak.  

Testuinguru horretan kokatzen da 'Gernika(k)/Guernica(s) Nazioarteko Kongresua', UPV/EHUko Udako Ikastaroen programaren baitan 2024ko ekainaren 13an eta 14an gauzatuko dena. Gernika-Lumon bertan ospatuko da biltzarra, eta nazioarteko zein bertoko adituen hitzaldiak eta komunikazioak ez ezik, memoria gaietako erakundeen ordezkarien mahai-ingurua izango da. Hizlarien artean, besteak beste, Stefanie Schüler-Springorum (Technische Universität Berlin), Xabier Irujo (CBS), Maitane Ostolaza (Université de Perpignan) izango dira. Halaber, Gernikako memoria-lekuetan barna ibilbide gidatua egiteko aukera izango dute parte-hartzaileek, bai eta ikertaldeak antolatutako hiru erakusketak bisitatzeko ere. 

Kongresuaren irudia UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean egindako irakaskuntza-prozesu baten emaitza da. Biltzarra, Gernika, bonbardaketa eta Picassoren margolana aitzakiatzat hartuta, Sorkuntza eta Diseinu Graduko 3 taldek kartel-sorkuntzari buruzko ariketa bat gauzatu dute, eta sortutako irudien artetik Amets Leriarena hautatu da kongresua iragartzeko. Ikasleen lanen kalitateren argitan, biltzarreko egunetan lanok ikusgai izango dira Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. 

Aurrekoa ez da izango ikertaldeak Gernikan eskainiko duen proposamen artistiko bakarra. Kultur Etxeko Elai Alai aretoan Artearen memoria hezkuntzan erakusketa ere izango da. Erakusketa horrek ikertaldeko kideek Unibertsitatea-Gizartea proiektu baten bidez landutako proposamen didaktikoa du oinarrian eta sorkuntza eta arteak ikerketa eremu eta bide izanik, Euskal Herrian XX. mendean zehar eragin sakona izan duten gatazkak haur eta gazteengana hurbiltzeko sortu da, horien inguruan kritikoki eta sormenez hausnartzeko. Erakusketak proiektuaren oinarriei buruzko datuak jasotzen ditu, bai eta materialaren sorkuntza-prozesuko eta ikasgeletako pilotajeetako materialak ere. 

Halaber, ikertaldeak Gernikako Bakeraren Museoarekin hitzartutako Memoriartean proiektuaren baitan, Xabier Erkiziaren Aire errea soinu-instalazioa aurkeztuko da Gernikan, bizirik irten zuen lekuko batek emandako deskribapenean oinarrituta. Artistak lekukoaren nozioa bere egin eta gerraren zarata kontzeptuari buruzko hausnarketa egiten du. 

Bada, gerraren soinuei, gatazka lantzeko hezkuntza-materialei zein Gernikaren gainerako isla artistikoei buruz hausnartu nahi izatera, aukera paregabea da UPV/EHUko kideek antolatutako ekitaldi-multzoa. Xehetasun gehiagorako eta izen-emateko, jo ikertaldearen webgunera (https://mhli.net/gernika/) eta Uda Ikastaroen webguneara: https://www.uik.eus/eu/jarduera/nazioarteko-kongresua-gernikak-guernicas-trauma-historikoaren-birsemantizazioak